Miguel Angel Laspiur: "Enpresetan langileen eredu parte hartzaile inklusiboa bultzatzeko lege proposamenak bultzatu ditugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko uzt. 12a, 15:00

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea (ALE) indarberrituta atera zen maiatzeko azken batzar orokorretik.

Batzar hartan, Jose Maria Ormaetxea eta Alfonso Gorroñogoitia Arrasateko mugimendu kooperatiboko bi fundatzaile omendu zituzten, bizitza osoan zehar balio kooperatiboak defendatu eta garatzeko egindako lan nabarmenagatik. Haien lanarekin jarraituko dutela dio elkarteko presidenteak.

Arizmendiarrietaren lana zabaltzeaz gain, ze beste helburu zehatz dauka elkarteak?

Mondragon Taldeari laguntzen diogu formazio kooperatiboan. Bestetik, Biblioteka Digitalean, MUren eskutik, Arizmendiarrietaren idatziak batzen dira. Arizmendiarrietaren pentsamenduak eta balioak ere zabaltzen ditugu. Esaterako, Joxe Azurmendik aztertu eta interpretatu ditu Arizmendiarrietaren idatziak eta ekintzak, gaur egun duten birtualitateak nabarmenduz. Horren guztiaren zabalkundea egiten ari gara gure webgunearen bidez eta, eta MUren eta TuLankide-ren bidez.

Mondragon Taldeari aholkularitza ere eskaintzen diozue?

Hala da. ALEko bazkide asko kooperatibetako zuzendaritza karguetan aritutakoak dira eta Mondragon Taldeari ez ezik, unibertsitateetan ere, hemengoetan zein nazioartekoetan, Mondragoeko esperientzia kooperatiboa zabaltzen ari gara, ikuspuntu ezberdinetatik. Eskola eta ikastoletara joan izan gara, gazteei ere gerturatzeko Arizmendiarrietaren balioak.

Enpresei ere ematen diezue laguntza?

Bai, batez ere Gobernuz kanpoko Erakundeei –Mundukide, Mundubat…–. Finantza alorrean, prozesuetan, komunikazioan, hainbat alorretan laguntzen dugu.

Gasteizko eta Nafarroako parlamentuetan aritu zarete lanean, hainbat lege asmo bultzatzen. Ze moduz?

Kooperatibetan ez ezik, bestelako enpresetan ere langileen eredu parte hartzaile inklusiboa bultzatzeko lege proposamenak bultzatu ditugu. Bietan erabateko adostasunez onartu dira.

Zertan gauza daiteke ekimen hori egunerokoan?

Alderdi politikoek, sindikatuek eta enpresaburuek hartu dute parte ekimenean. Mintegi bat egin da eta adostasunez onartu ziren ondorioak. Horiek lege bihurtzea zen asmoa, baina, oraingoz, ez du aurrera egin, Konstituzioaren aurkakoa izan zitezkeelako. Ez legezko proposamen bihurtu dira. Ondorioz, gobernuak gonbidatzen ditu ildo honetan neurriak hartzera: politika publiko eta fiskalak bultzatzera edota langileen parte hartzea –kudeaketan, erabakietan eta emaitzetan, eta jabetzan– bultzatuko duten proposamenak sustatzera. Egindako eskaria gobernuek betetzen dutela bermatzeko eta jarraipena egiteko talde bat osatu da.

Ze enpresa ereduz ari gara?

Kooperatiben eta Sozietate Anonimoen arteko bidea da, hirugarren bide bat. Bide hau interesgarria da batez ere jarraikortasunik ez duten enpresa familiarrendako, krisian dauden baina era berean proiektua eta etorkizuna izan dezakeen enpresendako… Eredu malgua da, gainera. Jakina, ez da Iberdrolarendako eredua.

Gazteak nola gerturatu nahi dituzue balio humanistetara?

Hainbat gazte bildu ditugu proiektua gidatzeko. Bestetik, ikusten dugu elkartea ez dela oso ezaguna eta komunikazio plan bat egin dugu eta sare sozialak erabiltzeko talde bat ere badugu.

Arizmendiarrieta Kristau Fundazioarekin nahastu izan du batek baino gehiagok.

Zibila, irabazi asmorik bakoa eta akonfesionala da ALE, eta beste edozein erakunde publiko edo pribatutik independentea. Logikoa da askok Mondragon Taldearekin lotzea, elkarteko kide gehienok handik gatozelako, baina elkartea erabat independentea da; edozeini irekia. Ez konfesionala izateak bereizten gaitu Arrasateko kooperatiben sortzailea kanonizatzeko ekimenetan diharduen Arizmendiarrieta Kristau Fundaziotik.

Aurrera begira, ze duzue esku artean?

Gure helburuak garbiak dira: elkartea gizarteari ezagutzera ematea eta horretarako komunikazioa dinamizatzea; Mondragon Taldeari laguntzea gizarte eraldaketan; Arizmendiarrietaren pentsamendua eta balioak zabaltzea; Euskal Herriko enpresetan eredu parte hartzaile eta inklusiboa bultzatu eta zabaltzea…

Zuen ekimenez, Arrasaten badoa Arizmendiarrietaren figura zabaltzen.

Bai, esaterako, plaza bati jarri zaio On Jose Maria Arizmendiarrieta izena; edota udaletxean jarri da Arizmendiarrietaren erretratuaren margolan bat…

ALE zenbateraino da ezaguna jendartean?

2007 urtean sortu genuen elkartea, kooperatibetatik erretiroa hartzen hasi zen jendearen ekimenez. Horiek uste zuten On Jose Maria Arizmendiarrietaren figura ahaztua geratzen zihoala, batez ere kooperatiben korporazioa handitzen zihoan heinean.

Zenbat bazkide ditu?

385. Horietatik, pertsona juridikoak 50 eta gainerako 335, pertsona fisikoak. Entitate kolaboratzaileak ditu, diruz laguntzen dutenak, ulertzen dutelako gizarteari onura bat egiten diogula. Horien artean Laboral Kutxa da nagusia. Proiektu zehatzen araberakoa da laguntza hori. Gainerakoan, bazkideen kuotetatik finantzatzen dugu elkartea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak