Herri eragileen eta Udalaren arteko konfiantza "berreskuratu" nahi du EH Bilduk, "Arrasatek aitzindari izaten jarraitzeko"

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 8a, 20:41

Itxaro Artola, Maider Morras eta Kepa Urteaga, ekitaldiko entzuleen aurrean hizketan

Kulturaten egindako solasaldi irekian nabarmendu dute "herri eragileekiko harremanetan atzera egin" dela azken lau urteetan, eta hiru alor hauetan dituzten asmoen berri eman dute: euskara, kultur taldeak eta feminismoa. Azken horrekin lotuta Emakume Txokoa herriaren erdigunera ekarri nahi dutela esan dute, Monterron jauregira konkretuki, eta LGTBI kolektiboaren dinamikak gehitu. 

"Gure Udal politika lau urtetik harago joango da, eta herri eragileak ezinbestekoak izango dira horretarako. Eurek gabe ezin daiteke ulertu Arrasatek eduki duen izaera aitzindaria: kooperatibetan, euskara mailan edo feminismoan" adierazi du Maider Morras alkategaiak saio hasieran. 

"Udal gobernu honi aitortu behar zaio kanpora begira oso ondo saldu dituela gauzak, baina herri barrura begira ez du lan ona egin. Lau urte hauetan ez da harreman ona egon, ez herri eragileekin, ez oposizioarekin, ezta udal langileekin; eta hori herriak igarri egiten du. Guretzako eragileekin eta oposizioarekin harreman ona izatea eta akordiotara heltzea funtsezkoa da, azken finean denok baikara mondrauetarrak".

Euskara

Jarraian Itxaro Artolak hartu du hitza euskararekin lotutako kontuei heltzeko. "Udal gobernu honek ez du konfiantzarik izan eragileekin lan egiteko", eta horren adibide gisa Geike elkartean gertatutakoa jarri du. "Geike eratzeko prozesuan erabaki estrategikoak hartu gabe geratu dira, Udala Geikeren jarduna kontrolatzen ahalegindu delako. Eta horren eraginez, Geike geldi dago Euskaraldia amaitu denetik hona.  Guk Geikeko eragileen autonomia defendatzen dugu".

Itxaro Artola, Maider Morras eta Kepa Urteaga

Euskara sailak arduradunik gabe bi urte daramatzala salatu du, eta "bigarren mailako sail bilakatu dela Gobernuarentzat". "Euskaltegiko bi irakasle jarri dituzte zerbitzua errefortzu gisa, baina buru baten beharra dago. Politika ausartagoak behar ditugu, txepelkeriarik gabe". Aurrera begira euskararekin egin nahi dituzten proiektuak ere aipatu ditu Artolak: euskara plan bat egitea eta Geikeren zereginak definitzea, euskara zerbitzua indartzea, gazteentzako errefortzuak areagotzea eta Udalarentzat lan egiten duten enpresei euskara eskakizunak jartzea klausuletan.

Kultura

Kepa Urteagak kultur taldeentzat dituzten proposamenak azaldu ditu, eta horien artean aipatu du dinamizazio zerbitzua bat sortzea. "Duela urte batzuk garbi zegoen taldeek lokal egokiak behar zenituztela, eta hala etorri zen erlojuaren eraikina. Baina zuen arteko harremanak sendotzeko eta zuen ekintzen difusioa hobeto egiteko dinamizazio zerbitzu bat beharrezkoa da. Galde eta eskeetan figura horren beharra aipatu du entzuleetako batek. "Askotan bakoitza bere aldetik aritzen gara, eta gure ekintzak solapatzen ditugu".

Aipatutakoaz gain, kultur ekintzak auzoetara "deszentralizatzeko" asmoa ere azaldu du Urteagak. 

Feminismoa

Morrasek aipatu du arlo honetan "zero politika" egin duela Gobernuak, eta asko harritu duela horrek. "Ubarretxena alkatea Berdintasun batzordean zegoen aurreko agintaldian, eta bazirudien bat zetorrela han hartzen ziren erabakiekin. Baina ikusita arlo honetan egin duen politika zein den, badirudi aurreko agintaldian egindako lan guztia ahaztu egin zaiola".

Maider Morras feminismoari buruz hitz egiten.

"Herri feminista eta segurua nahi dugu, eraso matxisten aurrean erantzun irmoak emango dituena. Eta horretarako ezinbestekoa da gure herriko gazteak berdintasun baloreekin haztea". Alor honetan dituzten proiektuen artean, honakoak aipatu ditu, besteak beste: Emakume Txokoa Monterron Jauregira ekartzea –LGTBI kolektiboaren dinamikak aintzat hartuz–, feminismoa eta hirigintza paraleloan uztartzea –herri osoko argitasuna hobetzea aipatu du–, eraso matxisten aurkako plana berritzea edo kiroldegi berrian emakumeek egin ohi dituzten kirolak lurpeko solairutik ateratzea. 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak