Urteak eta urteak umeei belarritakoak jartzen

Aitor Agiriano 2019ko mai. 11a, 10:30

Loli Arevalo, ume bati belarritakoa jarri berri.

35 urte daramatza Loli Arevalok umeei belarritakoak jartzen. Urte hauetan, bailaran lan hori egin duen, eta egiten duen, bakarra da. Bertakoez gain, Bizkaitik, Arabatik eta beste hainbat lekutatik ere etorri izan zaizkio belarritakoak jartzeko.

1984an erizain ikasketak egin eta bailarako ospitalean hasi zen lanean Loli Arevalo. Hasteaz bat, jaioberriei belarritakoak jartzeko zuloak egiten hasi zen, eta, ordutik, 35 urte daramatza lan hori bere kontu gauzatzen. Hala, umeei zuloak egiten dizkien bailarako erizain bakarra da, egun, Arevalo. "Hasi nintzenean, protokoloz, jaioberri neska guztiei egiten zitzaizkien belarritakoak jartzeko zuloak; gurasoen oniritziarekin, betiere. Gaur egun, bilakaera izan du horrek eta ospitaleek ez dute jada zerbitzu hori eskaintzen. Baina, gustuko dudanez eta gauza polita iruditzen zaidanez, nire kontu segitu dut belarritakoak jartzen".

Normalean, 0 eta 1 urte artekoei jartzen dizkie belarritakoak. Adin horretatik aurrera ere jartzen ditu, baina momentu aproposena jaio eta hiru bat egunera izaten dela dio, eta, zuloak egiteko orduan, hasietarik, tresna eta modu bera erabiltzen ditu: gaza esterilak, eskularruak, clorhexidina edo 70 graduko alkohola eta belarritakoa. "Belarritakoak ongi desinfektatzen ditut, lehenengo, eta belarri-gingila eta belarria bera nolakoa den kontuan hartzen dut. Buruz behera eta albo batera jartzen dut umea eta belarritakoa bera erabiliz kolpe siku batez egiten diot zuloa. Senitartekoak beti daude une horretan aurrean, nahiz eta orain 35 urte ez ziren bertan egoten. Gainera, umeak ez du ezer sufritzen. Gurasoak harritu egiten dira hori ikusita, eta zuloa egiteko orduan belarritakoa bakarrik erabiltzen dudala, ez pistola edo beste tresnarik".

Lehen, tradizioz zen ohikoa jaioberri neska guztiei belarritakoak jartzea, gurasoek nahi izanez gero. Baina, askorentzat, eztabaidagai ere izan da kontua: "Askok uste dute erabaki hori gurasoek hartu beharrean umeek eurek nagusi egitean hartu beharreko erabakia dela".

Urte hauetan, hainbat bitxikeria

35 urte hauetan, milaka bitxikeria bizi izan ditu: "Gogoan dut behin nola amona bat ilobarekin etorri zen belarrian zuloak egiteko. Sei belarritako pare ezberdin ekarri zizkidan. Belarri batean zuloa egin eta hura ikustean, parean zuen neskatila ez zela bere iloba, ez zuela ezagutzen esan, eta belarritako bakarra jarrita joan zen. Bestetik, deigarria iruditzen zait baita, denbora honetan guztian, mutil bakarrari jarri diodala belarritako bakarra".

Bizkaitik, Arabatik eta beste hainbat lekutatik ere etorri izan zaizkio Arrasateko ospitalera belarritakoak jartzeko eskean. Jende askok deitzen dio, eta, gainera, oso esker onekoa izaten da berarekin. Esan beharra dago, baina, Debagoieneko Arrasateko ospitalean egiten duen arren, ez dela ospitaleak eskaintzen duen zerbitzu bat. Arevalok propio nahi duelako, dohainik, egiten duen zerbait dela, zehazki. Amonari, amari, alabari, familia bereko hiru belaunaldiri jarri die askotan belarritakoa, eta aurrerantzean ere horretan segituko du. Egun, vox populi da Loli belarritakoena izenez ezaguna dela Debagoienean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak