Udaltzainen ordezkari sindikalek "haserrea eta ezinegona" adierazi dute lapurrei buruzko agerraldiagatik

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 15a, 09:47
Arrasateko udaltzaingoaren bulegoaren kanpo aldea.

Ohar bidez adierazi dute, besteak beste, "komunikabideen bidez jakin dutela lapurreten eragileak hamasei kideko talde bat dela" eta gaueko txanda indartzeko hainbat eskari ukatu dizkietela. Gehitu dute ere EPE bateratuarekin eta Arkauteko lan poltsekin "ezinezkoa" dela "plantilla egonkortzea", eta "plantilla eskasiak" eraginda ezin izan direla joan Polizia eta Larrialdi Akademiak udaltzainei etengabe zuzentzen dizkien ikastaroetara.

Hona hemen, enpresa batzordetik igorritako sei puntuko oharra, bere osotasunean:

"Alkateak eta udaltzaingoaren buruzagitzak azken agerraldi publikoan eginiko adierazpenen harira, udaltzainen aldetik haserrea eta ezin egona jaso dugu Arrasateko Udaleko Enpresa Komitean. Hau dela eta, azaldu nahi dugu:

  • LEHENA: Arrasateko udaltzainek komunikabideengatik jakin dute herriak pairatzen dituen lapurreten erantzuleak 16 kidek osatutako bi talde egonkor eta egituratu direla. Alkateak publikoki eskaini dituen datuen arabera ondorioztatzen da bi talde edo erakunde kriminalek dihardutela Arrasaten. Hau honela baldin bada, udaltzaingoaren arduradunen betebeharra da agintari judizialei informazio hau helaraztea txosten edo atestatu gisa.
  • BIGARRENA: Azken hilabeteetan bizi dugun lapurreta uholdeari aurre egiteko, udaltzaingoaren buruzagitzatik ez da inolako instrukzio, irizpide edo agindu zehatzik eman; aitzitik, soilik bide okupaziorako seinaleak kontrolatzeko agindua eman dute. 
  • HIRUGARRENA: Arrasateko udaltzainek, oro har herria eta bereziki delituen jo puntuan dauden komertzio txikiak babesteko konpromisoa lehenetsi dute eta horretan ari dira buru-belarri. Salatu nahi dugu lan honetan dabiltzala inolako koordinaziorik gabe,pertsonal gabezia ikaragarriarekin eta prestakuntzarik gabe. Lorturiko emaitza onak alkateak patrimonializatu nahi izanak bereziki mindu ditu udaltzainak.
  • LAUGARRENA: Gogora ekarri nahi diogu alkateari denbora luzez 16 kideko bi erakunde kriminalei aurre egiteko 2-3 udaltzainez osaturiko lantaldeak izan dituela Arrasateko kaleetan. Oso urrun joan gabe, 2019ko maiatzaren 4tik 5erako gauean 4 udaltzainek egin zuten lan gaueko txandan, San Andreseko jaiak izanda. Legealdi osoa darama Enpresa Komiteak aldarrikatzen udaltzaingo eredua finkatu behar dela eta beronen antolaketak erabateko iraulia behar duela. Bereziki eskatu da gaueko txanda indartzea. Juan Karlos Garitanok, EAJko pertsonal zinegotziak, behin eta berriro baztertu du gure eskaera argudiatuz, gauez Arrasaten arazorik ez dagoela eta goiza indartu behar dela, garrantzia gehiago emanez garabi zerbitzuari gaueko txandak indartzeari baino. 
  • BOSGARRENA: Lau haizetara zabaldu dute azken hamabostaldian hainbat bitarteko udaltzain ekarri dituztela, eta hutsik zeuden plaza guztiak bete direla. Esan ez dutena da, plaza hauek laster hutsik geldituko direla berriro, bitarteko udaltzain hauek Ertzaintzarako azken EPEko azterketa guztiak gaindituta dituztelako eta irailean alde egingo dutelako, eta praktikaldian dauden hiru udaltzainetik bi berriro EPE bateratura aurkeztuko direla. Enpresa komiteak aurreikusi zuen bezala plantilla egonkortzea ezinezkoa da EPE bateratuarekin eta Arkauteko lan poltsekin.
  • SEIGARRENA: Plantilla eskasia dela eta, azken hiru urteetan Arrasateko udaleko udaltzainak ezin izan dira joan Polizia eta Larrialdi Akademiak udaltzainei etengabe zuzentzen dizkien ikastaroetara. Aldiz, jakin izan dugu udaltzain-buruak erretiroa hartu baino 20 egun lehenago esandako akademian ikastaro bat jaso duela. Honek argi erakusten du lehentasunak non dauden".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak