Rafael Gomezek emozioz beteriko pregoia irakurri du Kordobako Montilla herriko jaietan

Xabi Gorostidi 2019ko uzt. 12a, 11:18

Rafael Gomez, lehen ilaran –ezkerretik hasita bigarrena–. (Argazkia: Jose Antonio Aguilar / Diario de Córdoba)

Azken urteetan Montillan bizi ez diren montillarrek dute jaietako pregoia irakurtzeko ohorea, eta aurten Al-Andalus elkarteko presidenteak irakurri du. Oscar Garcia sozialista bertan izan zen eta hurrengo egunean Maria Ubarretxena bertaratu zen bisita ofiziala egitera. 

"Duela gutxi Montillako alkateak deitu zidan, eta pregoia nik irakurtzea proposatu zidan. Euskadira etorritako montillar bati ematea zen bere asmoa, eta nitaz gogoratu zen; segundo bat pasa baino lehen bazuen nire baiezkoa" azaldu du Gomezek. Gomezen pregoiak hiru atal izan zituen. Lehenean haurtzaroko Montillako oroitzapenez egin zuen hitz; bigarrenean Montillako patroi –Perukoa ere badena– San Francisco Solanori buruz; eta hirugarrenean Arrasateko montillarren bizimoduari buruz. "Jendea emozionatu zedin ahaleginduko nintzen".

Pregoia irakurri ostean, alkateak hartu zuen hitza jaiei hasiera emateko, eta hitz hartze horretan duela gutxi zendutako Paco Garcia sozialista arrasatearrari erreferentzia egin zion. 

Rafael Gomez 14 urterekin etorri zen Arrasatera, 1966an, eta gogoan du ostiral batean heldu eta astelehenean jada lanean hasi zela. "Nik orduan mahats-biltzean egiten nuen lan, eta ez neukan larritasun ekonomikorik. Baina egia da Arrasaten lau aldiz gehiago irabazten zela. Hala, nire laneko arduradunari gaixo zegoen familiako kide bat bisitatzera joan behar nintzela kontatu nion, eta Arrasatera joan nintzen. Gogoan dut bariku batean heldu nintzela, domekan Zerrajerako igerilekuan bainatu nintzela, eta astelehenean lanean hasi nintzela Gamey enpresan. Bertan egon nintzen 65 urte bete eta erretiratu arte".

Kordobako herri horretako komunitate handi bat etorri zen Arrasatera bizitzera. Guztira zenbat izan zitezkeen galdetuta, zera dio Gomezek: Al-andalus elkartea sortu genuenean Arrasateko Udalari datu hori eskatu genion. Guztira 600 andaluziar zeuden Arrasaten; horietatik 300 Kordoba probintziakoak, eta horietatik ia 200 Montillakoak". 

Bisita ofiziala

Gomezek pregoia irakurtzen zuenez, eta Arrasaten bizitako montillatarrei aipamena egin behar zietela baliatuz, Arrasateko alkateari joateko eskaria egin zioten Montillako Udal ordezkariek. Pregoia martitzenean irakurri zuten, baina Ubarretxena ezin izan zen egun horretan bertaratu, agintaldi berriko lehen osoko bilkura egin zutelako Arrasateko udalbatzan. Asteazkeanean, ostera, hegazkin bat hartu zuen Montillara bisita ofiziala egiteko. Ekintzaz beteriko eguna izan zen Ubarretxenarentzat eta besteak beste Kordobako meskita eta Montillako bodegak bisitatu zituen. 

Goiko ilaran Oscar Garcia eta Rafael Gomez, eta behekoan Maria Ubarretxena. (Argazkia: Montilla Digital).

"Alvaro Arregi izan da Montillara etorri den Arrasateko alkate bakarra, eta ordutik ez da beste alkaterik etorri. Aldiz, Al-andalus elkartea sortu genuenetik Montillako Udal Korporazio guzti-guztiak Arrasatera etorri dira. Montilla eta Arrasate hobeto ulertzeko oso lagungarriak dira era honetako bisitak" dio Gomezek. 

Gogoan ditu ere beste arrasatear batzuk Montillara egindako bisitak: "Behin Fagorreko sortzaile izandako Alfonso Gorroñogoitia etorri zen hona, kooperatibismoari buruzko hitzaldi bat egitera. Horrez gain Goikobalu abesbatzakoak ere Montillara etorri zirela gogoratzen dut". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak