Gutxi falta da Udal hauteskundeetarako. Nola heltzen zara azken txanpara?
Ondo eta ilusioarekin. Momentu zail eta delikatua pasa dut arlo pertsonalean, baina gogo handiarekin nago. Talde oso ona daukagu, eta benetan motibatuta gaude Gobernua berreskuratzeko.
Azken lau urteak oposizioan pasa ostean, ez da erabaki erraza izango alkategai izateko ardura hartzea. Zure barruan zerk bultzatu zituen esatera: "Ados, ni izango naiz"?
Barne prozesu demokratiko bat egin dugu alkategaia aukeratzeko, eta alkategai izatea proposamena egin zidaten. Erabakia hartzea kostatu egin zitzaidan, ez dizut ukatuko; batez ere, jakin badakidalako kargu horrek ardura handia suposatzen duela. Baina, beste alde batetik herria zein egoeratan dagoen ikusten nuen. Azkenean, etxekoen eta taldekoen babesa nuela jakinda, baiezkoa eman nuen, gauzak hobetzeko ilusio handia dudalako.
Ofizioz abokatu zara, eta horrek alkate izateko balio dezake. Baina horrez gain, zein beste gaitasun dituzu alkate izateko?
Nire ustez daukadan gaitasun onena oso oso mondrauetarra naizela, eta nire herria muineraino maite dudala da. Horrez gain, gertutasuna gogoko duen pertsona bat naiz, badakit Udal jarduna zer den, eta bitartekaritzako gaitasunak ditut. Azken hau ere puntu garrantzitsua izan daiteke alkate postuan aritzeko.
Zure ustez, zerk faktorek eragin zuten duela lau urte Bildu gehiengoan egotetik oposiziora pasatzea? Eta zer gertatu behar da horri buelta emateko?
Barne lanketa bat egin ostean, konturatu gara barne krisi bat izan genuela, batez ere hartutako erabaki batzuk gure komunitateak ez zituelako ondo hartu. Oso autokritikoak gara, eta horrek asko lagundu digu aurrera begiratzeko; krisi hori baliatu dugu komunitatearekin egoteko, eta gu geu indartzeko.
Komunitateak erabaki batzuk ez zituela ondo hartu esan duzu? Zein erabaki konkretuki?
Adibidez, 2015ean ez genuen asmatu zerrendak aurkezteko prozesuan, eta orain beste modu batera egin dugu. Horrez gain, nolabait esateko, puztutako emaitza batetik gentozen. Historikoki izan dugun emaitzarik onenari buruz ari gara, eta hor eragina izan zuen bizi genuen momentu historikoak. Aipatukoak ez ziren faktore bakarrak izan, gehiago egon ziren, baina oso argi daukat duela lau urteko hauteskundeak ez zituela EAJk irabazi; guk galdu genituen. Eta orain egin behar duguna da: guk irabazi.
2011-2015a agintaldian Udalean egon zinen, baina azken honetan ez. Nola ikusi duzu agintaldia distantziatik?
Ikusi dudana da Gobernuaren egiteko modua asko aldatu dela. Ni egon nintzen agintaldian, gehiengo absolutua genuen, baina gure helburua beti zen oposizioarekin adostasunetara heltzea, eta garden jokatzea. Baina kanpotik ikusi dut gobernu honek ez duela horrela jokatu, eta agintaldiko honetako Bildukideen erreleboa jaso dugunean, are garbiago ikusi dut hori. EAJk eta PSE-EEk akordiotara iristeko izan duten borondate falta horrek eragin garbia izan du Udal batzordeetan, zinegotzien arteko harremanetan eta baita Udal langileekin duten harremanetan.
Azken lau urte hauetan, zer egin du ondo Gobernuak? Eta zer gaizki?
Komunikazio lan itzela egin dute, eta martxa bizian izan dute beti euren komunikazio makineria. Saldu primeran egin dute. Eraikinak saldu ere bikain baina ezer ondo landu gabe. Proiektu salmenta guzti horren azpian ez da ezer egin, ez dute edukirik izan, ez dago herri proiekturik, noraezean dabiltza. Guk kanpora begira lan egingo dugu baina batez ere herria barrutik zainduko dugu.
Adibidez?
Lehenik behin, segurtasuna. Ostean herri eragileekin harremanak. Eta era berean ere, ukiezina den ondarea: feminismoa zero, euskara zero, kultura zero, gazteria zero. Eta ez dezagun ahaztu, langabezia-tasa; Debagoieneko altuena baitu Arrasatek.
Eta oposizioa nola ikusi duzu?
Mariak esan zuen Inazioren eredua jarraituko zuela, adostasunena. Baina nire ustez, EH Bildukoek, lan ona egin dute, Gobernuaren jarrera ezkorraren aurrean proposamenak egiten eta egiten arituko direlako. 100 proposamenetik gora egin dituzte.
Gobernuan egon zinetenekoak ikusita, zerekin zaude bereziki harro?
Ba zaborren birziklapenaren gaia nola egin genuen, adibidez, batez ere, akordiora heltzeko borondate horren erakusle on bat delako. Atez-atekoa ezarri nahi genuen, herria entzun genuen, oposizioarekin hitz egin genuen, eta akordio batera heldu ginen. San Juanak berpiztea, herri eragileekin genuen giro ona. Oinarri ona utzi genion egungo gobernuari. Auzoetarako hainbat proiektu landuta, adibidez, Erguingo igogailua eta Araba etorbidearen birmoldaketa, kurioski, legealdi bukaeraraino tiradetan gordeta izan dituena, hasieratik aurrera eraman zitzakeen arren. Mugikortasunean ez dute inongo arriskurik hartu. Egitasmoak aurkeztu bai, baina egin? Gobernu bat ausartagoa izan behar da, benetan aurrera egitea nahi badu.
Zer du Arrasatek, bereziki, hobetzeko?
Segurtasuna lehenik behin, 80. hamarkada itxura hartzen ari direlako. Eta ostean, ongizatea, merkataritzaren, komertzioaren eta ostalaritzaren berpiztea, gazteriaren aukerak eta pentsiodunen egoera.
Gobernura helduz gero, hartuko zenituzketen hiru neurri?
Segurtasunarekin lotutakoez gain, merkatariekin eta ostalariekin elkartzea PERari buelta bat emateko eta herriari bizia emateko ekimenak lantzeko. Emakume Txokoa Monterron Jauregian kokatzea, eta LGTBI kolektiboaren dinamikak gehitzea. Eta kiroldegia berritzea; Musakolakoa xumeago, Iturripen gune indartsu bat eta auzoetan kirola egiteko guneak jarri. Udala auzoetara zabaldu behar da, zerbitzuak emanez eta bertan plan integralak garatuz, adibidez igogailuak jarri genituenean bezala.
Espainiako hauteskundeak pista bat eman dezakete, baina zer nolako emaitzak espero dituzue maiatzaren 26an?
Bi hauteskunde ezberdin direla uste dut. Emaitza onak izango ditugula uste dut, batez ere, arduratzen gaituzten gaiei heltzeko oso ondo prestatutako pertsonak ditugulako taldean.