Kirol egokitua ezagutzeko aukera izan dute gaztetxoek Leintz Eskola Kirolaren azken jaian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko mai. 25a, 11:57

Leintz Eskola Kirolak ikasturtea amaitzeko jaia egin du Arrasateko Iturripe kiroldegian. Ikasturteko ekintzetan parte hartu duten ikasleek kirolaz gozatzeko beste aukera bat izan dute gaurkoan; gainera, sentsibilizazio jardunaldia izan dute. Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren laguntzarekin kirol egokitua zer den eta badagoela ezagutzeko aukera izan dute.

Susana Santor Leintz Eskola Kiroleko koordinatzaileak azaldu du helburua ikasturteari "amaiera polita" ematea izan dela. "Ikasleei eskaini nahi diegu aukera denok elkarrekin ondo pasatzeko, eta horrez gain sentsibilizazio sustapen jarduera bat ere egiteko aukera izango dute", dio.

Ikasturtean zehar 1.100 ikasle inguruk jardun dute eskola kirolean –LHko 1.mailatik DBHko 2. mailara artekoak–. "Txikienek jolasak egiten dituzte Jolas-Hezi programaren bitartez, 3. mailatik 6. mailara artekoek multikirola izaten dute, eta nagusiak kirol batean espezializatuta daude", azaldu du Santorrek.

Kirolak dituen baloreak

Eskola kirolean lehiakortasuna bigarren plano batean geratzen dela gaineratu du Santorrek, eta sailkapenak egiterakoan beste faktore batzuk hartzen dituztela kontuan: "Taldearen jarrera, taldeak izan duen konpromisoa... horiek baloratzen ditugu".

Sentsibilizazio jardunaldia

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean sentsibilizazio jardunaldia antolatu dute. Federazioko koordinatzaile Josu Zubia izan da Iturripen: "Sentsibilizazio saioa antolatu dugu, gazteek ikus dezaten urritasunen bat dutenek ere kirola egin dezaketela; eta, horrez gain, inongo urritasunik ez dutenek lagundu egin dezaketela erakustea nahi izan dugu".

Gazteek "ondo pasatu" dutela dio, eta helburua bete dela: "Bailaran kirol egokitua ezagutzea. Batez ere sentsibilizazioa eta enpatia lortu nahi izan dugu", gaineratu du Zubiak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak