Sinfonia Kooperatiboa, dena emateko prest!

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko uzt. 28a, 10:05

Irailaren 14an eskainiko dute Mondragon Taldearen Humanity at music ikuskizuna Gasteizko Buesa Arenan, 18:00etan, eta, horrez gainera, egun osoko egitaraua antolatu dute; sarrerak dagoeneko eskuragarri daude humanityatmusic.com atarian.

Iaz azaroan aurkeztu zuen Mondragon Taldeak Arrasateko esperientzia kooperatiboari buruz begirada artistiko eta berritzailea proposatzen duen Humanity at music egitasmoa. Eskarmentu handiko Fernando Velazquez konpositoreak eta Jon Sarasua bertsolariak elkarrekin osatutako soinu banda –zortzi kantu dituena– eta Maite Mutuberria ilustratzaile nafarraren irudiak eta askotariko osagai gehiago dituen liburua izan ziren proiektuaren lehenengo emaitzak.

Otsailaren 22an abiatu zuten Humanity herriz herri izeneko ikuskizun ibiltaria, eta hala eskaini zuten, gero, hurrenez hurren, Bizkaiko ikastolen aldeko Ibilaldia jaian, Aretxabaletan, Oñatin, Iruñean eta, azkena, Tafallan, ekainaren 26an. Labetik ateratzear dute, baina, ikuskizun erraldoia, Gasteizko Buesa Arenan eskainiko dutena, irailaren 14an, 18:00etan hasita.

Taularen gainean mila lagun

500 abeslari, 100 musikari, 200 dantzari baino gehiago, zortzi bertsolari, lau aurkezle, txistulariak... horiek guztiak izango dira Buesa Arenako ikuskizunean parte hartzen Velazquez konpositorearen batutapean. Ez dira, gainera, nolanahiko artistak: Euskadiko Orkestra; Amets eta Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Xabi Igoa, Oihana Iguaran, Julio Soto eta Jone Uria bertsolariak; Kukai dantza taldea eta baita Gasteizko zein Gernikako dantza taldeak ere; Bilboko Iubilo eta Debagoieneko askotariko abesbatzak; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak; eta aurkezle lanetan jardungo dute, besteak beste, Pili Kaltzadak, Gloria Totorikaguenak, Onintza Enbeitak eta Brendam Costellok.

erdi inguruko ikuskizuna eskainiko dutela azaldu du ikuskizuneko Zuzendari Artistiko Josu Camarak: "Sinfonia koral bat da; hortaz, oinarrian, ahotsek eta musika tresnek dute protagonismo nagusia, baina irudiekin edo ikus-entzunezkoekin lagunduta; hau da, bideo-mapping teknikaren bitartez. Oso ikusgarria izango da".

Jendaurrean eskaini aurretik hainbat entsegu egingo dituztela azaldu du Camarak: "Banakako eta arloko entseguak egin ditugu herri ezberdinetan, eta irailaren 9tik aurrera Buesa Arena izango da entsegu-toki. Dena finkatuta eta lotuta dagoela ikusten dut, nahiz eta une hau bertigo-une moduan sentitu".

Sarrerak eskuragarri

Humanityatmusic.com atarian eros daitezke Gasteizerako sarrerak. Prezio ezberdinetakoak daude, 19 eurotan merkeena eta 60 eurotan garestiena.

Sarrerak eskuratzeko beste modu bat da Mondragon taldearen Hanka bat lehiaketan parte hartzea; Humanityatmusic.com atarian daude oinarriak. Horrez gainera, Goiena Klubeko harpide direnek sarreren zozketan parte hartzeko aukera dute, 688 690 007 zenbakira mezua idatzita.

'Ttap' berezia, irailaren 6an

Gasteizen eskainiko duten ikuskizunaren gaineko informazio zabalarekin Ttap aldizkari digitalaren zenbaki berezia kaleratuko dute irailaren 6an.

Aldizkaria eskuratu gura izanez gero, edozein gailu eramangarritako Playstore eta App store dendetan doan jaitsi daiteke aldizkariaren aplikazioa.

Egitaraua

Gasteizko Buesa Arenan askotariko ekintzak izango dira irailaren 14an.

  • 12:00 Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Musua ikuskizuna eskainiko dute.
  • 12:00-20:00 Alai Gunea. Ekintza eta zerbitzu asko izango dira Buesa Arena kanpoan: haurrentzako askotariko tailerrak eta jolasak, ludoteka, puzgarriak, jan eta edari saltokiak, Bidezko mundu baten alde! Mundukideren erakusketa...
  • 18:00-20:00 Humanity at music ikuskizuna.
  • 20:00-22:00 Jaia Buesa Arena kanpoan.

Oharra: autobusak izango dira; txartelak, 5 euroren truke. Izena emateko, Tellevamos.eus ataria.

Kooperatiben ereserki bihurtuta

Euskadiko Kooperatiben Kontseiluak bat egin du Mondragon-en Sinfonia Kooperatiboarekin; eta, aurrerantzean, Humanity at music egitasmoaren baitan dagoen eta etorkizunari buruz jarduten duen Bi hanka abestia euskal kooperatibismoaren ereserkia izango da.

Dohaintza pozik hartu zuen Kooperatiben Goren Kontseiluak, eta honela adierazi zuen Kontseiluko presidente Patxi Olabarriak, uztailaren 11n Bilbon egin zuten dohaintza ekitaldian: "Kantuak argi islatzen ditu kooperatiben izaera eta balioak, eta produkzio artistiko eta berritzaile honen bitartez jende gehiagorengana heltzeko aukera ematen du. Sinfoniaren sortze prozesua elkarlanean egin dela kontuan hartzekoa da. Kantua gurea egiten badugu, munduko edozein tokitan ere egin ahal izango dute".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak