Libertad Condicional taldea 2015ean sortu zen, eta ez zuten denbora alferrik galdu, urte hartan bertan eman baitzuten lehen kontzertua. "Institutuan taldeko bi gitarra joleak ezagutu nituen, Aramaiokoak baitira. Musika talde bat sortzeko ilusio itzela nuela esan, eta baiezkoa eman zidaten. Aramaion hasi ginen entseatzen, eta, urte bereko azaroan, Gazte Egun batean, egin genuen debuta. Gazte Txokoetako erabiltzaile ginen sasoi hartan, eta Never Surrender taldeko abeslari den Pottokok animatu gintuen lehen zuzenekoa jotzera", azaldu du taldeko abeslari eta baxu jole Peru Atxak.
Bizimoduaren jabe diskoa
Euren lehen diskoa grabatu berri dute eta jada salgai dago Jai-zale tabernan eta Txukun dendan. Hasiera batean, Arrasateko Shot! estudioan grabatu behar zuten, baina grabatzeko gutxi falta zitzaienean heldu zen estudioa kiskali zuen sutea. Shot!-en berriz grabatzeko denbora asko itxaron behar zutela ikusita, Drop taldeko bateria jole zen Alex Regañok Legazpiko Su Beltza estudioa gomendatu zien, eta hantxe grabatu dute euren lehen diskoa.
"Egoera ez da erreza. Punk-rock musika gero eta gutxiago entzuten da gazteen artean. Ez bakarrik punk-rocka: rock musika, orokorrean"
Estudioan lehen aldiz sartzerakoan askotariko zailtasunak izaten dituzte musikariek, eta Libertad Condicionaleko lagunen kasuan ere halaxe izan da. "Ahotsekin izan ditugu buruhausterik handienak. Gogoratzen dut lehen abestiko ahotsa sartu nuenean, taldekideak barrezka eta negarrez ari zirela kristalaren beste aldean. Grabatutakoa entzun nuenean, konturatu nintzen emaitza oso urrun zegoela guk nahi genuenetik. Baina, kostata izan bazen ere, lortu genuen gustura geratzea".
Musika panorama "zaila"
Arrasate askotariko rock taldeen iturburu izan da, baina gaur egun iturri horrek ez dauka duela 15 urte bezainbesteko urik. Hala ere, iturri zahar horretako ura edateko egarria duten gazteak badaude, eta Libertad Condicional taldea da horren erakusle.
"Rapak, trapak eta reggaetonak jan egiten dute rock-and-rolla. Horren aurka egitea zaila da, baina gu ahalegindu egiten gara".
"Gure estiloko bi musika talde bakarrik daude belaunaldi gazteen artean. Egoera ez da erreza. Punk-rock musika gero eta gutxiago entzuten da gazteen artean. Ez bakarrik punk-rocka: rock musika, orokorrean.Rapak, trapak eta reggaetonak jan egiten dute rock-and-rolla. Horren aurka egitea zaila da, baina gu ahalegindu egiten gara". Kontzertuak lortzeko zailtasuna dagoela diote: "Jendeak ez du talde hasiberrien alde egiten, eta gure erreferente izan diren taldeak jada ez dira hain aktiboak".