Euskal Kopa irabazi du MUk Baskoniaren aurkako final zirraragarrian

Josu Bilbao Atxutegi 2019ko ira. 29a, 22:07

Arrasateko taldeak bigarren urtez jarraian irabazi du Euskal Kopa, Baskoniari 79-84 irabazita. Martin Buesak hiruko erabakigarria lortu du neurketaren azken txanpan, eta bera izan da lauko finaleko jokalaririk onena. Iturripe lepo bete da eta zale zuri-moreek gogor estutu dute garaipena eskuratzeko.

Final ikusgarria irabazi du MUk Iturripen, zaleen aurrean, Baskoniaren aurka. Euskal Kopako final handia jarraitzeko Iturripeko harmailak bete egin dira, eta Arrasateko zaleek gogor estutu dute, euren taldeari babes beroa emanez. Zuri-moreek duten esperientzia ondo erabili dute partidako une bero eta erabakigarrietan, eta Baskoniak, talde oso gaztea ekarri duenez, esperientzia falta hori nabaritu egin du Iturripeko kantxan.

Horrela, lehenengo laurdenean Baskonia erasoan indartsu eta joko azkarrarekin hasi bada ere, MUko piboten lanari esker markagailua irauli dute etxekoek (14-16). Martin Buesak eta Zach Kirschbaumek puntu garrantzitsuak lortu dituzte erasoan, eta talde lanari esker 23-27 markagailuan goitik bukatu da lehenengo laurdena.

Bigarren laurdenean, Gasteizko taldeak erreakzionatu egin du, eta 32-31koa jarri du markagailuan. Zaleak partidarekin gozatzen ibili dira harmailetan, bi taldeek saskiratze ikusgarriak lortu dituztelako eta partida oso berdinduta joan delako (42-39). Bazirudien atsedenaldira Baskonia agintzen joango zela, baina bigarren laurdeneko azken minutuetan, MUk defentsa sendotu du, eta 47-50koarekin joan dira aldageletara.

Atsedenaldi luzearen ondoren etorri da Arrasateko taldearen erantzun bikaina. MUk defentsa oso sendoa erakutsi du Iturripeko kantxan, eta Baskonia ezinean ibili da erasoan (54-61). Zuri-moreek 11 puntuko abantaila lortu dute (57-68), baina Gasteizko taldeak asmatu egin du erasoan, eta hirugarren laurdena 63-68koarekin bukatu da.

Azkenengo laurden erabakigarrian Iturripeko zaleek gogor estutu dute, eta hasierako minutuetan bi taldeek akats nabarmenak egin dituzte. Hala ere, Baskoniak erasoan jokaldi bikainak egin ditu, eta markagailua iraultzea lortu du 3 minuturen faltan (75-74). Azken minutu erabakigarrira finala oso parekatuta iritsiko zela zirudien (77-77), baina hor heldu da Martin Buesaren hiruko zoragarria. Arerioaren aurrean hirukoa egiteko keinua egin du Buesak, Baskoniako jokalaria tranpan erori egin da, eta MUko pibotak, bakarrik zegoela, hiruko erabakigarria lortu du (77-80). Azken emaitza 79-84koa izan da.

Lauko finaleko beste norgehiagokan, Tabirakok hirugarren postua erdietsi du, Santurtziri 89-55 irabazi ondoren.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak