Aitor Lopez Rekarte: "Nahiko nuke profesionaltasunera bideratuta dauden jokalariekin lan egitea"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko eka. 28a, 10:09

Espainiako Federazioak eskaintzen duen UEFA Pro entrenatzaile titulua atera berri du arrasatearrak. Xabi Alonso, Xavi Hernandez eta Raul Gonzalez izan ditu ikaskide, besteak beste. Bizi izan duen esperientzia azaldu du Lopez Rekartek. Irailean aulkiren batean eserita egoteko esperantza duen arren, egun, talde barik dagoela nabarmendu du.

Entrenatzaile titulua atera duzu.
Bai; Madrilen egon naiz ia bi hilabete, eta nahiko kurtso gogorra izan da. Normalean urtebeteko lana izaten dena sei astean egin dugu. Ordu asko sartu ditugu. Nabarmendu behar da, baina, gu pribilegiatu hutsak garela. Holako titulu bat hain epe motzean egitea ez da normala.


Ikaskide izan dituzu goi mailako futbolari ezagunak. Eurengandik ere ikasi duzu?
20 izan gara taldean, eta horietako batzuk ezagunak. Bai, horiengandik ere ikasi dut; esperientzia handia dute eta futbolak esparru asko ukitzen ditu.


Futbola asko aldatu dela diozu, eta entrenatzaileak esparru guztiak kontrolatu behar dituela. Zergatik?
Bai, esparru guztiak kontrolatu eta kudeatu behar ditu entrenatzaileak. Hor lana dago. Taldearekiko kudeaketa, taldea nola formatzen duzun, elkartearen beraren kudeaketa... eta gaur egun zailena izan daitekeena da sare sozialak kudeatzea. Uste dut hor dagoela gakoa. Horiek kontrolatzea ia ezinezkoa da, baina, behintzat, ondo kudeatzea. Erreminta oso onak dira, baina behar da denon artean arau batzuk jartzea ahalik eta ondoen erabiltzeko sare sozialek eskaintzen dituzten erremintak.


Jokatzeari utzi zenionean, futbola alde batera utzi zenuen. Urte batzuk pasa dira entrenatzen hasi zarenera arte. Zergatik?
Jokalari moduan, futbolarekin izandako azkeneko harremana izan zen apur bat gogorra. Bizi izan nituen esperientziak izan ziren: Reala Bigarren Mailara jaistea; gero, Almeriara joan nintzen, baina urte bakarra egin nuen han; handik bueltan talde barik nengoen eta Eibarren bukatu nuen, baina Eibar ere Bigarren Mailara jaitsi zen... Esperientzia horiek nekatu egiten dute.

Zerk piztu zizun futbolera bueltatzeko gogoa?
Beste gauza batzuk egiten ibili naiz eta denbora pasa denean galdetu diot neure buruari ea gustuko dudan zer egin dezakedan. Argi nuen erosoen futbolean nengoela eta erabaki nuen probatzea. Formatu egin nintzen: Kirolene-k eskaintzen duen goi mailako titulua lortu nuen. Hor konturatu nintzen zelaian egotea, jokalariekin egotea... asko gustatzen zaidala. Nire lanbidea hori izan daitekeela ikusi nuen. Baina oraindik asko daukat egiteko. Gaur egun, talde barik nago. Azkeneko lau urteak Deus-to Donostian egin ditut entrenatzaile, Ohorezko Erregional Mailan.

Ze futbol estilorekin identifikatzen zara?
Estilo askorekin, baina nik uste dut entrenatzaileei gustatzen zaiguna baloia edukitzea dela. Hala ere, gakoa da egokitu egin behar dugula edozein egoeratara. Saiatzen naiz alderdi guztiak lantzen, eta dituzun jokalarien arabera modu batera edo bestera entrenatu. Daukagun esperientzia eta ideiak ordenatzea tokatzen da orain. Eta egokitu egin behar duzu zure jokalariei eta baita aurkariari ere.

Ze egoeratan zaude orain?
Ate joka nabil, jendeari deitu... eta bidea egiten. Deuston izan dudan esperientzia oso ona izan da; kategoria horietara egokitzea ez da erraza; jokalariak ez dira profesionalak. Nahiko nuke profesionaltasunera bideratuta dauden jokalariekin lan egin.

Lehenengo Mailan dauden bost euskal taldeek entrenatzaile euskaldunak dituzte.
Mirestekoa da. Ez da erraza holako herri txiki batean horrenbeste talde egotea Lehenengo Mailan, eta, gainera, etxeko entrenatzaileekin. Harremana dut ia gehienekin. Ez da erraza izango mantentzea, Lehenengo Maila oso zorrotza delako, eta emaitzek agintzen dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak