Gaur goizean hartu dute kargua 2019-2023 agintaldian arrasatearrak ordezkatuko dituzten 21 zinegotziek. Osoko bilkura aretoa jendez bete da; zinegotzien senideak eta lagunak ziren gehienak, baina baita zinegotzi ohiak eta kazetariak ere.
Protokoloari jarraiki hiru kideko adineko mahaia osatu dute zinegotziei kargua emateko: idazkariak, zinegotzi adindunenak eta zinegotzi gazteenak. Kasu honetan EAJko Juan Ramon Mendieta –65 urte– eta EH Bilduko Nerea Hernandez –26 urte– izan dira mahaia osatu dutenak.
Jarraian karguei zin egin diete, banan-banan zinegotzi guztiek. Gehienek zin "egiten dut, legeak hala behartuta" formula erabili dute, baina EH Bilduko batzuek "Espainiar konstituzioak hala behartuta, eta Euskal Errepublika izan arte, zin egiten dut" bezalako espresioak erabili dituzte. Bitxikeria bezala aipatzea, Oscar Garcia sozialistari gutxigatik ez diotela txanda-pasa egin, eta EH Bilduko Aitor Zubiagak eztarriak trabatuta hitz egin duela, eztula egin arte.
Hamabi boto jasota, Ubarretxena alkate
Behin karguak hartuta, alkatea izendatzeko ordua heldu da. Kargua hartu berri duten zinegotziek egurrezko kutxa batean sartu dute euren botoa, eta ostean, Nerea Hernandezek egin du kontaketa. Ez da sorpresarik izan, eta EAJko Maria Ubarretxena izendatu dute alkate, hamabi botorekin: EAJrenak eta PSE-EErenak. Maider Morrasek zortzi boto jaso ditu, eta Igor Urizarrek, aldiz, bat.
Alkatearen eserlekuan jarri bezain pronto hitz hartzea egin du Ubarretxenak: "Ohorea da berriz ere Arrasateko alkatea izatea. Izan dudan lanik zailena da, eta baita politena ere. Herriaren alde lanean jarraituko dugu, gogoz eta ilusioz gure proiektu komunitarioa defendatzen. Bizikidetzaren alorrean eman ditugun urratsei jarraipena eman behar diegu, eta denon artean Arrasate euskaldunago, iraunkorrago eta parekideago lortzeko lan egin. Gardentasunez egingo dugu lan, eta akordio zabalak lortzen ahaleginduko gara". Zinegotzi berri guztiak zorionduz amaitu du bere hitz hartzea.
Maider Morrasek eskerrak eman dizkie EH Bilduren proiektuari "babes zabala" eman dioten arrasatearrei. "Lanerako indarrez gatoz, eta zintzotasunez egingo dugu. Buru-belarri arituko gara Arrasate euskaldunago, feministago, ekonomikoki justuago eta jasangarriago bat lortzeko ahaleginean". Preso jarraitzen duten Josu Arkauzi eta Unai Paroti aipamena egin die –baita iheslariei ere– eta esan du "ea azken aldia den" udalbatza bat eratzean presoak aipatzen direna.
Oscar Garciak ez du hitza hartu nahi izan, bai, ordea, Elkarrekin Podemoseko Igor Urizarrek. "Arrasaten eskuinak beste lau urtez aginduko du; beste legealdi bat non enpresa pribatuari alfonbra gorria jarriko zaion, arrasatear guztiona den ondareaz".
Amaieran agurrak eta besarkadak izan dira nagusi, baina gidoian ez zegoen pasarte bat ere gertatu da. Arrasateko Udalean zinegotzi sozialista gisa aritu izan den Matilde Martin Igor Urizarrengana gerturatu da –zinegotzi eserlekuan jarrita zegoelarik– eta tonu oldarkorrean zuzendu zaio egindako hitz hartzea kritikatuz. Oscar Garcia, konturatu bezain pronto, Martinengana joan da eta Urizarren albotik apartatu du.