Liztor beltzaren habiaren bat ikusiz gero, deitu bi telefono hauetako batera:
- Udaltzaingoa: 943 25 20 10
- BAZ: 943 25 00 00

Hona hemen Udaleko teknikariek bidalitako oharra:
"Dagoeneko 40 liztor beltzen kabi deuseztatu dira. Garai honetatik aurrera liztorren kolonia nabarmen handitzen da, gero eta ume gehiago jaio eta langile gehiago prestatzen dira: abaraskak egiteko, etxea handitzeko, larbak eta erregina elikatzeko, eta artatzeko. Ondorioz, erreginak etengabe arrautzak jartzen jarduten du. Egoera honetan, habiaren tamaina egunetik egunera handitzen joaten da eta pertsonen eta ingurumenarenganako arriskua areagotu egiten da, kontuan izanik, liztor beltza kanpoko espezie inbaditzaile gisa onartuta dagoela. Dena den, esan beharra dago, liztor beltza ez dela bereziki animalia erasokor eta oldarkorra, beti ere, ez bagara bere habia edo koloniaren kontra jazartzen, eta hortaz, horrelako animalia bat inguruan sumatzen dugunean, lasaitasunez eta naturaltasunez jokatzen ahalegindu beharko ginateke.

Bestalde, gogoratu beharra dago, gure inguruan bueltaka darabilgun liztor espezie gehienak betidanik gurekin bizi izan direla eta gure ekosistemaren katebegi bat gehiago direla. Azken 8 edo 10 urteetan liztor beltzaren kontra egin diren kanpainak liztor espezie osoaren satanizazioa ekarri du eta gizartean nolabaiteko fobia edo beldurra zabaldu da. Hortaz, eta bide batez, gizarteari lasaitasun mezu bat helarazi nahi diogu".