Musakolako astoa, 20 urteko arrastoa

Xabi Gorostidi 2019ko eka. 21a, 12:34

Iban Diaz 'Jefe', Iban Goñi –azken auzo-alkatea–, Marino Yuste, astoa, Mikel San Miguel eta Eduardo Celemin 'Txelis'.

Eguaztenean, ekainaren 19an, 20 urte bete ziren Arruena parkean astoaren estatua jarri zutela. 2.000.000 pezetako kostua izan zuen, herritarrek eta auzoko enpresek ordaindu zuten, eta lau urteko borrokaren ostean lortu zuten astoa jartzeko baimena.

Astoa burugogortasunarekin lotzen den animalia da; asto bat baino burugogorragoa zara esaldia da horren adierazle. Eta Musakolako bizilagunek –astakilo samarrak direnez–, burugogorkeria horri esker lortu zuten auzoko ikur den astoaren eskultura jartzea. Ideia izan zutenetik eta jarri zuten arte lau urte igaro ziren, eta ate asko jo zituzten asto famatua Arruena parkean jartzeko.

1999ko ekainaren 19an astoa jarri zuteneko argazkia; astoaren albo bakoitzean argazki nagusiko bi protagonista –Yuste eta Celemin–. (Argazkia: 2000. urteko jai egitaraua).

300 kiloko brontzezko eskultura da Umerezen artelana, eta Eskoriatzako Bolibar auzoko asto batean dago inspiratuta.

"Ideia auzo-alkatetzan sortu zen, Juan Ignacio Biain bertako buru zela. Lau urtez aritu ginen jartzeko ahaleginetan. Xabier Zubizarreta Txiron alkate zela ez genuen jartzerik lortu, eta, 1997an egin zioten zentsura mozioaren ostean, berriz ekin genion hiruko Gobernuaren ordezkariekin. Hala ere, Loitik ere ez zuen begi onez ikusten astoa jartzearena. Gogoratzen dut hainbat traba jarri nahi izan zizkigutela: astoaren lursaila ordainarazi, astoa jartzeko lanen obra-baimena ere kobratu nahi ziguten... dena ziren trabak!", gogoratzen du orduko auzo-alkatetzan zegoen Eduardo Celemin Txelis-ek.

Auzotarrek ordaindua

Astoa egiteko bi aurrekontu eskatu zituzten, eta Lourdes Umerez eskultore eskoriatzarraren alde egin zuten. Eskultura 2.000.000 pezeta kostatu zen, eta, bidean aurkitutako trabak ikusita, euren kabuz lortu zuten finantzaketa. "Bi kontu-korronte jarri genituen, eta auzotar ugarik egin zuten ekarpena. Alkatetzatik bagenuen aldez aurretik aurreztutako zerbait, baina zati handiena ekarpenen bidez lortu genuen. Aipagarria izan zen JMA eta Joma enpresek jarri zuten diru-kopurua", oroitzen du Celeminek.

Astoaren neurriak adosteko Umerezek pasatako zirriborroa.

300 kiloko brontzezko eskultura da Umerezen artelana, eta Eskoriatzako Bolibar auzoko asto batean dago inspiratuta. Astoaren forma dela eta Bizkaiko Foru Aldunditik diru-laguntza bat lortzeko zorian egon ziren, baina ez zen posible izan.

Eskulturaren kokapena

Eskultura jartzeko oniritzia lortu ostean, buruhausteak eta tirabirak ez ziren guztiz amaitu. Korapilo sorta horretako azken kapitulua astoaren kokapenarekin lotuta zegoen. "Hemen ere ezin ados jarri... baina argiak izan ginen, eta Udalekoek amua jatea lortu genuen, Lourdes Umerez gantxo bezala erabilita. Udalekoek puntu batean kokatu nahi zuten, eta guk, ordea, beste batean. Baina guk nahi genuena lortzeko, are urrunago zegoen toki bat planteatu genuen. Estrategia honako hau zen: Udalekoen eta gure artekoen negoziazioa hasterakoan, Lourdesek erdibideko puntu bat proposatzea, errealitatean guk nahi genuen puntua zena. Biain alkateari okurritu zitzaion, ziur baitzegoen Umerezen erdibideko proposamenari baiezkoa emango ziotela Udalekoek".

Baina kokapen zehatza erabakita, azken tirabira bat falta zen oraindik: astoa nora begira jarri. Eta hemen ere auzotarren nahia bete zen, berriz ere, Umerezen bitartez. "Guk astoa Eroskira begira jarri nahi genuen, harekin argazkia ateratzerakoan Musakola atzealdean agertzeko. Baina Udalekoek ez zuten astoa Bergarara begira jarri nahi, euren ustez herritik joaten ari zela irudikatuko zuelako. Baina Lourdesen laguntza izan genuen berriz ere. Hark azaldu zien Bergarara begira jarri arren, argazkiak ateratzerakoan Arrasate agertuko zela atzean, eta, azkenean, konbentzitu egin zituen", gogoratzen du Marino Yustek. 

Astoa ikur, zergatik?

Musakola baserri-auzoa izan da betidanik. XX. mendeko industrializazioaren eraginez gaur egun duen itxura hartu zuen, baina urte luzez belardiak eta baserriak izan dira nagusi. San Isidro bera auzoko patroi izateak ere hori baieztatzen du, hura baita nekazarien patroia. Beraz, hortik abiatuta, erraz uler daiteke auzoak asto bat izatea ikur gisa. Baina zergatik astoa? Eta ez behi bat, adibidez? Auzoko beteranoen azalpenen arabera, 50eko hamarkadan du jatorria astoaren kontuak. Ate joka dauden San Juan Jaiak heltzerakoan, auzoko gazteek kalerako bidea modu berezian egiten zuten: San Isidro elkarte gastronomikotik abiatzen ziren eta asto bat eramaten zuten erdialdera parrandan. "Diotenez, kalera heltzerakoan astoa mozkortzen zuten".

Joxe Aranzabalek badu astoa erabiltzen zen beste froga bat. "Gogoan dut argazki bat, non nire Angiozarko osaba itsua astoaren alboan agertzen zen soinua jotzen. Antza, sanisidrotan kalejira egiten zuten Iturriperaino; astoarekin eta soinuarekin. Ostean, Iturripeko futbol zelaian, ezkonduek ezkongabeen kontra jokatzen zuten eta partida amaitutakoan, Musakolara itzultzen ziren, berriro kalejiran".

Irudian Felix Aranzabal 'Angiozarko itsua' soinujoea, ondoan Felipe Vitoria duela –urteetan jazzbana jotzen zuena sanisidroetan–; aurrean, erratzarekin, Saburdi baserrikoa, eta astoa eramaten Altxibar baserrikoa. (Argazkia: Joxe Aranzabal).

Jaietako karteletan, adibidez, 1989an erabili zuten lehenengo aldiz astoaren irudia. Orduan hasi zen gaur egun arte mantendu den astoaren eta dragoiaren ikonografia zirikatzailea. Auzo-alkatetzan ondo gordeta dute 89ko pegatina hura, non astoak ostiko galanta ematen dion dragoiari. 

1989ko urteko jaietako pegatina.

Auzo-alkatetza eta jaiak, kolokan

Une honetan auzo-alkatetzarik gabe dago Musakola. Iban Goñi izan da alkatea azken hamar urteetan, baina maiatzaren 26az geroztik hutsik dago alkatetza. "Auzo-alkate figura indarra galtzen ari da.

"Hainbat auzokide gerturatzen zaizkit kexak helaraztera, eta BAZera eramaten ditut. Baina erantzunak oso berandu datoz, eta, bitartean, ez naiz gai auzokideei ganorazko erantzunik emateko"

Lehen, hilean behin batzartzen ginen Udalean, Hirigintza batzordean, eta auzokideengandik jasotako kexak helarazten genizkien Hirigintzako arduradunei. Baina azken agintaldian, bilera horiek desagertu egin dira, eta kexa guztiak BAZetik bideratzen dira. Niri, hainbat auzokide gerturatzen zaizkit kexak helaraztera, eta BAZera eramaten ditut. Baina erantzunak oso berandu datoz, eta, bitartean, ez naiz gai auzokideei ganorazko erantzunik emateko. Postari lanak egitea bezala da".

2020ko jaiak, kolokan daude

Aurtengo San Isidro jaietako egitarauko agurrean, jai batzordeak argi esan zuen ez duela jarraitzeko asmorik, eta 2020ko jaiak kolokan daude une honetan. "Udalak jaietarako ematen digun dirua gutxituz joan da azken urteetan. Horrez gain, fakturetako asko berandu ordaintzen dizkigute, zazpi edo zortzi hilabetera, eta dirua aurreratu behar izaten dugu. Guztia trabak dira, eta horrela ezin genuen jarraitu. Boluntarioki egiten dugu lan, irabazi asmorik gabe eta gure denbora librea auzoari eskainiz, eta hala lan egiten duzunean, trabek askoz min handiagoa ematen dute", azaldu du Goñik.

Auzoaren aldeko ekintzak

Azken hamarkadan, auzo alkatetzak auzoaren aldeko hainbat ekintza sustatu ditu. Eguaztenero elkartu izan dira, buruari bueltak eman eta auzorako ekintzak prestatzeko.

Musakolatik antolatutako sagardotegi bateko talde argazkia. (Argazkia: Iban Goñi).

"Ahalegina egin dugu auzoa biziberritzeko, baina hori guztiori galtzeko zorian dago orain".

Musakolako BTT proba, Gazte Eguna, bertso-afaria, urtero arrakastatsua den sagardotegira irteera –sarrerak segituan agortzen dira eta hiru autobus betetzen dituzte–, olagarro-jana –bi urtez egin zuten, eta inguruko tabernetako ardo zuria agortu egin zen–, Musakolako Balkoira erromeria eta abenduaren 31n egin zuten I. San Silvestre proba dira batzuk.

Olagarro-jana egin zuteneko irudia; lehen urtean 60 kilo eskatu zituzten, bigarrenean, ordea, 100 kilo.

"Ahalegina egin dugu auzoa biziberritzeko, baina hori guztiori galtzeko zorian dago orain".

"Txikiteoa eta loteria"

Marino Yuste: "Eguaztenero batzartzen ginen auzo-alkatetzako ordezkariak, eta orain arte horrela iraun du. Ez dago auzorik herrian hori egiten jarraitzen duenik. 90eko hamarkadan, garai gogorrak ziren politikoki, baina EAJko, HBko, PSE-EEko eta IUko ordezkariek astero egiten genuen batzarra, ostean txikiteoa, eta beti erosten genuen loteria; giro benetan sanoa genuen gure artean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak