Trikitiak eta gin-tonicak, bosgarrenez bat eginda

Xabi Gorostidi 2019ko ira. 5a, 09:46
2016ko ate irekien jaiak utzitako irudia: Kajoi tabernakoak edariak prestatzen, atzean ikasleak jotzeko prest daudelarik. (Argazkia: Imanol Soriano)

Arrasateko Trikitixa Eskolak ate irekien jaia egingo du bihar, barikua, 'Eskola Plazara' lelopean. 'Trikigin' lehiaketak ukitu freskagarria emango dio arratsaldeari eta panderoak nola egiten diren ikusteko, edo talo ekologikoak dastatzeko aukera ere izango da. 20:00etan kontzertua joko du Kristina, Maixa eta Irati taldeak. 

Arrasateko Trikitixa Eskolakoak ikasturte berria besarkatzeko gogoz daude, eta horren seinale da bihar, barikua, Herriko Plazan egingo duten ate irekien festa. Eskola Plazara leloa aukeratu dute aurtengo ediziorako, eta azken urteetako arrakasta ikusita, Trikigin lehiaketa antolatu du te berriz; bosgarrena izango da aurtengoa.

Herriko Plaza, jaiaren epizentro

Festa hasteko kalejira musikatua egingo dute. 18:00etan abiatuko dira Biteritik, eta doinu alaiak joaz Herriko Plazarako bidea egingo dute.

18:30ean, Gurozuna jo izenarekin bataiatu duten saioa hasiko da. Helburua da, eskolako ikasleek lotsa alde batera utzi, eta jotzen dakiten hori plazaratzea: "Ikasleek nahi dutena jo ahal izango dute; banaka, binaka edo taldeka. Ahalik eta gehien parte hartzea nahi dugu" adierazi dute Eskolako arduradunek. 

Ikasleek jotzen duten artean, hainbat postu egongo dira Herriko Plazan. Horien artean: pintxoak, sagardoa eta ardoa dituen postua, panderoak egiten dituen artisaua, ekotaloen postua, eta Txatxilipurdik dinamizatutako haurrentzako jolasak ere bai. Horrez gain, Trikigin lehiaketaren bosgarren aldia egingo dute. Herriko zerbitzari trebeek gin-tonica maisuki nola prestatzen den erakutsiko dute, eta ostean, edari guztien artean onena aukeratuko dute epaimahaiko kideek.

Festa borobiltzeko, Kristina Maixa eta Irati taldeak kontzertua joko du, 20:00etan.

Izena emateko aukera

Instrumentu honekin trebatzen hasi nahi dutenek, Herriko Plazan bertan eman ahalko dute izena. Iaz 170 ikaslerekin itxi zuen Eskolak urtea, eta berriak etortzeko gogoz daude.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak