Lorea Ibarra arrasatearra, 'Akelarre' filmean lanean

Aitor Agiriano 2019ko eka. 8a, 17:41

Lorea Ibarra, ezkerretik hasita laugarrena, Akelarre filmaren errodajean. Argazkia: David Herranz.

1609ko Euskal Herrian girotuta, begirada feminista duen drama historikoa ari dira filmatzen egunotan: 'Akelarre'. Filmean aritzeko 800 hautagairen artean hautatu duten antzezleetako bat da Lorea Ibarra, eta 'Oneka' pertsonaia hezurmamituko du.

Pablo Aguero zinemagile Argentinarraren bosgarren film luzea da honako hau, eta sorginkeriaren gaineko prozesu judizialean oinarrituta dago, hain zuzen. Euskal Herrian, Nafarroan eta Iparraldean ari dira grabazioak egiten eta 2020an estreinatzea aurreikusten dute. Aktore gazteak ikusiko ditugu pantaila handian; tartean, protagonistaren lagunaren papera antzeztuko duen Lorea Ibarra.

Ez du aurrez antzezpen munduarekin hartu-emanik eduki, lehen aldia du oraingoa: "Casting" bat egin behar zutela esan zigun amaren lagun batek. Hasieran, ezezkoa eman nuen, bidaia bat egiteko asmotan nintzen eta. Baina ama temati izan nuen, eta, azkenean, bidali egin nuen argazkia".

Hautatze-proba luzea pasa behar izan du Ibarrak, filmeko sorginetako baten papera antzeztea lortu bitartean: "Egia esan, gauzatu nituen probak nahiko errazak egin zitzaizkidan. Separata bat bidaltzen ziguten, eta ez genuen guztiz ikasita eraman behar. Proba egiteko unean sekuentzia antzezten genuen, eta listo. Batzuetan, sentsazio onarekin ateratzen nintzen. Beste batzuetan, aldiz, gaizki egin nuen irudipenarekin". Azkenean, baina, hainbat hilabete pasa eta gero, filmean parte hartuko zuela jakin zuen: "Klasean nengoela deitu zidaten, eta oso pozik jarri nintzen. Egia esan, banuen deituko zidaten sentsazioa".

Zaila eta gogorra, baina polita

Filmaketa oso gogorra den esperientzia ari da izaten arrasatearrarendako. Grabazio ordu asko dituzte, eta ez da erraza. Dena den, oso esperientzia polita bizi izaten ari dela dio: "Hasi aurretik, banuen beldur bat, errodajera iritsitakoan ez ote nuen gainerako lau neskekin bat egingo, baina guztiz kontrakoa pasa da, oso harreman ona dugu eta primeran konpontzen gara".

Esperientziadun aktoreekin lan egiteko aukera ere ari da izaten, eta, asko ikasteaz gain, sekuentziak grabatzeko aholkuak ematen dizkiote haiek. Gainera, egoerak, giroak, jantziek... pertsonaian sartzeko erraztasuna ematen diotela dio. Oraingoz, behintzat, ez du Arte Dramatiko ikasketak egitea buruan: "Mundu hau ziurgabetasun handikoa da, eta beste ikasketa batzuk eduki nahiko nituzke. Hori bai, beste pelikula bat egi-teko deituz gero, egingo nuke".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak