Banoa... zer jantziko dut?

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko urr. 4a, 11:25

Maritxu Kajoi egunean dotore jantzita kuadrilla.

Maritxu Kajoi eguna iritsi da. Zer jantzi pentsatu gabe? Lourdes Martinez diseinatzailearen eta jostunaren aholkuak jaso ditu Puntua aldizkariak dotore eta egoki irteteko gaurko egunez, Arrasaten. Puntua astero etxean jaso nahi?

Maritxu Kajoi ospatuko dute gaur Arrasaten, txikiteroen jaia. 1977a ezkero ospatzen dute, urriko lehen egubakoitzean, urteko egun dotoreena. Egun berezia izaten da, maitatua, arrasatearrek mimoz prestatzen dutena. Gaur, garrantzi berezia hartzen du janzkerak; esan daiteke hori dela jaiaren beraren muina.

Garai bateko janzkera izaten da protagonista. Baina gaurko eguna iritsi eta oraindik ezer prestatu ez duenak zer egin dezake? Azken orduan erabaki duenak kalera irtetea zer jantzi dezake? Moda diseinatzaile eta jostun Lourdes Martinezek hainbat aholku eskaini ditu dotore eta egoki irteteko Arrasaten.

Kolore beltza

"Garai bateko soinekoak dira egokiak Maritxu egunerako; baina ulertzen dut egungo gazteek ezin dutela neurrira egindako soinekorik egiten dirua gastatu. Etxean duten arropekin kalera irten arren, osagarriei garrantzia eman", azaldu du diseinatzaileak.

Armairuko arropen artean soineko beltza aukeratzea gomendatzen du Martinezek; eta, soinekorik izan ezean, gona eta alkandora beltzak. "Beltza ez duenak kolore iluna aukera dezala; baina nik Maritxu Kajoi arropa beltzarekin lotzen dut".

Oinetakoen kasuan, gaur egun Martens botak asko ikusten diren arren, Martinezek dio askoz ere egokiagoak direla bestelako oinetakoak: "Takoidun zapata bat, adibidez; eta oinetako lauak gura dituenak mokasinak edo manoletinak... egokiagoak dira", dio.

Parpaila eta perlak

Osagarriak aukeratzerakoan indarra jarriz gero, ukitu berezia hartuko du look-ak. "Niretzako, oso osagarri egokia da poltsa; baina denek ez dute balio. Izan behar du garai batekoa... amamarena edo".

Horrez gain, Maritxu Kajoi eguna dela adieraziko duten beste osagai batzuk izan daitezke: "Eskularruak, luze geratuko diren mitoiak, perlak.... Horiek garrantzitsuak izango dira, eta samur aurki daitezke. Beharbada, jende gazteak ez du perlarik izango, baina etxean amak edo amonak izango ditu. Izan daiteke lepokoa, izan daitezke belarritakoak, eskumuturrekoa...", azaldu du Martinezek.

Jantziaren gainetik xal bat eraman daiteke; parpailazkoa baldin bada, hobeto. "Horietako xal bat besoetan botata eraman daiteke", dio moda diseinatzaileak. Lepoan zintzilik camaceo bat eramanez gero, ukitu zaharkitua hartuko du look-ak.

"Bestalde, tul apur bat izanez gero, diadema bati josi eta buruko bat egin daiteke", dio jostunak.

Poltsikoko erlojua

Gizonezkoen kasuan, trajea izaten da egokiena. "Trajea iluna baldin bada, hobeto", dio Martinezek. Trajeak txalekoa baldin badu, hobeto: "Txalekoarekin beste ukitu bat lortzen da; eta txaleko horri poltsikoko erlojua jartzen badiogu, askoz ere hobeto. Erlojurik ez duenak katea bakarrik ipini dezake zintzilik", gehitu du.

Beste osagarri egoki bat bastoia izango dela dio, baina "egokia; ez du edozerk balio. Eta, look-a osatzeko, osagarri egokia izango da xistera bat edo onddo-kapela", azaldu du Martinezek.

Gorbatari eusteko pintza bat eramatea ere berezia izango dela dio: "Gaur egun, ez dira eramaten, baina lehen, eramaten ziren pitza horiek". Hala, aholku horiek guztiak kontuan hartuta, zabaldu armairua, egin aukeraketa eta gozatu jaiaz!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak