Joxe Bixente Etxabe: artzain erresistentea azken arnasa hartu arte

Komunitatetik: Juan Ramon Garai 2019ko ira. 10a, 16:46

Juan Ramon Garaik (Intxorta 1937 kultur elkartea) Joxe Bixente Etxabe izan du gogoan. 

Murugain inguruko 1936ko gerrako historia ezagutzeko, Joxe Bixente Etxabe, Degurixako artzaina, elkarrizketatu genuen joan zen uztailaren 31n.

Muzibar baserrira joan ginen ezer aurretik esan barik, eta nahiz eta gaixotasuna oso aurreratuta izan, ez zuen inongo arazorik izan berak bizitakoak kontatzeko: Bizi guztian lotura zuzena izan du bere Degurixako paradisuaz, eta bertan zegoen ardiekin kolpe militar faxista hasi zenean. 14 urte zituen: "Gorrixak eta milizianoak kamioen gora eta behera, Degurixan Arabako mendixetan ein auien trintxerak, ta egunez juen eta gauez alde. Handik Peñakulora ardixekin juen nitzen".

"Gero San Miguel egunien militarrak Atxorroztik behera sartu zien. Bedoñan Larragainen frentie egon zuan, borrokak a tope egon zittuan Mondragoen sartzeko, hildakuak egon zittuan".

"San Andres egunien gorrixak hasi zien Mondrauen sartzeko, kamiñoraño allegau zittuan. Gero, Mandoainen gelditu zittuan. Gabez etxera natorrela: Alto! Requeté batek euskeraz: Nungue haz? Muzibar baserrikue. Ezin haz fan gorrixak hartu dauielako kamiñue. Coge a este chaval y llévale donde el Capitán al ayuntamiento. Kapitanak: ¿Tienes algún pariente? Sí, un tío. Osaba etorri zuan. Ya le conoce, es mi sobrino. Libre utzi nindduten, gaba osaban etxien pasau ta barriro mendire”.

"Santa Luzia egunien matxinatuen atakie egon zuan, ta gorrixak Mandoaindik bertatik alde egin juen Bastergain eta Basterrazpira".

"Larragaindik tirokatzen zuten, balak etorten jatan… Euzkitzan gorrixak euzen, ta Olanen ta Larratxon besteak".

"Erreka barrenien, Meka Gasolinera dagoen lekuen, hiru kañoi 15 y mediokuak jarri zituzten, kapitana andaluza zan".

"Gero aprillien abanzie egon zanien, Gellatik gora atakie Untzillara, jende asko hil zan".

"Gerra ostien, barrez, Guardia Zibilak txabolan lo eitten egoten zien. Si viene alguien nos avisas, esan eta Ugaztegira joan zien, eta holako baten 5 maki asturianuek non datozen, jana emun nutzien ta fan zien… Baina batek parte eman… guardia zibilak jarri zidaten harri baten ondoan, bal-baltza zan, batek pistola atara ta: "Te vamos a matar", apuntau, eta gero esan eustan: No te vamos a matar porque eres joven".

Geroago Euskadi eta Askatasuneko militanteak Degurixan ibili zirenean, laguntzen ibilitakoa zen. Joxe Bixente joan zaigu, baina haren historiak eta haren umorea gurekin gelditzen dira.

Xalbadorren heriotzean abestian Xabier Letek kantatutakoen bertso batekin agurtzen zaitugu Joxe Bizente, beti arte!

Non hago, zer larretan
Urepeleko (Degurixako) artzaina
mendi hegaletan gora
oroitzapenen gerora
ihesetan joan hintzana.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak