Etxafuegoekin Maritxu Kajoi egunari hasiera eman ostean, 17:30ean Kantu eta dantza ikuskizuna egingo dute Potx eta Lotx pailazoek, Seber Altube plazan. 18:00etan, BraZZtet MV Brass Band talde ibiltariak jazz ukituko kalejira hasiko du Herriko Plazan, eta 19:00etan, Oria Txaranga beteranoaren txanda izango da. 20:30ean, lore eskaintza egingo diote Maritxuri: "Datorren urtien danok egon gaittezen". Eta 21:00etan, Sakatu elektrotxarangakoek jarriko dute martxa. Amaitzeko, 00:00etan, bi dantzaldi izango dira aldi berean: Herriko Plazan Luhartz taldearekin eta txosnagunean DJ Jotatxok jarriko dituen doinu dantzagarriekin.
Zerbitzu bereziak
Sanjuanetan moduan, arreta eta aholkularitza postu bat egongo da indarkeria matxista kasuekin lotuta –baita telefonoa: 688 80 91 37–. Bestalde, Ai Laket!-eko lagunek botilatzarra egiten duten nerabeekin prebentzio lanak egingo dituzte, eta droga testing zerbitzua jarriko dute Monterronen, 22:00etatik 02:00etara.
Maritxu, Goiena telebistan
Gaur, 22:00etan, miraria HD saioan; asteleheneko HD saioan –18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan– Maritxu Kajoi jaiari eskainitako tartea; eta martitzenean, Jaiak saioa 21:00etan eta 23:00etan.
Herriko pizzeriak, "beldurtuta"
Ohikoa izaten da edozein festaren biharamunean pizzak eta halako jaki bizigarriak jatea. Ondo baino hobeto dakite hori Arrasateko lau pizzerietako langileek, urteko egunik gogorrenetakoa izaten baita eurentzako Maritxu osteko eguna; domeka zaporea izaten duen zapatu hori, alegia.
"Urteko egunik lanpetuenen artean dago Maritxu Kajoiko zapatua, duda izpirik gabe; jada beldurtuta gaude. Maritxu egunean, bazkariak eta afariak ematen ditugu, baina osteko zapatuan are lan gehiago izaten dugu. Hori dela eta, festa arriskutsua da Maritxu guretzat, gauez gehiegi irtenez gero, zapatuan majo ordaintzen dugu eta! Jende askori ezin izaten diogu zerbitzua eman, eta gosez datozen askok itxaron beharra izaten dute. Baina halakoetan, jendeak ulertu behar du 80 pizza inguru egiten ditugula, pizzek euren denbora behar dutela, eta ez direla latan etortzen", azaldu dute Muxibar pizzeriako lagunek. Cassolon ere antzera aritzen dira: "21 urte daramatzagu Arrasaten, eta festen osteko egunak beti dira oso gogorrak; etxean jasotzeko pizzen eskaria igotzea klasikoa da". Pizza Per Tuttikoek diote lan karga antzerakoa izaten dutela Maritxu egunean bertan eta osteko zapatuan. Telepizzakoen kasuan, Maritxu osteko zapatuan %30 inguru handitzen zaie lan karga: "Pizza eta CocaCola ugari saltzen ditugu; beldurrez gaude".