"Pena ematen digu uzteak, baina erreta geunden"

Xabi Gorostidi 2019ko eka. 28a, 13:23
Marian Angeles Telleria eta Jesus Mari Muñoa, Azoka Plazako postotxuan; 46 urteren ostean gaurkoa izango Arrasatera datozen azken aldia.

Maria Angeles Telleriak eta Jesus Angel Muñoak 46 daramatzate Mutiloatik Arrasatera etortzen gaztak eta arrautzak saltzera, baina gaurkoa azken eguna izan da. Arrasatera etortzen ez jarraitzea erabaki dute –nahiz eta beste leku batzuetan saltzen jarraituko duten– eta emozioz beteriko eguna bizi izan dute gaur, betiko bezeroen berotasuna jasoz.  

Zenbat urte Arrasatera etortzen?

46 urte eta hilabete batzuk. 64 urte dauzkagu; beraz, 18 urte genituenetik etorri gara hona. Bizitza osoa.

"Ez dago apenas erreleborik; ez saltzaileen artean, eta ezta erosleen artean"

Erretiratu egingo zarete ala jarraituko duzue beste plaza batzuetan?

Beste batzuetan jarraituko dugu. Orain arte, astero zazpi plaza egiten aritu gara, eta, azkenaldian, lau plazatara jaitsi gara. Arrasaten egoteko baimena ekainean bukatzen zaigu eta ez berritzea erabaki dugu, Arrasaten egoteagatik ordaintzen duguna garestiegia baita. Beste plaza batzuetan ordaintzen duguna baino hiru edo lau aldiz garestiagoa.

Azoka munduan esperientzia mardula duzue. Nola ikusi duzue urte hauetan guztietan merkatuak izan duen bilakaera?

Gure kasuan, salmenta onak izan ditugu beti, baina nekatzen hasiak gara. Adibidez, Arrasatera edo beste edozein plazatara joateko 04:00etan esnatu behar dugu. Eta gero, nabaria da belaunaldi berrien falta. Ez dago apenas erreleborik; ez saltzaileen artean, eta ezta erosleen artean.

"Arrasaten egoteagatik ordaintzen duguna garestiegia da; beste plaza batzuetan ordaintzen duguna baino hiru edo lau aldiz garestiagoa"

Lekuko falta hori ez da ona izaten...

Hala da... zenbat eta saltzaile gutxiago egon, orduan eta traba eta arazo gehiago. Arrasaten, begira zenbat postu dauden hutsik. Penagarria da; erakargarritasuna kentzen dio. Zenbat eta saltzaile gehiago egon, orduan eta erosle gehiago.

Zer falta du Arrasateko azokak, beste garai batzuetan zuen itxura berreskuratzeko?

Nik ezagutu dudanetik, inork ez dio aurpegia garbitu azoka plazari. Duela gutxi egon zen ahalegin bat, saltzaileekin eta baserritarrekin elkarlanean azoka berritzeko, baina asmotan geratu zen.

Aurpegia garbitu ez, eta orain sonografoa...

Goizeko lehen orduan oso bezero fidelak ditugu, benetan erostera datozen horiek, baina traba egiten dugu, antza... erreta amaitu dugu horrelako gauzekin.

Bezero asko iladan, Mutiloako bikotearen produktuak azken aldiz erosteko, eta hauek agurtzeko.

Zer-nolako bezeroak dira Arrasatekoak?

Bada, oso onak. Pena handia ematen digu uzteak, bizitza osoko bezeroak uzten ditugulako; baina erreta geunden. Gugatik balitz, gustura etorriko ginateke beste hiru aste gehiago, salgai duguna agortu arte, baina hori ere ez da posible izango.

Arrasaten utziko dituzuen bezero fidel horiek non jarrai dezakete zuen produktuak erosten?

Arrasatetik gertuen Zumarragako azokan aurkituko gaituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak