Jonatan Raso: "Mondrateren erronka motibazioari eustea da"

Xabier Urtzelai 2019ko uzt. 19a, 17:00
Jonatan Raso.

Euskal Ligan egin duten bigarren urtean, taldea egonkortu egin da kategorian; bestalde, harrobia lantzeko ahaleginetan dabiltza, beste hiru talde dituzte eta.

Mondrate areto futbol taldeak dagoeneko sei urte egin ditu. Kluba bi gaztek sortu zuten, 2013an, Kevin Barrancak eta Jonatan Rasok: "Federatutako areto futbolean jokatu gura genuen, ez genuen bestelako asmorik", eta, konturatu orduko, talde nagusia Euskal Ligara igotzearekin batera kadete mailako talde bat, gazte mailako beste bat, senior mailako bigarren taldea, futbol eskola eta campusa sortu dituzte.

Ikustekoa da kuadrillan areto futbolean jokatzeko zeneukaten gogoak zenbateraino eman duen. 

Bai; ez genuen uste honaino iritsiko ginenik. Maila federatuan jokatu gura genuen, modu serioan. Lehenago futbolean jokatutakoak ginen, baita areto futbolean Eskoriatzan ere, Zaldibarko txapelketan... Kluba sortu genuen, modu bakarra zelako areto futbolean jokatu ahal izateko, eta Arrasate ordezkatu gura genuen.

Euskal Ligan bigarren denboraldia egin duzue, kluba sortu eta berehala mailaz birritan igo eta gero. Hau da Mondrateren lekua?

Nik uste dut baietz, Euskal Ligan egoteko taldea dugu. Jokalariak banan-banan aztertzen badituzu, jabetuko zara maila oneko jokalariak ditugula taldean, baina talde moduan jokatzeko bidea egin behar dugu oraindik, hor hobetu behar dugu.

Hainbat urtean mailaz igo zineten jarraian. 

Mondrate lehenengo hiru urteetan birritan igo zen mailaz, eta Gipuzkoako lehenengo mailan bi urte egin eta gero Euskal Ligara igo ginen. Egia esan, ez genuen uste horren azkar iritsiko ginenik hona.

Sailkapenaren erdian amaitu duzue urtea. Zein da datorren denboraldira begira duzuen erronka? 

Taldearen bizkarrezurrak jarraitu egingo du, ez ditugu talde nagusian aldaketa handiak izango. Baina garbi daukat Mondrateren erronka hasieran geneukan ilusioari eustea dela, lehenengo urteetan izan dugun seriotasunarekin jarraitzea. Izan ere, uste dut arlo horretan azken urtean behera egin dugula apur bat. Taldea sortu genuenean, entrenamenduak, partiduak... oso serio ibiltzen ginen denok. Eta kanpotik datozen jokalariei ere zorroztasun maila hori eskatu behar diegu, lanerako gogoz etor daitezela; bestela, taldeak beherakada izan dezake.

Mondrateko talde nagusiak jokatzeko estilo propioa duela diozu.

Bai, gure estiloa dugu, eta horretan jarraitu behar dugu lanean. Mondrateren oinarria atzealdean hasten da, defentsako lan on batekin. Hori garbi ez duen jokalari bat kantxaratzen denean, talde osoak igartzen du.

Eskoriatza eta Aretxabaleta izan dituzue liga berean. Horrek saltsa jarri du txapelketan.

Zalantza barik. Eskoriatza mailaz igo da, eta ondo merezitako saria da hori, lan galanta egin dutelako. Euren kontra ez dugu partidurik irabazi, bai etxean eta bai Eskoriatzan galdu egin dugu euren kontra. Aretxabaletarekin, berriz, indarrak parean izan ditugu. Norgehiagoka bat irabazi egin genuen, bestea galdu... Derbi politak eta intentsitate handikoak izan dira, asko gozatu dugu.

Talde nagusiarekin batera harrobia ere lantzen ari zarete. Bestela, erreleborik ez badago, arriskua dago orain arteko lana desagertzeko.

Hori da. Kadeteen taldea, gazte mailakoa, seniorren bigarren taldea... LEKekoekin batera futbol eskolarekin ere hasi gara lanean. Jokalarien joan-etorriak normalak dira, eta gazteen lehenengo aukera futbola izaten da; gero etortzen dira areto futbolera. Guretako, zailena, baina, entrenatzaileak formatzea da; hor hutsune handia dugu.

Mondratekoek Campusa amaituko dute gaur

"Hiru astez antolatu dugu campusa eta oso balorazio positiboa egiten dugu, gazteak gustura ibili dira. Berez, astebeteko txandak antolatu ditugu, eta lehenengo txanda egin eta gero errepikatu gura izan duenik ere egon da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak