Errugbi munduan ibilbide oparoa eginda heldu zen Igor Isasi eibartarra Arrasatera. Hamar urtez elite mailan aritu zen jokalari: Eibar, Argentinako Euskarians, Donibane Lohitzune, Getxo, Kitmar Ordizia... Baina Arrasaten egindako lesio baten eraginez, jokalari izatetik entrenatzaile izatera pasa zen.
ARTren gidaritza hartu zuenean "talka" handi bat gertatu zen, batez ere, bertan aurkitu zuen konpromiso eta inplikazio mailak ez zuelako zerikusirik bere jokalari ibilbidean ezagututakoarekin. "Ez zegoen seriotasunik. Jende asko ez zen entrenatzera etortzen, eta ez zuten abisatu ere egiten. Ezin nuen hori onartu. Norbaitek behartzen zaituelako bazaude errugbian, uler nezake; baina bertako guztiak euren borondatez zeuden taldean", adierazi zuen Isasik duela lau urte egindako elkarrizketa batean.
Jokalarientzat ere talka handia izan zen. "Lehen urtean Valentzian nengoen, eta ezin izan nuen taldearekin jokatu. Baina gogoan dut taldekideek esaten zutena: 'Arrasatera etorri zen munduko talderik onena entrenatzera bezala'. Gu beti izan gara lagun talde bat. Errugbia ondo pasatzeko zerbait bezala ulertzen genuen, eta exijentzia maila ez zen beste kirol batzuetan dagoen bestekoa", azaldu du Xabi Gardokik, Isasiren aginduetara bederatzi denboraldi egin dituen jokalariak.
Baina Isasik ez zuen horren aurrean amorerik eman, eta, gutxika, diziplina jokalarien mentalitatean barneratzea lortu zuen. "Bere jokaera gogortu egin zuen, eta harremana ez zen erreza izan. Baina bere bideekin eta moduekin, onartu egin behar da oso ondo lortu duela diziplina geure buruei aplikatzea. Behin helburua lortzen hasita, bere jarrera ere malgutu egin zen, eta sekulako harremana izan dugu. Eta garrantzitsuena dena, errugbiari buruz dakien guztia irakatsi digu, eta kuadrilla bat izatetik errugbi ekipo bat izatera pasa gara berari esker".
Urtebeteko atsedena
Urtebeteko geldialdia egingo du Isasik, "etxekoekin egoteko denbora edukitzeko". Baina entrenatzea "faltan igarriz gero", ez du itzuleraren atea guztiz ixten.
Zein izan da Isasiren ekarpena ART-ri?

Xabi Gardoki
ART-ko jokalaria
"Gorrotatzetik maitatzera pasa izan naiz. Nire bizitzan aldaketa handi bat eragin duen pertsona izan da, ez soilik errugbi mailan. Bizi osorako lagun bat da niretzako. Asko eskertzekoa da talde honi egin dion ekarpena, eta uste dut talde guztiaren izenean esan dezakedan zerbait dela".

Jokin Dolara
ART-ko jokalaria
"Asko igarri da bere lana. Hasieran, arraroa egin zen berak ezarritako exijentzia maila, baina denborarekin kristoren fruituak eman ditu. Teknikoki eta mentalki beste maila batera igo ditu jokalariak. Asko irakatsi digu errugbiari buruz, baina baita balioei buruz ere".