Denboraldia "gogorra" izan den arren, "sentsazio onekin" bukatu dute

Eneko Azurmendi 2019ko uzt. 26a, 09:06
Eneko Carrascal eta Iñigo Uribarren, Mojategin, eguaztenean eginiko entrenamenduan.

Nola Eneko Carrascalek, hala Iñigo Uribarrenek, denboraldia "oso gogorra" egin zaiela onartu dute; lehenak bihar amaituko du denboraldia, Iruñean jokatuko duten Espainiako federazioen arteko txapelketan; Uribarrenek, berriz, oporretan du burua.

Pasa den asteburuan, Avilan aritu ziren Eneko Carrascal (1999) eta Iñigo Uribarren (1993) atleta arrasatearrak, estatu mailako meeting batean, eta irabazlea eta bigarren sailkatua izan ziren, hurrenez hurren, salto hirukoitzean. "Bero handia egiten zuen, eta gu altueran salto egitera ez gaude ohituta, baina ondo joan zen. Sentsazioak oso onak izan ziren, nahiz eta marka ez zen hain ona izan, 15,64 metro", azaldu du Carrasacalek.

Uribarrenek ere "oso sentsazio onekin" amaitu du Avilan, 15,37 metroko marka lortuta, eta hasi baino hobeto amaitu du denboraldia, berak azaldu moduan.

Astebete lehenago, Euskadiko Txapelketa eduki zuten, Durangon, eta emaitza berak lortu zituzten: Carrascalek irabazi zuen eta Uribarren bigarren izan zen. Lehenak, gainera, marka pertsonala ondu zuen –15,82 metro–. "Egia esan, ez nuen espero hain salto ona egitea. Denboraldi hasiera txarra eduki nuen, teknikoki ez nituen zehazten mugimendu batzuk, eta orpoan lesio txiki bat eduki nuen. Horri buelta ematen joan naiz, pixkanaka, baina ez nuen espero halako saltorik egitea. Oso gustura atera nintzen handik", azpimarratu du bietan gazteenak.

Uribarren nahiko urrun ibili zen bere marka onenetatik –16,13 metroko marka dauka aire librean eta 16,17 metro pista estalian–, baina pixkanaka sentsazio onak berreskuratu dituela onartu du, eta hura ere pozik azaldu da egin duen denboraldi amaierarekin.

Denboraldiko gorabeherak

Ingeniaritza ikasten ari da Carrascal, eta, adierazi duenez, garai onean suertatu zitzaion pista estaliko denboraldia, azterketarik gabekoa, eta "txukun" ibili zen. Aire libreari dagokionez, "estres asko" eduki zuen unibertsitatean, eta entrenamenduak ez zituen behar bezala egin ahal izan. "Hasiera kaxkarra izan ostean, baina, atzetik aurrera egin dut eta maila onean ari naiz bukatzen denboraldia".

Uribarrenek aitortu du "oso luze" egin zaiola denboraldia. "Hiru errelebotara aritu naiz lanean Oñatin, eta Donostian entrenatzen. Beraz, astean bizpahiru alditan joan behar izaten nuen Donostiaraino, ondo deskantsatu gabe. Urte gogorra izan da, fisikoki nekatuta sentitu naizelako, baina emaitzarik onenak denboraldi amaiera honetan lortu ditut", dio.

Psikologikoki ikasteko urtea

2018an lesio grabe bat eduki zuen Uribarrenek, faszia plantarra ia apurtu egin baitzuen. "Irailean hasi nintzen entrenatzen eta sarri lesionatzen nintzen berriro. Izan ere, salto hirukoitza oso gogorra da oin-zolarentzako. Urte oso gogorra izan da niretzat, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Gero, gainera, lana dela eta, gorputzak ez dit nik gura moduan funtzionatu. Hori ulertzea kostatu egin zait, eta nire buruari gehiegi exijitu diot. Momentu batzuetan, gaizki pasa dut psikologikoki, eta atletismoa uzteko zorian ere egon naiz. Hala ere, buelta eman diot, eta denboraldia txukun amaitu dut. Urte zaila izan da, baina pozik nago sentsazio onak berreskuratu ditudalako bukaera honetan", azpimarratu du.

Urte "gogorra" izan da bientzat. Uribarrenentzat, lesioagatik; eta Carrascalentzat, ikasketengatik. "Psikologikoki asko ikasi dugu denboraldi honetan, eta baita modu egokian lehiatzen ere. Ikasteko urtea izan da biontzat", adierazi du Carrascalek.

Bihar, azken txapelketa

Euskadiko Txapelketa irabazi ostean, Euskadiren ordezkari izango da Carrascal bihar, zapatia, Iruñean, Espainiako federazioen arteko txapelketan. "Ez dakit ze aurkari edukiko ditudan, baina ni nire marka hobetzera joango naiz. Azkeneko bi asteetan oso erregular mantendu naiz, eta aste honetan sentsazio onak izan ditut. Gai ikusten dut neure burua horretarako".

Denboraldiko azken txapelketa izango da Carrascalentzat, eta abuztuan oporrak hartuko ditu. Uribarrenek, berriz, Avilan lehiatu ostean, bukatu du denboraldia, eta oporretan dago.

AEBetako esperientzia, gazi-gozoa

Carrascal AEBetan egon zen iaz. Lau urteko Ingeniaritza ikasketak han egitea zen asmoa, baina itzuli egin behar izan zuen. "Hango unibertsitateak arazo batzuk izan zituen nire ikasketekin, bekarekin ez zuelako bat egiten. Konturatu ziren ez zela bideragarria nik han jarraitzea. Beraz, itzuli egin behar izan nuen, eta aurten zerotik hasi behar izan naiz berriro unibertsitatean hemen", azaldu du. "Esperientzia moduan ondo egon zen, gauza berriak ikasi nituelako urtebete hartan, baina ez zen behar bezala irten. Hala ere, hemengoa baloratzen lagundu dit".

Atletismoa herritarrei erakutsiz

Datorren denboraldiari begira, "talde polita" izango dute Mojategin. "Alain Egia, Alex Agiriano eta Mikel Agirre gazteak ere gurekin izango dira, eta hain maila oneko talderik ez dugu sekula eduki. Guztion artean talde ona osatuko dugu, eta urte oso ona izan daiteke".

Bestalde, irailean Biterin egingo duten erakustaldia dela eta, herritarrei gerturatzeko deia egin diete. "Gura duguna da herritarrek ikustea egiten dugun lana. Hemen oso maila oneko atletak gaude, eta jende askok ez daki. Herritarrak ez badatoz hona, gu joango gara herrira, eta atletismoa ezagutaraziko dugu. Aniztasun handiko kirol bat da, aukera asko eskaintzen dituena: jauziak, jaurtiketak, abiadura, erresistentzia eta abar. Jendeak ez du ezagutzen, eta hemen daukagun estruktura eta baliabideak kontuan hartuta, aprobetxatzeko modukoa dela uste dugu. Beraz, atletismoari aukera bat emateko deia egiten diegu herritarrei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak