Lau urte egin dituzu Arrasateko alkate bezala. Pertsonalki, zer nolako lau urte izan dira zuretzako?
Niretzako sekula izan dudan lanik zailena izan da. Intentsitate askoko lana da, dedikazio asko eskatzen duena, baina egia da, aldi berean, oso aberasgarria ere badela; aukera ematen dizu zure herria gertutik eta sakonago ezagutzeko, jendearekin harremana areagotzeko, eta herria hobetzeko. Alde horretatik, lan pozgarria ere bada. Balantzan jarrita, lau urte positibo izan dira.
Lehen aldiz alkate zarenean, buruan ideia bat eduki dezakezu. Egin zenuen ideia hori, eta ostean aurkitu duzuna, berdinak dira?
Nik uste dut, alkate zer den jakitea ez duzula lortzen zeregin horretan hasi arte. Gauza asko ditu atzean, beste lanpostu batzuk bezala, eta zaila da azaltzen zelako dimentsioa hartzen duen. Horregatik diotsut, segurtasun osoz, inoiz eduki dudan lanik zailena izan dela.
Politena ere bai?
Bada bai; zailena eta politena.
Dedikazio handia eskatzen duen lana izanik, zer egiten duzu deskonektatzeko, alkate jantzia eskegitzea lortzen duzunean?
Bada askotan joaten naiz igeri egitera Musakolako Kiroldegira. Ezinezko egiten zait ordutegi finko batzuen barruan egiten diren kirolak egitea, zunba estilokoak, adibidez. Igeriarena nire agendara ondo moldatzen da, nahi edo ahal dudanean joan naitekeelako. Horrez gain, trikitia jotzen dut, eta margotzea gustatzen zait.
Alkate moduan, momenturik atseginena? Eta gogorrena?
Momenturik atseginenak niretzako herritarrak gerturatzen zaizkidan uneak dira: batzuetan zerbaitetan ados ez daudela esatera, beste batzuetan zoriontzera... gertutasun edo konfiantza hori da atseginena. Zailenetako bat, ordea, arrasatear bat Anboton galduta egon zeneko egun haiek. Senideen alboan egon nintzen, egunik egun, eta euren ezinegona eta tristura bertatik bertara bizi izan nuen.
Eta momentu atseginena alor politikoan?
Bada, Memoriaren Mahaia publiko egin genuen eguna, adibidez. Bakoitzak zati bat irakurri genuen, memoriaren alorrean egin gabe zeuden aitortzak egiten hasiko ginela iragartzeko.
Zertan uste duzu asmatu duzuela Udal Gobernu bezala?
Ez dakit asmatu dugun, baina ahalegindu gara entzute aktiboa egiten. Denbora hartu dugu horretarako; elkartzea eskatu diguten guztiekin egon gara, gu ere hurbildu gara jendearengana... Eta horrez gain, uste dut, duela lau urte eman genuen hitza bete dugula. Proiektu batzuk egingo genituela esan genuen; eta eginda, edo egiteko bidean daude.
Asmatu ez duzuenik? Autokritikarik?
Alderdien arteko harremanak, uste dut. Denok ahalegindu gara harreman on bat edukitzen. Herritarren partez sumatu izan dut eskaera bat, gure artean ados jartzeko, bereziki, herriarentzat garrantzitsuak diren gai horietan. "Zergatik ez zarete ados jartzen honetan? Herriarentzat onuragarria da". Askotan entzun dudan zerbait. Herrigintzan alderdien artean adostasunak lortzea ez litzateke hain zaila izan beharko; ika-miken jokoan sartzen gara eta gure gain hartzen dugu dagokigun erru zatia. Denok dugu asko dugu hobetzeko politikarion arteko harremanetan, eta errespetuan.
Askotan aipatu izan duzu, Udal burokraziak norberak nahi lukeena baino luzeago jotzen duela. Zentzu horretan zer geratu zaizue egiteke?
Hor daude, Juan Arzamendi Musika Etxea, eta Kulturola. Lehena martxan dago jada, baina Kulturolaren kasuan ez digu astirik eman lanak hasteko ere ez. Azken hau denbora luzeko proiektu delako, eraikin babestua delako, ... tramiteek luze jo dute, eta uda ostean hasiko dira lanak. Gogoan dut alkate postua lortu eta gutxira esan niela teknikarei: "Nola ez dugu eraikin bat berrituko lau urteko epean?" Baina, bai, konturatzen zara administrazioaren tenpoak motelak direla. Onartzea, kosta egiten da.
Lau urte hauetako ikasgai handiena?
Konturatzea, eta benetan ulertzea, proiektu komunitario bat aurrera ateratzeko jende guztiari entzun behar zaiola. Izendatu ezin dezakedan pertsona batek, honako gomendioa eman zidan: "askotan gehiago entzun behar zaio zure aurka dagoenari, zure alde dagoenari baino". Oso gomendio garrantzitsua iruditzen zait politikariontzako, bestela endogamikoak izateko arriskua dugulako. Herria anitza da, eta denon iritziak entzun behar ditugu.
EAJrentzat berreskuratu zenuen historikoki ezker abertzalea nagusitu izan den udalerri bat. Horrez gain gaitasun komunikatibo sendoak dituzu kamera aurrean, jende aurrean... Jaso al duzu eskaintzarik alderdiaren partez goi-kargu baterako?
Nire kasuan ez nintzateke ezer, atzean dudan lan-talderik gabe, eta beti gustatzen zait hori azpimarratzea. Niri dagokidanean, ez dut inolako eskaintzarik jaso. Ohore bat izan da Arrasateko alkate izatea, eta herritarrek konfiantza ematen badidate berriz, ohorea izango da berriz alkate izatea.
Eta jaso ez baduzu, zer nolako eskaintza izan beharko litzateke zuk Arrasateko EAJren gidaritza uztea planteatzeko?
Ni alkategaia banaiz, alderdiak hala onartu duelako da. Lau urte hauetan oso atmosfera ona izan dugu lanerako, eta hor eskerrak ematen dizkiet ere Udal langileei ere. Baina, aitortzen dizut, bai jarri nuela baldintza bat berriz alkategai izateko: nire taldea nirekin aurkeztea.
Zeintzuk dira EAJren hiru proiektu garrantzitsuenak datorren agintaldirako?
Gizarte Zerbitzuetan, aitortza bat jaso dugu, Espainia mailako hirugarren udalerria izan garelako biztanleko egindako inbertsioan. Alor hau oso garrantzitsua da guretzat, eta horren aldeko apustua tinkoa egiten jarraituko dugu. Segurtasunarekin lotuta, segurtasun mahai bat sortzea planteatzen dugu: udaltzainekin, Ertzaintzarekin, merkatariekin eta Gizarte Zerbitzuetako langileekin. Eta nola ez, Musakolako Kiroldegi berria. Arrasatek aspalditik du beharra, eta orain inoiz baino gehiago. Badirudi bailara honetan beti gaudela ahaztuak, inbertsioei dagokionez. Zergatik ezin dezakegu Tolosak duen Kiroldegia eduki Arrasaten? Eta azkenik, irisgarritasunarekin lotuta, igogailuak jarri nahi ditugu: Erguinen eta Santa Teresan.
Zer moduko emaitzak espero dituzue maiatzaren 26rako?
Egia esan guk ez dugu kinielarik egiten. Herriak bozkatuko du, eta ostean ikusiko dugu zer gertatzen den. Guri apal joatea gustatzen zaigu, baina nahiko genuke herritarrek gugan konfiantza jartzea, duela lau urte egin zuten legez.