"Deituz gero, Munillak entzun bai, baina jaramonik ez"

Xabi Gorostidi 2019ko ira. 27a, 10:36

Horazio Argarate, San Juan Bataiatzailea parrokiako irteten. (Argazkia: Xabier Urzelai)

Eibartarrari, agur esateko ordua heldu zaio, herrian hamar urteko egonaldia egin ostean. Arrasatear askorengan arrastoa utzi ostean, domekan esango du Oñatin lehen meza.

Victoriano Etxabe apaiz berria datorren astean helduko da Arrasatera, eta, permuta lanak egiten hasi aurretik, GOIENArekin batzartu da Argarate.

Arrasaten hamar urteko ibilbidea egin ondoren, heldu da agur esateko ordua; zer sentitzen duzu? Zer duzu orain buruan?

Hamar urte ziztu bizian pasa dira, eta badirudi duela egun batzuk hasi nintzela hemen. Aldi oso ona izan dut hemen bizitzan, eta ezin sinistu nago hainbeste denbora pasa denik. Orain, sustraiak moztea eta beste loreontzi baten sartzea tokatzen zait, eta halakotan beti sortzen dira kezkak.

Sinesmen aldetik nola aurkitu zenuen Arrasate duela hamar urte? Eta nola uzten duzu orain?

Txarto. Fedea neurtzea gauza zaila da. Indikatzaileak aurkitzea ez da erraza, baina badaude batzuk. Horietako bat, adibidez, bataioak dira. Hasi nintzenean, nahiko zorrotzak ginen bataio kontuekin. Garai hartan, ume asko bataiatzen zen. Demagun 200 jaiotzatatik 120 bataiatzen zirela, eta haiei bataioa kartara emateko ez genuen astirik. Orain, jaiotza kopurua 200 inguruan mantentzen da, baina bataioak nekez heltzen dira 25era. Eskerrak hegoamerikar asko datozela gurera, eta horri esker eusten diegu bataioei. Azkenean, ez badira bataioak egiten, ez dira jaunartzeak egiten… eta hor Elizarekiko haustura bat sortzen da.

"200 umetatik 120 bataiatzen ziren duela 10 urte; orain, nekez heltzen gara 25era" 

Sinestun kopurua behera doa, apaiz falta… badaude beste indikatzaile batzuk. Zure ustez, zer egin behar du Elizak egoera honen aurrean?

Gipuzkoan, adibidez, badago zer hobetu, nire ustez; batez ere, gotzainaren jarrerarekin. Agintean daudenek zera pentsatzen dute: "Lehen, okertu egin ginen, eta atzera jo behar dugu. Bigunegiak izan gara, ez gara zorrotzak izan gizartearen kontra". Nolabait, iraganeko jarrera autoritarioak jarraituz, antzinako egoerara itzuli gaitezkeela pentsatzea… Hori da inboluzionismo bezala ezagutzen dena, eta gure elizetan indartzen ari den mugimendua. Beste batzuek uste dugu Jesukristok baduela bere mezua, oraindik on asko egin dezakegula, eta, gizarteak mezu hori jaso dezan, gaur egungo hizkuntzan egin behar dugu berba. Fedea galdu aurretik sinesgarritasuna galdu dugu, eta hori da berreskuratu behar dugun lehen gauza. Sokatira horretan gabiltza.

Amarako kasua hor dago; Arrasateko fededunak haserre daude. Zein da zure iritzia Gipuzkoako gotzain nagusiak duen agintzeko moduari buruz?

Aurrekoaren oso ezberdina da. Munilla beti dago artatzeko prest, eta edozein unetan da erantzun bat emateko gai. Setien, zentzu horretan, askoz hotzagoa zen, kontaktatzeko zailagoa, eta bitartekari gehiago erabiltzen zituena. Hala ere, Munillak, entzun bai, baina jaramonik ez. Langile amorratua da, baina irmoa. Ez da bere posiziotik batere mugitzen, eta zera transmititzen dizu: "Egia nik daukat. Ni naiz Donostiako gotzaina, eta uste dut gauzak horrela egin behar direla". Zure alboan jartzeko ez du inongo arazorik, baina ez da zure maila berean jartzen. "Zuk nire maila berean hitz egin ahal izateko Donostiako gotzaina izan beharko zenuke, baina ez daude halako bi, bakarra baizik".

Horazio Argarate, agur keinua egiten. (Argazkia: Xabier Urzelai)

Eliza gaur egungo gizartera moldatzea aipatu duzu, eta pausoak eman dituzu norabide horretan: San Frantzisko desakralizatzearen alde, hileta zibilen alde…

Natural jokatzen dut, eta hala posizionatzen naiz. Adibidez, hileta zibilen kontuan, zera nabarmendu behar da: gaur egun, joera, tamalez, ezer ez egitea dela: ez Elizatik, ez bide zibiletik. Heriotza pribatizatzen ari da, eta ez digu gizatasun gehiago ematen heriotza alboratzeak. Azken agur duina emateko antolatuta egon behar dugu, era batera edo bestera hori bideratzeko: baina ez negozio-mailan, pertsona eta gizatasun mailan baizik. Horregatik, San Frantzisko eliza zibilak egiteko erabiltzea egoki ikusten dut. Fededun bat baino gehiago etorri izan zait horrekin ados ez dagoela esaten, eta ziur frantziskotarrek ere ez dutela begi onez ikusten; baina nire ustez, merezi du.

"Esaldi gordina da, baina, tamalez, hala da: badaude arazoak dituzten pertsonak, eta badaude arazo diren pertsonak"

Askok diote apaiz bezala ezberdindu zaituena behartsuei laguntzeko egin duzun lana dela; batez ere, etorkinen kasuan. Zer-nolako laguntza eman diezu?

Laguntza arlo askotan eman daiteke. Nire kasuan, zeregin administratiboak egiten lagundu izan diet, gehienbat, eta hor, adibidez, errolda sekulako giltza da. Arrasaten jende askori lortu diogu errolda, eta erraztasunak izan ditugu. Nahiz eta etxebizitza egoera kaxkarrean egon, eta nahiz eta etorkinak bertan bizi ez, Udalak malgutasunez jokatu du. Arrasate 20.000 biztanleren muga horretan dago, eta hortik jaisteak eragin handia du Foru Aldundi mailan: dirulaguntzak, zerbitzuak... Baina, adibidez, Aretxabaletan eta Bergaran askoz zorrotzagoak dira horrekin, ez dutelako biztanle kopurua maila batetik gora mantentzeko behar hori.

Laguntzak ere ukatu dituzu?

Denetarik dago. Batzuei lehen bultzada ematea nahikoa da, euren kabuz hegan egiteko. Baina beste batzuek ez dute esfortzurik egiten. Azken hauei lehen bultzada emateko beti nago prest, baina, erantzuten ez badute, iturria moztu behar zaie. Laguntza behar duen jende asko dago, eta merezi ez duten horiekin denbora ez galtzearen aldekoa naiz. Esaldi gordina da, baina, tamalez, hala da: badaude arazoak dituzten pertsonak, eta badaude arazo diren pertsonak.

"Ulertzen dut Arrasateko fededunen haserrea. Sekulako lana egiten dute Elizaren alde, eta lan horren erdi-erdian jotzen duen erabaki bat hartzeko orduan inork ez ditu kontuan hartu"

Zenbat etorkini lagundu diezu?

Nik lagundutako 30 lagunek egin dute bide osoa: paperak lortzen lagundu, lana lortu eta euren kabuz bizi. Bide erdiraino, beste 70 lagun inguru. Eta asko izan dira laguntzen hasi bai, baina laguntza merezi izateko esfortzurik egin ez dutenak.

Zer sentitu zenuen Arrasateko elizkoien oharra irakurrita?

Ulertzen dut euren haserrea. Sekulako lana egiten dute Elizaren alde, eta lan horren erdi-erdian jotzen duen erabaki bat hartzeko orduan inork ez ditu kontuan hartu. Baina zaila zen horri buelta ematea, batez ere, nik hasiera batetik eman nuelako baiezkoa, baldintzarik gabe. Elizan, akaso, ez daukagu sen demokratikoa hain barneratuta, eta baietz esan aurretik eliz komunitatea kontsultatzeko baldintza jarri izan banu...

Horazio Argarate, San Juan Bataiatzailea parrokia barruan. (Argazkia: Xabier Urzelai)

Jaso duzu arrasatearren esker ona?

Oñatira noala jakin zenetik, txunditzekoa izan da jaso dudan maitasuna. Arrasatearrak serio samarrak zarete, orokorrean, sentimenduak agertzeko, baina azken hilabeteetan sentitu dudan afektuak gainditu egin nau. Negar egiterainoko esker mezuak jaso ditut, bat baino gehiago.

Zer moduz oñatiarrekin edukitako lehen harremanak?

Oso jende atsegina aurkitu dut. Parrokia oso ondo estrukturatuta dago, eta Elizak hemen baino funtzio gehiago hartzen ditu bere gain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak