Marian Porcel da Harreman dendako koordinatzaile berria

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 6a, 16:24

Marian Porcel Harreman dendan.

Hilabete darama, eta oraindik dendaren alde praktikoa ikasten ari dela dio, baina pixkanaka badoala ikasten. Bestalde, dendako txandak egiteko boluntario bila dabiltzala jakinarazi du Harreman GKEk.

"Niretzat, guztia berria da, inoiz ez dudalako denda batean lan egin. Dendaren eguneroko alde praktikoa ikasten ari naiz oraindik, eta boluntario guztiei eskertzen diet egin didaten harrera eta ematen didaten laguntza. Eurei esker banabil pixkanaka ikasten eta aurrera egiten", dio.

Bidezko merkataritza zer den zabaltzea inportantea dela uste du Porcelek. "Hemen euskarri bat ematen diegu garapen bidean dauden herrialdeetako ekoizle txikiei, nekazariei, eta abarri, eta euren produktuak benetan balio duten prezioan saltzen ditugu. Eskubide batzuk bermatzen ditu bidezko merkataritzak".

Ekoizleen lan-baldintza eta soldata duinak bermatzen dituzte, eta garapen bidezkoago eta jasangarriago bat bultzatzen dute, "hau, da, produktu organikoak –transgeniko eta kimikorik gabeak–, eta kalitatezkoak".

Kanpoko komertzio batzuetara eramaten dituzte produktuak: Arrasateko eta Bergarako Ereindajan, Esther belar-denda, Feli denda, Aramailur, Euzki okindegia, Labide, Namaste eta Sanprubusa (Sanpru SL).

Komertzioez gain, bailarako enpresekin ere ari dira lanean, vending kafe-makinetan bidezko merkataritzako kafea sustatuz. Fagor Arrasatek, adibidez, langileentzako otar batzuetan bidezko merkataritzako kafea eta txokolatea sartu dute.

Boluntarioak behar dituzte

Dendako txandak boluntario bidez egiten dituzte, eta boluntario guztientzako ateak zabalik dituztela jakinarazi dute. Interesa duenak, dendan bertan eska dezake informazio gehiago.

Elkartasun Eguna

Harreman GKEk Elkartasun Eguna egingo du zapatuan. Herrialde txiroetako arazoak ezagutarazteko eta horiei aurre egiteko helburua izango du, beste behin, eta zozketak, kontzertuek eta haurrentzako jolasak izango dira. Bidezko merkataritzako txokolatea eta gailetak eramango dituzte dendatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak