Autobus geltokia lekuz aldatu eta berri bat jarri nahi du EH Bilduk

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 22a, 14:03

Maider Morras eta Aitor Zubiaga, Arizmendiarrieta Plazan.

Handik gertu jarriko lukete berria; Arizmendiarreta Plazaren belarditik Kontzezinoko biribilguneraino dagoen eremuan hain zuzen. Geltoki berriaren kokalekuak "Roneoko, Garibaiko eta Gelmako guneetako zarata eta autobus trafikoa" murriztea du helburu, eta baita "oinezkoei eta bidegorriei ahalik eta gune gehien emateko aukerak zabaltzea".

Mugikortasun arloa "hobetzeko" eta oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emateko, Garibaiko autobus geltokia lekualdatzea proposatzen du EH Bilduk.  "Egingarria da; hainbat adituk hala esan digute. Oraingoz ideia bezala aurkezten dugu, eta proiektu zehatza egin baino lehen parte hartze prozesu bat egin nahi dugu: bizilagunekin, garajeak dituztenekin, Biteriko aparkaleku erabiltzaileekin..." azaldu du Maider Morrasek. 

Hala azaldu ditu Morrasek aldaketa honek ekarriko lituzkeen onurak: "Herriko zirkulazioa optimizatu eta oinezkoei eta bidegorriei ahalik eta gune gehien emango genieke. Kontzezino, Roneo, Garibai eta Gelmako guneetako zarata eta autobusen trafikoa asko murriztuko da. Horrez gain, Garibai oinezkotuta, bertako ostalariek eta merkatariek asko irabaziko lukete". 

Arizmendiarrieta Plazako belardian kokatuko lukete autobus geltoki berria. 2700 metro koadro izango ditu, eta belardi osoa hartzeaz gain, espazio gehiago hartuko luke alboetara: Kontzezinoko biribilgunean hasiko litzateke, eta Arizmendiarrieta Plazari bost metroko eremua kenduko lioke. "Plazari bost metro kendu arren, azoka edo zezen plaza berdin-berdin jarri daitezke bertan" azaldu dute. 

Plano honetan argiago ikus daiteke autobus parada berriaren kokalekua eta dimentsioa.

Noranzkoetan aldaketak

Errekaren bi aldeetara dauden errepideak –Nafarroa Etorbidea eta Zerrajerako kalea– norabide bakarrekoak izatea planteatzen dute: Nafarroa etorbidea Bergararako noranzkokoa eta Zerrajera kalekoa Aretxabaletako noranzkokoa.

Nafarroa Etorbidea eta Zerrajera kaleetan, irudiko autoak doazen noranzkoan joango lirateke autoak.

Hala, autobusak San Andres aldetik helduko lirateke geltokira. Bergaratik Aretxabaletara doazen autobusak, maiatzaren 1 Plazako biribilgunera joango lirateke, bertatik geltokira joateko. Aldaketa horrekin, Arizmendiarreta Plaza azpian dagoen lurpeko aparkalekuko sarrera irteerak alderantziz egingo lirateke.

Parte hartze prozesua

Autobus paradarena "gehiago zehaztu" beharreko egitasmoa dela aitortu dute, eta ideia gisa aurkeztu dute gaur. Proiektua idatzi aurretik parte hartze prozesu bat egiteko konpromisoa azaldu du Aitor Zubiagak, eta bertan zehaztuko dituztela, besteak beste, taxi geltokia non joango litzatekeen, edo Biteriko aparkalekura sartu-irteerak nola egin ere. 

Autobusik gabe Kontzezinotik Musakolara

Aldaketa honekin, lineako autobusen trafikoa "asko murriztuko litzateke" erdigunean. "Ez litzateke lineako autobusik pasako Kabiako biribilgunetik Kontzezinokora. Herri busa, ordea, bai. Momentu honetan, adibidez, autobusak Gelmako etxeetatik igarotzen dira geltokira joateko, eta hainbat kexa heldu zaizkigu zentzu horretan. Baina era honetan ez lirateke bertatik pasatuko" azaldu du Morrasek. 

Mugikortasuna eta irisgarritasuna  

Alor hauetako proposamen gehiago eman dituzte gaur aditzera. Horien artean daude, besteak beste, herribusa igandeetan eskaintzea eta hilerrira igotzeko aukera, bidegorri sarea bukatzea, bizikletak eta motorrak uzteko leku estaliak egokitzea, alokairuzko bizikletak jartzea edo TAO sistema "biguna" ezartzea: doako egonaldi laburrekin, eta egonaldi luzeetan egoiliarrentzako lehentasunarekin. 

Irisgarritasunari dagokionez, igogailuen plana berrikustearen alde azaldu dira: "Erguinerako aurreikusi den proiektuak ez gaitu asetzen; teknikoki oso konplikatua delako, eta okerrena, ez dituelako auzoaren irisgarritasun beharrak asetzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak