Udalaren eskutik bost ibilbide eta hamar bisita gidatu abendura bitartean

Xabi Gorostidi 2019ko ira. 10a, 17:09
Ingurumen Eskolarekin elkarlanean antolatutako ibilbideetako bat.

Domeka honetan egingo dituzte lehen biak: Udala ibilbidea –masusta bilketarekin eta marmelada tailerrarekin– eta Mondragoe, I + D historian zehar izeneko bisita gidatua. Apirilean hasi zen Udaleko turismo sailak hauek antolatzen, eta adierazi dutenez "arrakastatsuak" izan dira, "bereziki arrasatearren artean". 

Hona hemen Udaletik igorritako oharra, bere osotasunean:

"Domeka honetan ekingo zaie berriro apirilean abian jarritako ibilbide eta bisita gidatuei. Apiriletik abuztura egindako ibilbide eta bisita gidatuak arrakastatsuak izan ziren, bereziki arrasatearren artean. Ibilbide eta bisita gidatuak, batez ere herrian turismoa bultzatzeko helburuarekin martxan jarri baziren ere, bertakoen artean izan duten arrakasta “oso positibotzat” jotzen du Udalak, honek erakusten duelako "arrasatearrek badutela bere herriaren inguruko jakin-mina". Horien inguruko informazioa duen esku-orria turismo bulegoetan eta inguruko hoteletan banatzen bada ere, udal eraikinetan ere arrasatearren eskura dago, BAZen, kiroldegian, liburutegian.

Natura inguruneetara egindako ibilbide gidatuek ez dute Arrasateko historiaren inguruko bisita gidatuek izan duten adinako arrakasta izan, taldeak ez ziren oso handiak izan, aipagarriena, Bedoñara egindako bisita, bertan, Artazubiaga baserrian, txakolina nola egiten den ezagutzeko aukera izan zuten bisitariek, baita bertako produktuak dastatzekoa ere. Baina, esan bezala, ibilbide historikoek, bereziki arrasatearren artean izandako arrakasta izugarria izan da, talde bakoitzean 15-25 pertsona bildu ziren, gehienak arrasatearrak. Lezetxiki, Neanderthalaren bila bisita izan zen, zalantzarik gabe arrakastatsuena, talde guztiak bete ziren eta izan zen tokirik gabe gelditu zenik ere. Arrakastatsuak izan ziren baita, Arrasateko hiri gutuna eta gizarte berria, Ahaztutako emakumeak, Arrasate historian zehar komunikazio ardatza edota San Balerio meatzarien kofradia, esaterako.

Irailetik abendura bitarteko ibilbide eta bisitak

Esan bezala, bi atal daude, batetik, Natura ingurunean egiten diren ibilbide gidatuak eta, bestetik, Arrasateren historia ezagutzeko bisita gidatuak. Hilean ibilbide gidatu bat antolatuko da natura ingurunean, irailean ezik, hilabete honetan bi egingo baitira: lehenengoa domeka honetan izango da eta Mugikortasun Jasangarriaren Astearekin du lotura, ibilaldi gidatu bat egingo da Monterronetik Udala auzora, bidean masustak batuz, ondoren Udalako Ingurumen Eskolan marmelada egiteko. Irailaren 29an, Udalatxera igoera egingo da, urriaren 20ean Orientazio froga Monterronen, azaroaren 16an, Udalatxeko bira eta abenduaren 15ean, Ermitaz ermita, aintzinako errogatibak gogoratzen.

Arrasateko historiaren inguruko bisita gidatuei dagokienez, bisitak tematikoak dira, gai desberdinen ingurukoak, eta batzuk, Arrasate monumentala, esaterako, errepikatu egiten dira. Hauek ere domeka honetan hasiko dira, lehena Mondragoe, I+D historian zehar izango da, irailaren 21ean Mondragoe, Garibayren ikuspuntutik bisita izango dugu, urriaren 6ean, Arrasate monumentala, urriaren 12an, Bedoñako Santa Eulalia parrokia (Ezkutuko altxorrak). Urriaren 19an, Arrasate zientzia elkarteak, ondarearen Europako jardunaldien barruan, Zaldibar ingurua aisialdirako gune bisita gidatua egingo du, urriaren 26ean, Arrasateko altzairua, munduan preziatua bisitaz gozatzeko aukera izango dugu, ondoren, azaroaren 3an, Mondragoe, zabalik 24/7, azaroaren 16an Meatzerreka eta San Balerio, abenduaren batean berriz ere Arrasate monumentala bisita egiteko aukera izango da eta, azkenik, abenduaren 14an, Arrasateko altzairua, munduan preziatua bisita errepikatuko da.

Udalak arrasatearrak eta baita kanpotarrak ere animatzen ditu, bai natura ingurunean eta baita herrigunean ere, antolatutako ibilbide gidatuetan parte hartzera eta Arrasatek dituen altxorrak ezagutzera, "zalantzarik gabe, merezi duelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak