Igor Urizar: "Gure proiektuarekin koherente jokatuz ezkerreko proposamen apurtzailea aurkeztu dugu herritarren aurrean"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko mai. 17a, 15:00

Igor Urizar Murgoitio (Arrasate, 1988) bigarren aldiz aurkeztuko da Arrasateko Udalerako alkategai Elkarrekin Podemos koalizioarekin. Azken agintaldian zinegotzi moduan egoteak instituzioak ezagutzeko balio izan diola dio; eta, nabarmendu du euren taldeak justizia soziala izango duela ardatz.

Errepikatu egingo duzu hautagai moduan. Samur konbentzitu zaituzte zerrendan lehenengo joateko?

Asanbladan landu genuen ze perfil izango litzatekeen interesgarria alkategai izateko. Alderdi berri bat gara, eta gehienak ez gara politika munduan ibilitakoak; hortaz, ulertu dugu lau urte hauetan politika munduan hartu dugun esperientzia garrantzitsua dela. Denon artean hartu dugu erabakia eta ni prest nengoenez, aurrera egin dugu. Nabarmendu nahi dut nire azkeneko lau urteak izango direla; izan ere gure kode etikoan agertzen da gehienez zortzi urte egongo garela instituzioetan.

Nolakoak izan dira lau urte hauek?

Pertsonalki nahiko onak izan dira, jende asko ezagutzeko aukera izan dut, batez ere eragileak eta herriko jendea. Ate asko zabaltzen ditu eta herriaren alderdi asko ezagutu ditut. Puntu beltzak ere baditu; adibidez, pertsonai publikoa izateak izan ditzakeen kritikak. Politika mailan, instituzio barrutik ezagutzeak oinarri bat ematen dizu. Ilusio handiko hautagaitza bat ginen orain dela lau urte; maiatzaren 15eko olatutik gentozen eta talka handia izan da instituzioetan sartzea. Alde batetik ilusioa dago; baina bestetik, gauzak eraldatzeko instituzioak dituen aukerak daude… talka handia izan da. Ikusi dugu proiektuak aurrera eramateko ze aukera dauden, eta horrek lagunduko digu hurrengo lau urteetan lanean jarraitzeko. Alderdi berri batekin hasi ginen eta mundua aldatzeko gogoa genuen; ondoren, ikusten duzu legeak daudela, ogasunak jartzen dituen mugak… ikasten duzu nola aurkitu zirrikituak, eta politikaren jokoak nola eragiten duen.

Zuen hainbat proiektu gauzatu dira agintaldi honetan. Azaldu zeintzuk diren horiek.

Guk oposiziotik egin dugu lan; horregatik, guk proposatu ditugun eta landu ditugun gaiak askotan ibilbide motzekoak izan dira; eta, aurrera eraman direnetan ere gure hasierako proposamenak anbizio handiagokoak izan dira, gobernuaren filtrotik pasa ondoren txikiago geratu direnak. Hala ere, gure proposamen batzuk aurrera eraman dira: aurrekontu parte-hartzaileak, adibidez. Hobetzen joateko proposamena da. Pobrezia energetikoaren aurkako mozio bat aurrera ateratzea era lortu genuen, alderdi guztien onarpenarekin. Horrek esan nahi du arrasatear bat bera ere ez dela argindarrik gabe geratuko. Uste dut informazio hori ez dela ondo hedatu eta herrian gutxik dakitela Arrasateko Udala horretara konprometitu zela. Uste dugu garrantzitsua dela hori herritarrei jakinaraztea. Bestalde, gure taldekide Eva Abuinen lanketaren bitartez memoria feministaren berreskuratzearen proposamena aurrera atera da, eta espazio publikoetan emakumeei ere lekua egingo zaie. Berdintasunerako bidean pauso ona da hori.

Zure herria hobetzeko ze hiru neurri hartuko zenituzke?

Gure alderdia batez ere justizia sozialaren aldekoa da. Hori horrela, eta Arrasaten dagoen langabeziarekin, titulatu gabekoen langabezia plan bat proposatzen dugu. Bestalde, etxebizitzaren kontua Arrasaten gai zailenetariko bat eta arazo sozial handienetako bat da, batez ere alokairuaren ikuspuntutik. Gure asmoa ekintza plan zabal bat aurkeztea da. Gaur existitzen den programa gazteetara mugatuta dago eta guk uste dugu guraso bakarreko familiei eta alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztenei ere zabaldu beharko litzaiekeela. Alokairu programa sozial indartsu bat sustatuko genuke. Azkenik, auzoen saila Obra eta Zerbitzuen Sailaren barruan dago, eta gure ustez oso espazio txikia hartzen dute hor auzoek. Gaur egun bizi duten egoera kontuan hartuta proposatzen dugu batzorde bereizi  bat izatea, eta auzo bakoitzak bere aurrekontua izatea, auzotarren bitartez era demokratiko batean eta parte-hartzailean kudeatzeko.

Zure alderdiak non eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?

Gure ardatzak justizia sozialaren aldetik joango dira. Indar handiena etxebizitzaren arloan jarriko dugu, alokairu sozialean enfokatuta. Hortaz gain, auzoetan bizitza berreskuratu eta bizitza komertziala berreskuratu dezaten lan egingo dugu. Eta, parte-hartzearen arloa indartzea proposatuko dugu, horretarako batzorde bereizi bat sortuz, beste udaletxe batzuetan dagoen moduan. Enpleguaren arloan, titulatu gabeen, emakumeengan edo zailen dutenetan enfokatuko ginateke.

Ezkerreko hiru aukera egongo dira hauteskundeetan, Arrasaten (EH Bildu, PSE-EE eta ElkarrekinPodemos). Nola eragingo du horrek?

Gauza bat da ezkerra zarela esatea, eta beste gauza bat da zure politikak eta ekintzak esaten dutena. Erreforma laborala onartu duen alderdi  batek, edo bankuei interesak gastu soziala baino lehenago ordaintzea erabakitzen duen alderdi bat ez dakit ze puntutaraino den ezkerrekoa. Bestalde, EH Bildu gehiengoaren alderdi moduan ageri da eta horrek pixka bat zentrora bultza dakioke. Gure proiektuarekin koherente jokatuz, ezkerreko proposamen apurtzaile bat aurkeztuko diegu Arrasateko herritarrei; uste dut hor badagoela espazio bat gizarte feminista, ekologista eta sozialki justu bat eraikitzeko. Sektore ugari konbentzitu ahal izango ditugu. Besteekin alderatuta gure eskaintza nabarmena da.

Nola baloratzen dituzu apirilaren 28ko emaitzak?

Era gazi-gozo baten. Bazegoen eskuin muturraren igoerari beldurra, PP, Ciudadanos eta VOX-en ustezko gobernu batek jende asko mobilizatu du eta boto erabilgarria eman da, alderdi sozialistari botoa emanez. Gainera, eskuineko alderdi horiek botoaren bila etorri ziren (Oreretara, Altsasura…) eta horrek polarizatu egin du egoera, EH Bilduren alde. Horretaz gain, gure aldetik autokritika egin beharko genukeela uste dut, faktore horiez gain, ezkerreko botoa mobilizatzeko gehiago egin beharko genukeelako. Hausnartu beharko dugu. Uste dut hurrengo hauteskundeetan berreskuratuko dugula eta gainera alde hori handitu egingo dugula.

Arrasateko proiektuetara itzuliz, kiroldegi berriaren aurre-proiektuaren aurrean, ze iritzi duzu?

Uste dut alderdi guztiak ados gaudela esatean Musakolako azpiegiturak zaharkituta daudela  eta erreforma sakon bat behar dutela, batez ere aluminosia duen eraikin bat delako. Hori epe ertainera konpondu beharreko  gauza bat da; baina, beste gauza bat da EAJk eta PSE-EEk aurkeztu duten aurreproiektua, megaproiektua dena. Proposamenean 24 milioi jartzen dute, baina BEZ gabe eta ekipamendu gabe. Lasai asko 40 milioira igo daitekeen obra da. Urtean sei milioi dauzka Udalak inbertsioetarako; hortaz, hori bederatzi urtean ordaindu beharko luke. Eta, horrek eragina izango luke kiroldegiko tasetan. Uste dugu herritarrek badituztela beste behar batzuk, eta ez horrelako proiektuak. Gainera, San Isidroko bi etxebizitza horiek bota egin behar dira, eta hango familiekin ez da berbarik egin. Uste dugu horrelako proiektu batek familia horiek beste leku batera eramatea suposatzen badu lehenengo pausoa familia horiekin berba egitea izango litzatekeela. Beharrak daude eta kiroldegiak erreforma sakonak behar dituela bai, baina badaude beste lehentasun batzuk horrelako megaproiektua baino lehen.

Arrasateko gazteek emantzipatzeko duten arazoaren aurrean Udalak ematen dituen laguntzak nola baloratzen dituzu?

Egia da proposamen ona iruditu zitzaigula baina oso mugatua eta oso txikia era berean; lehenengo urtean 30.000 euro besterik ez ziren aurreikusten eta urtero ikusi da datu horiek egokitzen joan behar izan direla programak hobeto funtziona zezan. Baina alokairuarena ez da gazteen arazoa bakarrik; gainera, gazte askorengana ez da iristen. Beste sektore batzuk ere badaude alokairu baten beharrean, eta tamalez gero eta gehiago. Prezioa etengabe gora doa eta langileen soldataren igoera ez doa maila berean gora. Uste dugu programa hori eraldatu egin behar dela, askoz ere anbizio handiagokoa bilakatu eta guraso bakarreko familiak, errenta baxuko jendea eta ezintasunak dituztenak ere kontuan hartu behar direla. Hasiera bat da eta hori onartu behar da EAJren alde, baina askoz ere programa handiagoa behar du Arrasate moduko hiri batek.

Zure herria nolakoa den kanpoko bati azaldu behar bazenio, zer kontatuko zenioke?

Arrasate Euskadiko erdi-erdian kokatuta dago eta industria aldetik erreferente bat da eta baita ikaskuntza teknologiko aldetik. Baina niri gehien gustatzen zait Arrasate sozialki oso herri bizia izan dela, mugimendu handiarekin eta herri zabala, hainbat hamarkadetan herrialde ugaritako eta estatuko familia askori tokia eta bizimodua eman diona.

Arrasateko txokorik gustukoena zein duzu?

Egoeraren arabera izaten da. Nostalgia puntu batekin Monterron parkea gustuko dut. Kanpotik datorrenari Santa Barbara eta Kooperatiben zirkuitua erakusten diet, eta lagun artean erdialdeko kaleetan egoten naiz gustura. Dublin tabernan ere denbora asko pasa dut. Zaila da leku batekin geratzea.

Feministatzat duzu zure burua?

Saiatzen naiz borroka feministaren aliatu izaten; batzuetan beste batzuetan baino hobeto eginda. Uste dut Euskadi, eta baita Arrasate ere, mugimendu feministaren aitzindari izan direla eta hori azkeneko martxoaren 8an ikusi genuen. Gaur egun, sistema patriarkalari eta kapitalistari ondoen aurre egiten dion mugimendua da mugimendu feminista. Politikak, munduak eta batez ere alderdiok asko dugu ikasteko mugimendu feministak eman digun antolamendu lezioarekin.

Eskuin muturraren gorakada nola baloratzen duzu?

Orain arte uste genuen Estatua txertatuta zegoela eskuin muturraren gorakadaren aurrean, nahiz eta eskuin muturra beti existitu izan den Espainian, batez ere PP barnean. Baina krisiaren ostean eta mundu guztian gertatu den moduan, uste dut erantzukizun partekatuak daudela. Enpresa handiek, banketxeek… krisiaren aurrean jendearen haserrea kanalizatzeko eskuineko alderdi horiek promozionatu dituzte; baina, ezkerreko alderdiek ere badugu zer erreflexionatu. Krisi honen aurrean familia langileendako aukera erakargarria eraikitzeko erantzukizuna daukagu. Uste dut estatu espainiarrean, eskuin muturraren aurkako txertoa izan zela maiatzaren 15eko mugimendua eta Podemos-en agerpena. Baina ez dugu jakin ilusio horiei erantzuten eta horrek jendearen haserrea beste aukera batzuetara eraman du. Gure egin beharretako bat da ezkerreko aukera eraikitzea, jendeari beste mundu bat eta beste politika bat egitea posible dela erakusteko. Egia da Euskadin kultura antifaxista eta lan antifaxista handia egin izan dela azkeneko hamarkadetan, eta horrek gelditu egin du eskuin muturra Euskadin. Hala ere, eskuin muturraren alde egiteko bide motzena politika neoliberalak egitea da, murrizketekin jendearen bizi baldintzak okertuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak