Liburutegiak daukan garrantzia azaleratzeko jardunaldiak

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 21a, 09:33

2017an egin zuten lehenengoz Giza Biblioteka.

Arrasatek ere bat egingo du Bibliotekaren Egunarekin urriaren 24an, eguen honetan, eta hainbat ekintza antolatu dituzte, "liburutegiaren garrantzia azaleratzeko" helburuarekin. Giza Bibliotekaren hirugarren edizioa izango da jarduerarik azpimarragarrienetako bat.

1997tik ospatzen dute Bibliotekaren Eguna urriaren 24an, Espainia mailan, eta Arrasaten ere urtero egiten dute bat ekimen horrekin. "Helburua da liburutegiaren garrantzia azaleratzea, irakurleen elkargune bezala, eta formatzeko eta irakurketak partekatzeko tresna bezala. Aldarrikapen puntu bat ere badauka, liburutegiak babestu behar direla eta aurrekontu duinak izan behar ditugula adierazteko", dio Asun Agirianok, Arrasateko Udal Bibliotekako liburuzainak.

Urriaren 2an hasi ziren egun horren bueltako ekintzekin, 5-6 urtetik gorako haurrei zuzendutako ipuin kontaketa ilustratu batekin. Orain, beste hainbat ekintza dituzte aurretik.

Giza Biblioteka, urriaren 24an

Ekintza nagusietako bat Giza Biblioteka da. 18:00etan egingo dute, Kulturateko klaustroan. "Mundu mailako egitasmoa da, baina guk duela bi urte jarri genuen martxan, eta aurten, hirugarren edizioa izango da. Liburuak pertsonak izaten dira. Beraz, esateko zerbait duten herritarrak gonbidatzen ditugu, eta horiek liburuak izaten dira. Euren istorioa liburua da, eta entzule moduan pertsona bat edo pare bat jartzen ditugu; horiek irakurleak dira. Horiek galdetzeko aukera daukate, eta solasaldi bat sortzen da euren artean". Gazteei eta helduei zuzendutako ekimena izango da.

Orain arteko balorazioa ona izan da, Agirianoren esanetan. "Jendeak interesa erakusten du, eta hurbildu egiten da. Batzuk ezagunak dira, beste batzuk ezezagunagoak, bertako jendea eta baita etorkinak ere. Aniztasun handia egoten da, eta hori polita da. Beraz, gure ateak irekita daude. Liburuak apaletan egon daitezke, baina egun horretan liburuak pertsonak dira, eta haiek hartzen dute protagonismoa. Lan handia izaten da jendeari ekimena azaltzea eta konbentzitzea, batzuek ez dutelako ondo ulertzen".

Literatura jolasak haurrendako

Bestalde, Xango-Mango literatur jolasak egingo dituzte urriaren 24an eta 30ean, 11:00etan, lehenengoan Santa Marinako auzo bibliotekan eta bigarrenean Kulturateko haur bibliotekan. "Lehendik, Saroa Bikandik eman ditu ikastaro batzuk hemen, ume jaioberrien gurasoei zuzendutakoak. Masaje moduko bat da, aldi berean kantatuz eta jolasak ikasiz. Oraingoan ere antzeko jarduera burutuko du. Ume txikiei eta gurasoei bideratuta dago, baina baita aitonaamonei edota zaintzaileei ere".

Goi mailako errezitaldi musikatua, egubakoitzean

Urriaren 25ean, 19:30ean, Fruitu arraroak errezitaldi musikatua egingo dute Harkaitz Canok eta Maite Larburuk Kulturateko areto nagusian. "Maite Larburuk aurten disko berri bat kaleratu du, Hezurren azpian izenekoa. Haiek diote fruitu arraroen bilduma bat eskainiko dutela. Billie Holidayk arrazakeriaren aurkako abesti bat egin zuen, eta Harkaitz Canok horrekin lotu du bere poema errezitaldi hau".

Martxoan emanaldi bat eskaini zuten, Bilboko Arriaga antzokian, eta bigarren emanaldia Arrasaten egingo dute. "Musika eta literatura, euskaraz. Herritarrei eskatzen diegu, gogoa edukitzeaz gain, kuriositatea piztuta edukitzea, kuriositatea ezagutzaren motorra baita", dio Agirianok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak