"Beti oihukatu izan dut; lehen kupoiak saltzeko, eta orain itsuak kalera ateratzeko"

Xabi Gorostidi 2019ko ira. 10a, 11:19

Ibon Casas eta Roger txakurra, Kajoi tabernan.

Arrasaten eta Oñatin kupoiak saltzetik rock musikari izatera pasa da Ibon Casas; blind rock estiloa patentatzeaz gain, Donostiako Orfeoiarekin batera kantu propioak jo izan ditu. Orain DameTVision film dokumentala egiten dabil, eta Arrasateko Udalarekin eta Ibai-arterekin itsuekin lotutako jaialdi bat prestatzen ari da.  

Badaude energia eta gogoak esportatzeko moduan dituzten pertsonak eta Ibon Casas horietako bat da, zalantza izpirik gabe; motibazio tsunami bat. Donostiarra izan arren, Arrasaten ezaguna da, hiru urtez –1998tik 200ora– kupoiak saltzen aritu baitzen herriko hainbat txokotan. Luko dendako izkinan aritu zen, batez ere, eta "Tu cupon para hoooooy" esaldia oihukatzea zen bere bereizgarria. 

Duela gutxi Arrasaten izan da berriz, baina ez loteria saltzeko. Musikari profesional bezala itzuli da, film dokumental batekin esku artean, eta Arrasate horren parte bihurtuko duen egitasmo batekin ere. 

Hiru urtez aritu zinen Arrasaten. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?

Arrasateko oroitzapen oso onak ditut. Luko denda alboan aritu nintzen, batez ere, baina beste txoko askotan ere: anbulatorioan, Ezkiña tabernan, Munarren, San Andresen, Eroski, ... ez zait ahazten ezkiña horietako bakoitzean zein giro arnasten zen. Udan saltzaile askok postua hutsik uzten zuen, eta lanean geratzen ginen horiek haien postuak hartzen genituen. Nahiz eta leku aldaketa asko izan, jendearekin konektatzea lortu nuela uste dut. 

Zure kasuan retinosis pigmentaria gaixotasunak eraman zintuen itsu geratzera. Zer nolako gaixotasuna da?

Sortzetiko ikusmen patologia bat da, poliki-poliki itsu geratzera eramaten zaituena. Sintoma ohikoenak hauek dira: ikusmen tubularra, ikuseremu murriztua eta gaueko itsutasuna. Denborak aurrera egin ahala, sintomak areagotzen dira, ia-ia erabat itsu geratu arte. Baina DameTVision dokumentala eta esku artean ditudan proiektuak ez daude retinosis-era bideratuta, itsutasuna duten guztiengana baizik. 

Itsua bazara: bi aukera dituzu: geldi geratu, edo gauzak egin.

Musikak bizitza aldatu zizula diozu. Noiz jaso zenuen honen deia?

Lehen kolpeak, aitarekin. Donostiako abesbatza baten abesten zuten, eta hura ikustera joatea gustuko nuen. Baina AC/DC taldea ikusteak bizi osorako markatu ninduen. 11 urte nituen TVEko Aplauso programan ikusi nituenean; sekulako inozo aurpegiarekin geratu nintzen, eta bizitza aldatu zidan. 

Casas, kupoiak saltzen zituen Luko dendako izkinan. 

Hori ikusi ostean hasi zinen gitarra jotzen?

Anaia nagusiarekin batera ikusi nituen, eta hura izan zen gitarra eskuratu zuena. 14 urte zituen orduan, eta badakizu ... afizio asko zituen. Kalean denbora asko egiten zuen, lagunekin alde batetik bestera... eta nor geratzen zen etxean? Bada anaia itsua eta gitarra; eta horrela hasi zen dena. 

Askotan entzun izan dut: "itsuek errazago duzue musikari izatea"; bai zera! 

Pertsona itsuek, beti izan duzue gaitasun berezi bat musikarako: Ray Charles, Stevie Wonder, Serafin Zubiri... Belarriak zuen begi izatea abantaila bat da musikari izateko?

Bai, baina hori landu egin behar da. Itsua bazara: bi aukera dituzu: geldi geratu, edo gauzak egin. Abantaila horrek lan asko eskatzen du, baita oztopo asko gainditzea ere. Egia da, begiak ixten dituzunean gainontzeko zentzumenak aurreratu egiten direla. Itsuak begiak itxita bizi garenez, abantaila txiki bat eduki dezakegu entzumenarekin, baina lana eskatzen du, bai edo bai. Askotan entzun izan dut: "itsuek errazago duzue musikari izatea"; bai zera! 

Ibon Casas, aspaldiko lagun duen Luko dendako Rakel Alonsorekin. 

Nolakoa izan da zure ibilbide musikala?

Bada bederatzi taldetan aritu izan naiz, batez ere gitarrista eta abeslari, baina bateria eta baxua ere jo izan ditut. Zergatik? Ezbeharrengatik. "Baxu-joleak ezin du jo, beraz, ezin izango dugu jo". Nola ezetz? Ekarri hona baxua eta nik joko dut. Horrelakoa izan naiz beti, arazoen aurrean konponbideak bilatzearen aldekoa, alegia.

Berriki emakumeak kalera dira, euren eskubideen defentsa egiteko eta albo batera ez geratzeko. Pentsionistak berdin. Zergatik ez itsuak ere?

DameTVision film dokumentalarekin zabiltza azkenaldian. Zer da?

Duela zortzi urte abiatu nuen ikus-entzunezko bat da, irabazi asmorik gabeko elkarte kultural batekin batera doana. Film bat zuzentzeko erronka planteatu nion nire buruari. Ikusten ez dudanez, eta ez naizenez zine zuzendari, laguntza eskatzen joan naiz, jendeari bere begiak eskatuz. Hala, jende famatu askoren babesa lortu dut izan ditut: Penelope Cruz, Antonio Banderas, Joaquin Sabina, Miguel Rios, Juanes... Zarata asko sartu dut, eta horri esker Oscar Terol eta bere lantalde itzelak nire filmaren ardura hartzea lortu genuen.

'Apaga la luz y veras' abestiaren bideoklipa, non Casasek famatu askoren babesa jasotzen duen.

Ikus-entzunezko ezberdin bat izango da, irabazi asmorik gabekoa. Ikusmen urritasunaren alde diru bilketak egin izan dira beti, eta guk ez genuen halakorik egin nahi. Guk zarata atera nahi genuen, itsuak kalera ateratzeko. Esaerak dio ikusten ez dena, ez dela existitzen, eta itsuak kalera ateraz euren problematikak ikusarazi nahi ditugu. Berriki emakumeak kalera dira, euren eskubideen defentsa egiteko eta albo batera ez geratzeko. Pentsionistak berdin. Zergatik ez itsuak ere? Ni ez naiz itsuen Robin Hood, eta ez dut horretarako asmorik. Itsu askok esango dute: "tipo hau nor da niri kalera ateratzea eskatzeko?" Eta ez zaie arrazoirik faltako. Irten nahi duena irten dadila, eta ez duenak nahi etxean gera dadila, lasai asko. 

Amaitzeko, zerk ekarri zaitu berriz Arrasatera?

Oraingoz ezin dezaket askorik esan, baina Udalarekin eta Ibai-arterekin jaialdi bat prestatzen ari naiz. Laster izango duzue horren berri.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak