Lau urte izan dira Arrasateko Udalean, gobernuan. Zelakoak izan dira?
Balorazio positiboa egiten dugu. Gobernuko ardurak aukera ematen dizu jendearekin egoteko, jende askotarikoa izanda ere, eta hori oso aberasgarria da. Gainera, programan generamatzan proiektu gehien-gehienak gauzatu ditugu. Garbiketa ordenantza, igogailuak…; hortaz, pozik. Pertsonalki, badauka bere kostua, ordu asko sartu eta lana erruz egin behar delako. Baina, balantzan jarrita kostu pertsonala eta asetasuna, balantzak azken honetara egiten du.
Arrasateri buruz duela lau urte zeneukan ikuspegia eta orain daukazuna ezberdina da?
Bai, jakina. Ni neu aldatu egin naiz. Orduan, beharbada, sutsuagoa nintzen. Oposizioan gauzak modu batera ikusten dira; gobernuan lanean diharduzunean, beste perspektiba batekin. Esaterako, duela lau urte hiri hondakinak lur azpian gordetzekoaren aldekoak ginen; orain, konturatu gara, hori horrela egitea ezinezkoa dela kostu aldetik.
Udal gobernu bakarra ala bi izan dira?
Ikuspuntu ezberdineko bi alderdi ezberdineko Udal gobernu bakarra izan da. Pentsaeraz, alderdi ezberdinak, baina batera lan egin dutenak. Gobernuaren erabaki guztiekin ez gara ados egon, jakina, eta EAJren ikuspuntuak gailendu dira desadostasunak izan diren gehienetan, baina EAJren ikuspuntua ere ez da beti aurrera atera, guk ere zeresanik izan dugu erabaki askotan.
Egindako ze gauzagatik zaude bereziki pozik, gustura edo harro?
Obenerreka kalekoa naiz, bertan hazia naiz. Eta ezagutzen nituen auzoaren premiak. Igogailua izan da 35 urtetan eskakizun garrantzitsuena; Jeltzaleen eta ezker abertzalearen gobernuak pasa dira, baina ez dute inoiz egin. Gure programako punturik garrantzitsuena zen eta negoziazioan mahaiaren gainean jarri ostean, azkenean, egin dugu. Horrekin nago bereziki harro. Doako wi-fi publikoa ere lortu dugu, ezinezkoa zirudien arren…
Zeinek eta zela konbentzitu zintuen politikan edo herrigintzan aritzeko?
Aitak. Txikiak ginenean etxean ez zen politikaz hitz egiten, amari ez zitzaiolako gustatzen. Baina 14 urte nituela aitari esan nion banekiela zertan ari zen eta ni ere sozialista nintzela. Gaur egungoak baino urte zailagoetan. Arrasateko Juventudes Socialistaseko idazkari nagusi izan nintzen… eta 19 urterekin beste urrats bat eman eta Eskoriatzan alkategai aurkeztu nintzen. Zinegotzia izan nintzen. Sozialista bakarra. Ondo. Talde guztiak geunden gobernuan.
Zer da zure herritik gehien gustatzen zaizuna?
Jendea da Arrasaten dugun altxor preziatuena. Kontuan izanda ikuspuntua, pentsaera, kultura, bizitzeko era…, askotarikoak gara. Aniztasuna altxorra da.
Eta gutxien?
Geroago eta gutxiago diren gutxi batzuen izaera.
Herriko txoko gustukoena?
Monterron da polita. Natura gunea, herri barruan. Baina Santa Marinan, Obenerrekan, Makatzenan… ditut oroitzapenik politenak: gaztea nintzeneko lehen musua, lehen borroka; lagunak, jolastokiak, familiarekin egindako lehen elur panpinak…
Zure herria nolakoa den, ze ezaugarri dituen… kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?
Oñati bezain polita dela ez nioke esango, nahiz eta Arrasate orain garbiago egon eta toki politak ere izan. Baina esango nioke kanpoko horri gure altxorrak aniztasuna eta jendea direla. Finak gara lanean, hor daude kooperatibak… Nola jende talde batek sortu zituen jendearendako bizi baldintza, lana eta hezkuntza hobe baterako baliabideak.
Zuenean zeinek egiten ditu etxeko lanak: etxea garbitu, arropak jaso, bazkari-afariak, oheak?…
Neska-lagunaren eta neure artean, bion artean, egiten ditugu lanak. Gustuko dut, gainera, esaterako, janaria gertatzea. Lo txarto egitekoa naiz eta, sarritan, gauez, etxeko lanak egiten hasten naiz.
Zinegotzi 24 orduak?
Bai. Zapatuan goizaldeko 4retan sute bat egon delako deia jasotzen duzula, honekin edo bestearekin elkartu behar duzula…
Astialdian zer gustatzen zaizu egitea?
Familiarekin egotea gustatzen zait. Eta batzuetan haizea hartzeko edo estresa kentzeko motorrarekin buelta bat ematea edo gimnasioan zakuari ukabilkadak ematea gustuko dut. Boxeo zalea naiz.
Ikusi dituzu Espainiako hauteskundeetako hautagaien debateak?
Bai, eta lotsagarri samarrak iruditu zaizkit, batez ere batzuen jarrerak. Nahita botatako gezurrak, deskalifikazio pertsonalak…
Emakumeen aldeko aldarrikapenek indarra hartu dute azkenaldian. Zeure burua feministatzat duzu?
Ez zait asko gustatzen berba hori. Pertsonak gara eta alua edo zakila izatea bost axola niri. Hori bai, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erabateko eta errealik ez dago eta, honenbestez, emakumeen alde borrokatu beharra dago. Hori feminista izatea bada, banaiz.
Ze egin zenuen martxoaren 8an?
Familiarekin Donostiara joan ginen eta manifestazioa festa izan zenez, festa egin genuen manifestazioan.
Mundu mailako fenomenoa da eskuin muturrekoen gorakada. Espainian ere bai, ezta? Arduratzen zaitu?
Azken hauteskundeetako emaitzei begiratzen badiegu, eskumako hiru alderdiek jaso dituzten botoak, PPk jaso izan dituenak dira. Hortaz, eskumak ez du gora egin, zatitu edo sakabanatu egin da. Lehen PPren barruan zeuden eskuin muturrekoak eta erdikoak; orain ez, eta Voxek batu ditu beti egon izan diren eskuineko talde txikiak, diskurtso populistaren bidez. Diskurtsoak gogortu egin dira eta hori arriskutsua da, bai.
Ingurumena, feminismoa, etxebizitza, lana, hirigintza, kirola, kultura… Udal hauteskunde programetako arloak izan ohi dira. Non eragingo duzue bereziki?
Guztietan. Baina gizarte politiketan eragin nahiko genuke. Asko inbertitzen du Arrasateko Udalak horretan, baina beste modu bateko politiken bidez eraginkorragoak izan gaitezkeela uste dut. Hirigintzan ere bai. Agintaldi honetan asko aurreratu dugu, baina aurrekoetan ez eta Arrasate modernoagoa, atseginagoa eta erosoagoa gura badugu, hirigintza alorrean lan gehiago egin behar dugu, batez ere irisgarritasunaren aldetik.
Ze gauza edo proiektu zehatz egin nahiko zenuke zure herrian datozen lau urteotan?
Musakolako kiroldegi berria lehentasunezkoa da. Ezin dugu itxoin. Gainera, uste dut adostasun zabala dagoela indar politiko ezberdinen artean, inbertsio handia izango bada ere. Bestetik, garraio publikoarendako geltoki intermodala ere behar du Arrasatek eta Arruenako parkearen ingurua izan daiteke toki egokia. Horrek ahalbidetuko liguke herrian hainbat kale oinezkoendako bihurtzeko, bidegorri sarea eta garraio publikoa indartuz.
Alkate izango bazina egingo zenituzkeen lehen 3 gauzak?
Lehenbizi, aitaren [Paco Garcia Raya zinegotzi ohi sozialista] errautsak eroango nituzke alkate-bulegora. Eta, gero, afari eder bat egingo nuke gertukoenekin [barre]. Baina, politikoki, lehen erabakia izango litzateke kiroldegi berriaren gaineko alderdien mahai eratzea; bigarrena, memoriaren eta bizikidetzaren mahaia berrindartzea, ze agintaldian aurreratu bada ere, ez nago erabat gustura emaitzarekin, gehiago egin zitekeelako. Hirugarren neurria izango litzateke gizarte ongizate sailaren berrantolatzea eta zerbitzu publikoen indartzea.
EAJrekin batera gobernatzeko aukeraz gain, beste aukerarik ikusten duzu?
Zergatik ez? Irabaztera aterako gara, baina herritarrek esango dute zer gertatzen den. Edozertarako gertu gaude. Beste garai batzuk bizi ditugu eta batzuek beharrezko konpromisoak hartuko balituzte eta aritmetikak ahalbidetuko balu, gu ez gara oztopo izango beste gobernu aukera batzuk aztertzeko. Orain: biolentzia kondenatzeko, gertatu zena txarto egina izan zela eta sufrimendua egon zela onartzeko, eta errua zurea izan zela onartzeko gertu ez bazaude, jai daukagu. Arrasaten, ezkerreko koalizioko gobernu batek lan ederra egingo luke. Aldez aurreko arazoak daude hori lortzeko, baina dena da posible, urratsak eman daitezke…; keinu batzuk nahikoak dira.
Sozialistek izango duzue giltza?
Badirudi baietz, guk izango dugula giltza gobernatzeko eta, horrenbestez, dena izango dela posible.
Arrasate Aurrera aurkezteak norengan izan dezake eragina?
Berria da, inkognita bat, eta zaila da aurreikustea, baina uste dut guri ez dizkigula botoak kenduko.