Kuadrillako lagunekin sortu zuen lehen musika taldea: Fase Terminal zuten izena, eta punkoi! musika jotzen zuten. Garai hartan Megadeth-en bertsioak jotzeak taldean sartzeko ateak zabaldu zizkion galdetuta, zera dio: "Guztiz aurkakoa; Megadethen bertsioak egiteagatik ia-ia ez ninduten hartu; kar, kar, kar. Borja, taldeko baxu-jolea, nire bizilaguna zen, eta gitarrista baten bila zebilen. Oi! gitarrista bat nahi zuen, baina, ondo jotzen nuela ikusita, nirekin konformatu behar izan zuen".
Aldizkariekin, nork bere kabuz
Aitaren gitarra klasikoarekin hasi zen Garcia sei sokak astintzen, eta 14 urterekin lehen gitarra elektrikoa eskuratu zuen. "Ez zait ahaztuko lehen gitarra hura, heavy itxurakoa eta Jackson etxekoa. Beste lagun batek aldi berean erosi zuen elektrikoa ere, eta gure kabuz hasi ginen ikasten. Orduan, ez zegoen gaur egun bezain besteko baliabiderik eta Guitarrista Total bezalako aldizkariak irakurriz hasi ginen gure teknika hobetzeko ahaleginak egiten".
Ordutik hona, hainbat gitarra pasatu dira Garciaren eskutik, baina garbi du zein eramango lukeen uharte desertu batera: "Stratocasterra, zalantza izpirik gabe. 20 urterekin erosi nuen, eta gaur egun gehien erabiltzen dudana da. Guztira, zortzi gitarra izan ditut, eta bostekin geratu naiz".
Iruñean ikasketak
20 urterekin Arrasate Musikalen hasi zen. "Aldizkarietan gauza tekniko ugari azaltzen ziren eta ez nintzen horiek barneratzeko gai". Bertan, Jose Barrio irakaslea ezagutu zuen, eta hark gomendatu zion gitarra ikasketak egitea.
"18 urterekin ez nekien musika modernoko ikasketak egin ahal zirenik, eta ingeniaritza bat egin nuen. Baina behin hori amaituta, urtebetez langabezian egon nintzen, eta Nafarroako Goi Mailako Kontserbatoriora sartu ahal izateko prestatzen aritu nintzen". Bost urte egin zituen han, eta orain, irakasle dihardu Arrasate Musikalen eta Irurtzunen.
Garcia Del Val
Irakasteaz gain, zuzenekoak ematen ahalegintzen da, ahal duenean. Aitor Morenokin eta Asier Eliasekin batera Garcia Del Val taldea sortu du, eta Arrasate Blues jaialdian joko dute. "Jaialdiarena primerako ekimena da; gehiago behar ditugu".