Arrasateko elizkoiak, Munillarekin "minduta"

Amaia Zabala 2019ko ira. 20a, 09:42

Arrasateko parroko Horazio Argarate oñatira lekualdatzeko Munillaren erabakia dela eta, "arrazoiak justifikatzeko eta aldaketaren epea luzatzeko" eskatu dio arrasateko kristau komunitateak; gotzainak, ordea, "ez die jaramonik egin" euren eskaerei.

Uda hasieran jakinarazi zuen Joxan Larrañaga Oñatiko parrokoak, parkinson gaixotasuna dela eta, ez duela karguan jarraituko. Hori jakin eta berehala iritsi zen Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainaren erabakia: Horazio Argarate, Arrasateko parrokoak ordezkatuko zuela esan zuen. Munillaren erabakia harriduraz hartu zuten arrasatearrek, eta, bereziki, kristau komunitateak; ondorioz, uztailaren 8an egindako batzarrean, Munillari Arrasateko kristau komunitatearen aurrean agertzeko eskaera egitea erabaki zuten, "aldebakarreko erabaki hori" justifikatzeko azalpenak eman zitzan: "Horrez gain, trasladoaren gertutasunagatik genuen kezka jakinarazi genion, eta martxan zeuden proiektuen transferentzia mailakatua eta antolatua egitea proposatu genuen, proiektu horiek ez dezaten porrot egin".

Gotzainaren ezezkoa

Gotzainak uko egin zion, ordea, eskaerari, eta, ondorioz, batzarrak izendatutako lagun talde bat Donostiara joan zen uztailaren 4an harekin hitz egitera: "Parrokoaren berehalako aldaketa dela eta, Arrasaten abiatutako proiektuak ongi burutzearekin genuen kezka azaldu genion eta azpimarratu genuen nahitaez denbora behar genuela aldaketak egiteko eta eskualdaketa gure parrokien beharretara hobeto egokitzeko". Munillak, baina, ez zituen euren proposamenak onartu eta erabakia positiboa izango zela eta martxan dauden proiektuei ez diela kalterik egingo erantzun zien. Horren aurrean, kristau komunitateak gotzainarekiko desadostasuna aditzera eman du: "Gure mina adierazi nahi dugu, ekarpenei erakutsitako interes faltagatik eta gu aintzat ez hartzeagatik eta erakutsitako sentsibilitate faltagatik kristau komunitateari bere erabakien partaide izaten ez uzteagatik, eta, batik bat, gardentasun faltagatik. Ez dugu onartzen gotzainak nahi duena eta nahi duen bezala egitea guri halabeharrez eragiten diguten gaietan. Are gutxiago, azken hamar urteetan Arrasatera bisita pastoral bakar bat ere egin ez duela. Uste dugu guk ere iradoki eta ekarpenak egin ditzakegula, batez ere, zuzenean eragiten badigu. Edo men egin eta isildu besterik ez dugu?".

Parte hartzea eta adostasuna

Gaineratu dute garai bateko gestio autoritario eta indibiduaistak ez duela lekurik XXI. mendean, eta Munillak egungo errealitatera egokitu behar duela: "Egun, erabakiak parte hartuz eta adostuz hartzen dira; are gehiago, espiritu kooperatiboak balio berezia duen eta komunitatean hain errotuta dagoen herri batean. Elizaren artzain zuhur batek, besteen zerbitzura dagoelarik, ez dio ezikusiarena egin behar zerbitzatzen duen komunitateari. Artzain baten jokamolde horrek ez du estimulatzen eta motibaziorik eza sortzen digu. Ezin da etengabe predikatu Elizaren komunioa, lankidetza eskatu eta, gero, harrokeriaz, komunitatearen partaidetza gutxietsi eta baztertu".

Gaineratu dute ez direla gotzain eredu hau errebindikatzen duten bakarrak, eta aita santuak ere mezu bera helarazi ziela gotzain berriei 2017ko irailean.

Gaineratu dute ulertzen dituztela Oñatin eskatutako aldaketen motiboak eta bertako parroko Joxan Larrañagari onena opa diotela: "Jakitun gara Larrañagak herrian lan bikaina egin duela, baina ez dugu ulertzen Horazio Argarateren hutsunea betetzeko hartutako erabakiaren mugimendu bikoitza, orain arazoa Arrasatera ekarri delako; izan ere, logikoena eta ulergarriena litzateke Oñatin hutsik geratu den lekua izendapen berri batekin betetzea".

Parroko "maite eta preziatua"

Azkenik, gotzainaren jokabide "penagarriak sortutako pena eta tristura" alde batera utzi eta maitekiro zuzendu zaizkio Horazio Argarate Arrasateko parrokoari: "Horazio maite eta preziatuak, 2009tik, Juan Mari Uriarte gotzainak bidalita gure arteko ibilbidea hasi zuenetik, Arrasateko herriari eman dizkion gauza ugari eta onekin geratu nahi dugu, hamar urte horietan atsedenik gabe egindako lanarekin. Ez da kasualitatea bere lana aitortua izatea, kristau komunitatearen aldetik ez ezik, baita ere beste eragile, talde sozial, estamentu ofizial, eta abarren aldetik, hainbeste proiektu sozial ezagunetan erakutsitako dedikazio, inplikazio eta bokazioagatik. Bere martxa sentitzen dugun arren, ereindako haziak fruitu emankorrak ematen jarraituko du luzaroan, eta bere aztarna ezabaezina izango da. Helmuga berrian Arrasaten bezainbesteko arrakasta izatea opa diogu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak