1936an atxilotutako 96 arrasatearren argazkia argitara, 80 urte ostean

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 10a, 08:42

Intxorta 1937 kultur elkartearen eskuetara iritsi da 1936an atxilotutako 96 mondragoetarren argazkiekin osatutako orla bat. Horren atzean dagoen historiaren berri eman du Juan Ramon Garaik.

Ganbara batean 80 urte egondako argazkia dela jakinarazi du Juan Ramon Garaik, Intxorta 1937 kultur elkarteko ordezkariak. Eta argazki horren atzean dagoen historia kontatu du: 
"Kolpe militarra hasi eta berehala, 1936ko uztailaren 21ean, Errepublikaren Defentsarako Arrasateko Batzordekoek 96 karlista mondragoetar atxilotu zituzten. Biteri eskoletatik Bergarako seminarioara eta handik Bilboko kartzeletara eraman zituzten. Urtebete preso zeramatenean Bilbo matxinatuen esku erori zen eta denak Mondragoera ekartzea erabaki zen. Gerraren amaieran, Venezian, orla bat prestatu zuten preso hauen argazkiekin eta bakoitzari bana eman zieten".

Argazkia hori egoera onean izanez gero herritarren batek Intxorta 1937 kultur elkarteko kideekin harremanetan jartzeko eskatu du Garaik. Eta gaineratu: "Ganbaran halako dokumentuak, argazkiak, kartak… topatzen badituzu eta ez badakizu zer egin, ez bota mesedez, jarri gurekin harremanetan. Gure herriaren historia dira".

Protagonisten berbak

Orduko atxiloketa bizi izan zutzen protagonista batzuen berbak dituzte jasota Intxorta 1937 kultur elkarteko kideek. Hona hemen:

Nikolas Uriarte, alkatea EAJkoa: "Uztailaren 21eko gauean, mutiko bat udaletxera etorri zen, eta esan zidan Guardia Zibilaren Arrasateko postuko tenienteak herriko agindua eman ziola Union Cerrajerako serenoari argiak itzaltzeko. Orduan, herriko argietako argindarra Union Cerrajeratik zetorren. Serenoa deitu nuen telefonoz mutikoak esandakoa egia ote zen edo ez jakiteko, eta hark baietz erantzun zidan. Orduan, herriko argiak itzaltzeko agindua eman zuen ofizialari galdetu nion, baina hark ukatu egin zuen berak horrelakorik agindu izana. Berriro deitu nuen serenoa, eta hark aurretik esandakoa baieztatu zidan. Gertatzen ari zenaren berri eman nien une hartan Eibarren kontzentratuta zeuden probintzia agintariei. Hurrengo goizean, kuarteleko bidea zeramaten laurehun gizon armatu inguru agertu ziren herrian aurretik auto blindatuak zituztela".

Domingo Arzamendi karlista: "Mugimendua sortzean eta Arabarekin komunikazioa izatea lortzean, gure helburua zen Leintz gureganatzea. Zehaztuko ez ditugun hainbat arrazoik gure asmoak aurrera eramatea galarazi zuten".

Guillermo Lasagabaster, sozialista: "Herriko enpresa nagusienetan (Union Cerrajera, Elma, Industrial Mondragonesa, Roneo, Asam …) langileriaren gehiengoa ordezkatzen genuen bi erakunde demokratikoak UGT eta STV ziren. Herriaren jabe egin eta kartzelaratu egin genituen matxinatuekin bat zetozen Sindicato Catolico Libreko kideak, karlistak eta erreketeak".

Jose Maria Uranga karlista atxilotua: "Ezkertiarrek eta nazionalistek menderatu zuten denboraldian, 96 karlista atxilotu zituzten. Hasieran, udal ziegetan eduki zituzten. Gero, Biteriko Eskolak egokitu eta hara eraman zituzten eta, handik, espetxe izateko prestatu zuten Bergarako Seminarioko etxabera. Arrasateko batzordearen eraginaren menpe izan ziren atxiloketen lehenengo aldian, Pablo Otaduy parrokiako sakristaua behin baino gehiagotan eraman zuten Kanpanzarrera, gauez, tratu txarrak ematera. Behin, fusilamendu simulazio bat ere egin zioten, abuztuaren 15etik 16rako gauean, presoetatik 14 Bergaratik Arratera (Eibar) eraman zituzten. 13k oso tratu txarrak eta torturak sufritu zituzten. Batzuek egunetan izan zituzten zauriak. Irailaren 19an, larunbata, iluntzean Bergaran preso ginenok Bilbora eraman gintuzten tren berezi batean eta, handik, Larrinagako kartzelara. Gorabehera asko izan
bagenituen ere, arrasatear guztiak bizirik itzuli ginen etxera, gurekin batera joan ziren Oñati eta Aramaiokoak ez bezala. Nazionalek Bilbo eta Bizkaia hartu ondoren, 1937ko ekainaren 16 eta uztaila hasiera artean itzuli ginen".

Atxilotuen artetik lehenengo egunetan bi askatu zituzten, Luis Dolara apaiza Bilbon, eta Lorenzo Uribechevarria, Arrasaten.

Elias Olmedo, Dragones batailoiko milizianoa: "Arrasatetik alde eginda gero, enteratu ginen matxinatuek mondrautar mordoska bat atxilo hartu zituztela. Celestino Uriartek orduan, Mondragoera, eskutitza bidali zuen: Presoei ez egiteko ezer eskatuaz, Bilboko presoei ezer ez zitzaiela pasatuko esanaz. Guk hitza bete genuen. Bilbon zeuden preso mondragotar guztiak bizirik etorri ziren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak