"Hondarribian, oso mingarria zen emakumeak emakumeen aurka ikustea"

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 11a, 10:02
Etxabe, San Juan Bataiatzailea parrokia kanpo aldeko eskaileratan jazarrita.

Viktoriano Etxabe da Arrasate parroko berria. "Presiorik gabe" dator, aspaldiko lagun duen Horaziori lekukoa hartzeko. Domekan esan zuen lehen meza San Juan Bataiatzailea parrokian, 56 urte bete berritan.

Arrasate izango da bere etxe berria, eta adaptazio asteak ditu orain aurretik.

Zer moduzkoak izan dira zure lehen hartu-emanak Arrasaten?

Harrera oso ona izan da. Niretzako, oso pozgarria izan da nire aspaldiko lagun Horazio zein maitatua den ikustea. Bere alboan egin ditut lehen urratsak, eta oso pertsona onartua dela ikusi dut. Badakit Arrasateko eliza komunitateak oharra kaleratu zuela, minduta eta haserre, eta normala iruditzen zait.

Horri buruz galdetu nahi nizun. Zer sentitzen du haren ordez datorren apaizak halako ohar bat ikusita?

Esan dizudan moduan, Horazio zein maitatua izan den ikustea polita da, eta eskertzekoa da halako idatzia atera izana. Norbaitek pentsa dezake niri presioa sartzen didala era horretako idazki batek, baina ez dut hala ikusten. Gotzainak Oñatira joateko esan zion, eta niri, berriz, Arrasatera. Ez zegoen beste aukerarik. Biok baiezkoarekin erantzun genion, aurkakoa egitea itsusia izan daiteke eta.

"Ni ez naiz ez feminista, ezta matxista, baina emakumeek beren lekua behar dutela defendatzen dut; hori errespetatu beharra dago".

Aspaldiko lagunak zarete Horazio eta zu?

Aspaldi ezagutzen dugu elkar, eta harreman ona daukagu. Orain, gainera, elkarrengandik gertuago gaude, eta hori lagungarri izango zaigu.

Apaizentzako, lekuz aldatzea eguneroko ogia da, hein handi batean?

Ni Hondarribitik nator, jakingo duzunez. 2014ko martxoan hasi nintzen bertan, eta, hasiera batean, sei urteko egonaldia egitera joan nintzen. Ostean, alardea dela eta ez dela, hautsak harrotu nituen, eta espero baino lehen amaitu zen nire egonaldia. Baina, hasiera batean, aldatzera ohituta egon behar dugu.

Hondarribia eta alardea aipatuta, albiste freskoak egon dira asteon, alarde tradizionaleko gazte talde bat emakumeek parte hartzearen alde lerratu baita. Albiste pozgarria irudituko zaizulakoan nago...

Bai, bai. Alde egin nuenean, zera izan zen esan nuen gauza bakarra: "Horrela ezin dugu jarraitu; hitz egin behar dugu". Niretzako, jasangaitza zen sufrikario hori ikustea: emakumeak emakumeen aurka. Are gehiago, historikoki emakumeek jasan izan duten zapalketa ikusita. Ni ez naiz ez feminista, ezta matxista, baina emakumeek beren lekua behar dutela defendatzen dut. Hori errespetatu beharra dago. Aurtengo alardea hobeto joa da, eta orain, gazte talde hau azaldu da, besteak beste, "hitz egin behar dugu" esanez.

60ko hamarkadan, Rikardo Arregik esan zuen Elizak karta guztiak jokatuta zituela, eta nik ere antzera ikusten dut.

Fedearen gainbehera agerikoa da: fededun kopurua, bataioak... horren aurrean zer egin behar du Elizak?

Fedearen gainbehera ez da hemengo arazo bat soilik. Europa mendebalde osoan gertatzen da, baita Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan... Baina konponbidea, nire ustez, ez da zabalkundea edo inboluzionismoa. 60ko hamarkadan, Rikardo Arregik esan zuen Elizak karta guztiak jokatuta zituela, eta nik ere antzera ikusten dut. Fedearena sinpleagoa da: sinisten duzu edo ez duzu sinesten. Zure andrea maite duzu edo ez duzu maite dikotomia bezala da. Zure emaztea maite baduzu, aurrera joan zaitezke, baina, ez baduzu maite, hobe duzu lehenbailehen utzi.

Mundu asko ikusitakoa zara. Zenbat tokitan egondakoa zara?

Frantzia, Alemania, Errusia, Ingalaterra, Ukraina, Egipto, Peru... bertan urtebete luzeko egonaldia egin nuen 24 urterekin, eta ostean, hainbat aldiz itzuli naiz; aurten, azken aldiz. 1991n, adibidez, Hego Amerika osoa egin nuen, goitik behera. Ez nintzen Venezuelan egon, ez baitauka harri potolorik.

Lan berriarekin, bidaiatzeko aukerarik bai?

Konponduko gara Horazio eta biok. Niri on egiten dit urtean behin bidaia handi bat egiteak, eta, meza kopurua jaisten denean, Horaziorekin negoziatuko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak