Goiz 'abesten' duten 'oilarrak', kezkatuta

Xabi Gorostidi 2019ko uzt. 1a, 17:32
Saltzaileak eta erosleak, bariku baten, azokan.

Goiz 'abestearren' 'oilategia' –azoka– ez ixtea nahi dute 'oilarrek' –saltzaileak–; azoka inguruko bizilagun batzuek hainbat kexa jarri dituzte goizean goizeko zamalanen zaratagatik, eta, Arartekoak neurriak hartzera presatu ostean, Udalak sonografoa jarri zuen.

Arrasateko azoka plazako saltzaileek arduraz hartu dute euren lanak eragiten duen zarata neurtzeko sonografo bat jarri izana. Urteak dira azoka "abandonatuta" ikusten dutela, eta, Arartekoak presatuta, Udalak jarritako neurgailuaren harira euren kezka eta ardura helarazi nahi izan diete agintariei. "Ez dugu ulertzen gertatzen ari dena; mundua munduaren aurka. Bizi dugun garai honetan, edozer gauzak egiten du enbarazu, eta zentzua gailendu beharrean lege injustuak dira nagusi; isilarazte agindu modernoak, langile batzuen aurka. Bai, azokan produktu freskoak saltzen ditugun langileak gara: finkoak, ibiltariak, baserritarrak... Hona datozen bizilagunek beharrezko dituzten elikagaiak ekartzen ditugu", diote alkateari igorritako gutunaren lehen zatian.

Erosleak, ilaran, ostiral goiz batean. 

Bizilagunen kexak

Sonografoa jartzearen atzean inguruko bizilagun batzuen kexak daude. "Bat edo bi dira, asko jota. Jakin dugunez, azokako zarataren kexaren aurretik, bizilagun horiek kexak jarri zituzten kale garbiketako makinek zarata ateratzen zutelako goizean goiz. Udalak arrazoia eman ei zien, eta garbitzaileen ibilbidea aldatu egin zuten euren etxepetik beranduago pasatzeko. Eta, orain, azokako zaratengatik ari dira kexaka", azaldu dio GOIENAri saltzaileetako batek. Udal iturriek ere baieztatu dute bizilagun horiek aurrez garbiketa makinengatik kexatu zirela.

Kexak jarri dituzten bizilagunak aurrez garbiketa makinen zaratagatik kexatu ziren

Udaleko Hirigintza Saileko iturrien arabera, 2017an jarri zuten lehen kexa, 05:00 aldera hasten dituzten zamalanen zaratarengatik, eta ostean, kexa horiek Arartekora helarazi dituzte. Goizean goizeko zamalan horien harira, zera adierazten dute saltzaileek alkateari igorritako oharrean: "Goizean goiz hasten gara lanean, betidanik egin izan dugun legez: 05:30 eta 06:00 aldera. Gaueko lan-txandetatik isil-isilik irteten diren bezeroei ematen diegu zerbitzua, baita 07:00etan lanean hasten diren horiei ere, lanera joan aurretik azokatik pasatzen diren irakasleei, egunari probetxu handiagoa atera nahi dioten etxekoandreei, bilobak eskolara eraman aurretik errekaduak eginda uzten dituzten horiei... Alkate andrea, horiek guztiak herriko historiaren parte dira, eta hor gaude gu, elikadurarekin zorrotzak diren herritar horiei guztiei zerbitzua ematen". 

Zamalanen zarata

Saltzaileen arabera, 05:30ean hasten diren zamalanetan ez dago ulurik edo saihestu daitekeen bestelako zaratarik. "Batzuentzako, traba moduko bat gara. Ordu horietan heltzea, kamioia edo furgoneta aparkatzea eta ateak zabaltzea enbarazu iturri dira. Ordu horietan ez da ahotsik entzuten, ez da ulurik entzuten... dagoen bakarra elikagaiak deskargatzeko karroak alderik alde daramatzaten langileak dira, erosle isilen karrotxoak, eta 'egun on' xumeren bat edo beste... besterik ez. Ez dakigu zenbat jenderi egiten dion traba gure jardunak. Baina badakigu 06:00 eta 06:30 artean jende asko gerturatzen dela azokara, eta guk prest egon nahi dugu bezero horiek heltzerakoan ahalik eta zerbitzurik onena emateko". 

Erosleak, ohiko karrotxoekin, azokara sartzeko gertu. 

"Zentzuz" jokatzea

Bizilagunen atseden eskubidearen eta azokako erabiltzaileen arteko interes talkaren aurrean "zentzuz jokatzea" eskatzen dute saltzaileek. "Goiz jaikitzen garen langileon zarata neurtzeko gailu bat jarri berri digute. Baina ondo legoke herritarrei ematen diegun zerbitzua neurtzeko zerbait jartzea ere. Sekula ez digu inork eskerrik eman gure lanagatik, merkatuek herritarren bizitzan duten lekuagatik. Merkatuek eragin zuzena dute herritarren elikaduran, eta herritarrek eskubidea dute zein janari erosi nahi duten aukeratzeko eta non erosi nahi duten aukeratzeko ere. Hala, zentzuz jokatzeko eskatzen diogu Udalari, eta ez dezala oilategia itxi, oilarrek goiz abestearren". 

Udal Gobernuaren erantzuna

Saltzaileen kezka ikusita, Udal Gobernuak haiekin bat egiten duela adierazi du, "Arrasateri historikoki eman dioten zerbitzuaren jabe" direla iritzita. "Arartekoak neurriak hartzera presatu gaitu, eta zarata hori objektiboki neurtzeko jarri dugu sonografoa. Baina ez dugu oraindik gaiari buruzko erabakirik hartu".

Une honetan ez dago sonograforik

Udal iturrien arabera, duela bi aste jarri zuten zarata neurtzeko gailua, "Arartekoak neurriak hartzera presatu eta gero; bertako zarata kuantifikatzeko urrats bat izan da". Ekainaren 21az geroztik ez dute berriz jarri, eta une honetan ez dago zarata neurtzeko gailurik.  

Mondragones kaleko farola horretan jarri zuten sonografoa.

Egungo funtzionamendua

Azoka astelehenetik zapatura egoten da zabalik, eta astean birritan merkatua egoten da: eguaztenetan eta barikuetan. Bi egun horietan, 06:30ean irekitzen dituzte ateak bezeroentzat, eta zamalanak 05:00 eta 05:15 artean hasten dira, Hirigintza Sailaren arabera. Gainontzeko egunetan, 07:30- 13:30 ordutegiarekin funtzionatzen du azokak. Une honetan, bi postu finko daude –Polleria Clari eta Congelados Ana–, eta hamahiru saltzaile ibiltari. 

Udaltzainik gabe

2019ko urtarrilaren 1a ezkero, azokan ez dago udaltzainik. Ordura arte, udaltzain bat egoten zen bertan, azoka ixten eta zabaltzen, edota aparkalekuen funtzionamendu egokia zaintzen. Haren funtzio administratiboak –informazio banaketa eta saltzaileen eta Udalaren arteko bitartekaritza, kasu– udal langile batek hartu ditu eta trafikoarekin lotutakoak, adibidez, gainontzeko udaltzainek. Aldaketa horien ondorioz, eguaztenetan eta egubakoitzetan –merkatua dagoenean– ordu erdi geroago zabaltzen da azoka. Saltzaileek kexa helarazi zioten Obren, Zerbitzuen, Mantenuen eta Auzoen batzordeari, baina hark atzera bota zuen, aldaketa horrek ez lukeela ondorio negatiborik ekarri beharko argudiatuz. 

Azoka biziberritzeko ekimena

2014an, azoka berrizteko ekimena eman zuen aditzera Udal Gobernuak, Bagara enpresarekin elkarlanean garatutakoa. "Azokaren kudeaketa eredua zehaztu eta hori pleguetara eraman gura dugu. Orain arteko kudeaketa publiko hori partekatua izatea gura bada, hori pleguetan islatzea da asmoa", azaldu zuen Bagarako Nagore Iraolak, indarrean zeuden plegu eta ordenantzak agortzear zeudela. Azoka berriaren diseinu arkitektonikoa Arrasateko Telleria arkitekto bulegoak egingo zuela ere jakinarazi zuten. 

500 herritarrei inkesta

2016ko maiatzean, 500 herritarri inkesta telefonikoa egitea enkargatu zuen Udalak, azokaren beharrei buruz galdetzeko. Kokapenari dagokionez, inkestatuen %60k erantzun zuten ez zela behar azoka jartzeko eraikin berri bat eta %33k, aldiz, baietz. %90ek erantzun zuten zerbitzu guztiekin hornitutako azoka moderno bat behar duela Arrasatek.

500 herritarrei inkesta egin ostean %60a dagoen tokian mantentzearen alde agertu ziren

 

Gehiengo handi batek eskatu zuen oraingo azokaren instalazioak birmoldatzea eta hobetzea, irekitze egunak eta ordutegia zabaltzea eta saltoki eta zerbitzu gehiago jartzea. %65ek adierazi zuten instalazioen egoera erdipurdikoa edo txarra dela, eta %92k bideak eskatu zituzten herritarrek azokarekin lotutako proposamenak egiteko.

 

Hala, 2017ko martxoan, egutegi, zerbitzu eta baliabide alorrean zein aldaketa egin behar diren jasotzeko parte hartze prozesua abiarazi zuen OZMA batzordeak, eta bertako ondorioak mahai sektorial batean landuko zituela iragarri zuen, saltokien emakidadunekin, baserritarrekin eta udal teknikariekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak