Etxebizitza "duinak", herritar guztientzako

Eneko Azurmendi 2019ko mai. 22a, 17:23

Eva Abuin, Igor Urizar eta Juan Luis Merino.

Hauteskunde programa aurkezteko agerraldia egin du gaur Arrasateko Elkarrekin Podemosek, eta azaldu dute kanpainan inork ez duela aipatu etxegabetzeen eta pobreziaren arazoa: "Etxebizitzarako eskubidea bermatu behar dugu, errealitate egin".

Kaleratzeak dira krisi ekonomikoak eragindako "arazo larriena", Elkarrekin Podemosen esanetan. "Arrasaten etxebizitzarako sarbidea arazo sozial hedatuena da", gaineratu dute. Hori dela eta, alokairurako dirulaguntza programa baten aldeko apustua egiten dute. "Errenta baxuko pertsonak, gazteak, guraso bakarreko familiak, pentsiodunak, eta abar lehenetsiko ditugu".

Horrez gain, etxebizitza hutsik duten jabe txikien artean, etxebizitza alokairuan jartzeko sustatze programaren alde egiten dute, eta alokairu sozialaren plan estrategikoa lehenbailehen martxan jartzeko beharraz ere ohartarazi dute.

Pobreziaren arazoa

Arrasateko biztanleriaren %13 "pobrezia mugaren azpitik" bizi dela diote. "Prekarietateari dagokionez, biztanleriaren heren bati eragiten dio, gutxienez. Langabezia-tasa %10ekoa da, Gipuzkoako altuenetarikoa". Horri aurre egiteko, gizarte politikak eta zerbitzuak areagotu eta hedatzeko konpromisoa hartu dute, "beharra duten arrasatear guztiei oinarrizko bizi baldintzak bermatzeko". Bestalde, pobreziaren eta prekarietatearen azterketa kuantitatiboa egitea proposatzen dute. Eredu fiskal progresiboaren alde daude, "gehien dutenek gehiago ordainduz eta alderantziz".

Auzoen plan estrategikoa

"Askotariko errealitateak" dituzten 15 auzo daude Arrasaten. Auzoen plan estrategiko baten bitartez, "auzoen batzordea" eratzea proposatzen dute, auzo alkatetza guztiak koordinatuko dituena, "auzo bakoitzari eskumen eta aurrekontu propioak emanez, auzokideak era demokratikoan erabakiak har ditzaten, partaidetzaren bitartez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak