Udan landu beharreko landareak eta loreak, maiatzeko baserritarren azokan

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 18a, 17:23

Seber Altuben landareak, loreak, eta batez ere, haziak izan dira gaurko protagonistak. Hamazortzi saltoki egon dira gaurkoan, eta horien artean izan dira Ekoudalatxeko lagunak, eta baita Euskal Herrian ekoiztutako hazi ekologikoak saltzen dituzten Aleka elkartekoak. 

Garaian garaiko askotariko barazkiak, txerrikiak, arrautzak, ganbarako produktuak, haragi ekologikoa, eztia eta gazta aurkitu dituzte gaur Seber Altubeko baserritarren azokatik pasa direnek. Horiez gain, ortuko landareak eta haziak eta balkoietarako loreak ere eskuratzeko aukera izan da maiatzeko baserritarren azokan.

Aleka elkartekoen hazi ekologikoak

Azokako gonbidatuetako bat Aleka elkartekoak izan dira, eta Euskal Herriko hazi ekologikoak ekarri dituzte. "2016an sortu genuen elkartea, hazien merkatuan alternatiba bat eskaini ahal izateko. Haziak ekoizten eta komertzializatzen ditugu, eta hori gure baserrietan aspalditik egiten zen ohitura berreskuratzea da", azaldu du Miguel Arribasek, elkarteko kide eta sortzaileak.

Guztira, 100 hazi mota inguru ekoizten eta komertzializatzen dituzte –barazkiak eta loreak, nagusiki–, eta lurrerako ongarria ere saltzen dute. Beizamako (Goierri, Gipuzkoa) Amenabar Beheko baserrian egiten dute hazien ekoizpena. Haziak denetarikoak dituzte: bai euskal jatorrikoak, eta baita kanpokoak, baina hemen ondo funtzionatzen dutenak.

Sasoi honetan, eta jakintza handirik gabe, zein hazi diren landatzeko modukoak galdetuta, hona hemen Arribasen erantzuna: "Gure baratzeak zimaurtzen hasiak dira, eta jendeak ekin dio tomateak, piperrak, letxugak, kalabazak, kalabazinak, lekak, babarrunak... guretzako lan handiko unea, jendeak orain sartzen duelako udan landuko duena". Hazien ordez landare txikiak sartzeko ohituraz galdetuta, beste hau: "Biak dira gauza bera, baina landarean ez dakizu zein hazi erabili den". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak