Udalak 1.137.000 euro jarriko ditu MGEPek Trefasan Industria Aurreratuko Laborategi batzuk egiteko

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 8a, 17:22

Laborategiak 26.221 metro koadro dituen Gautxori esparruan egingo dira, eta Udala da partzela horren %14aren jabe. Jabetza mailaren araberako diru ekarpen proportzionala egitea dagokio Udalari, eta atzo egindako maiatzeko osoko bilkuran onartu zuten EAJren eta PSE-EEren botoekin. MGEPeko koordinatzaile Carlos Garciak hitza hartu zuen laborategi proiektuaren onurak azaltzeko, eta oposizioak aurka botatu zuen, arrazoi ezberdinak tarteko.  

Atzo egin zen 2015-2019 agintaldiko azken osoko bilkura, askorentzat agur kutsua izan zuena, eta eztabaida piztu zuen puntu bakarra Gautxori esparrua kudeatzeko hirigintza hitzarmena izan zen. Bertan, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak industria aurreratuko laborategi batzuk egin nahi ditu, eta horiek ekarriko dituzten onurak azaltzeko MGEPko koordinatzaile den Carlos Garciak hartu zuen hitza, luze eta zabal. 

MGEPko koordinatzaile Carlos Garcia zinegotzien aurrean hizketan. 

Besteak beste esan zuen, bailarak dituen oreka sozial eta ekonomikoan, eta baita izaera berritzailean, Mondragon Unibertsitateak "zerikusia" izan duela, eta aurrerantzean "gizarte ekarpen hori egiteko" borondatea dutela. Misio horri jarraiki egin nahi dituzte industria aurreratuko laborategiak; bailarako enpresekin elkarlan estua izango dutenak, eta "Europako laborategi aurreratuenen parekoak izango direnak".

[Carlos Garciak zinegotzien irakurri zuen testua bere osotasunean irakurtzeko egin klik hemen

Garciaren hitz hartzearen ostean etorri zen alderdien arteko eztabaida. EAJko Anuskako Ezkurrak esan zuen "argi eta garbi" babesten dutela MGEPren planteamendua. "Gure ustez, era honetako ekimen publiko pribatuak ezinbestekoak dira herri eta etorkizun hobe bat eraikitzeko. Badakigu gaiak hirigintza batzordean tirabirak eragin dituela, baina alboan egotea tokatzen zaigu, hezkuntzaz, ikerkuntzaz, teknologiaz eta berrikuntzaz hitz egiten ari garelako". 

EH Bilduko Eneko Barberenak esan zuen ez daudela MGEPren proiektuaren aurka, baina "hitzarmenarekin eta hau egiteko moduekin" ez daudela ados. "Hasieran Tokiko Gobernu Batzordean onartu zenuten gaia, baina ez zen organo horren eskumena. Kontu hartzaileak berak hitzarmenarekiko zalantzak azaldu zituen; uztailean eta abenduan. Gure ustez babesa aurrerago eman diezaioke Udalak; proiektua garatuagoa dagoen fase batean, eta hauteskunde girotik kanpo".

Baleikeko Igor Urizarrek esan zuen "obra pribatu bat" ezin daitekeela arrasatear guztien diruarekin ordaindu. Horrez gain, gaineratu zuen, partzelaren %14aren jabe izateagatik Udalari dagokion ekarpena 474.000 eurokoa dela, eta hortik gorakoa "Udalak Mondragon Unibertsitateari egiten dion laguntza" bat dela. 

Guzti horiek entzun ostean, botoa emateko unea heldu zen, honako emaitzarekin: EAJ eta PSE-EE alde –11 boto– eta EH Bildu, Baleike eta Irabazi aurka –10 boto–. 

Atzo onartutako hitzarmenaren arabera, Gautxori esparrua kontzertazio sistema bidez erabili ahal izango du Mondragon Unibertsitateak, eta hitzarmen honetatik honako konpromisoak hartuko ditu Udalak bere gain:

  • Birpartzelazio proiektua eta urbanizazio proiektua izapidetzea.
  • 1.137.000 euroko ditu ekarpena egitea –gehi dagokion BEZa– hirigintza operazioari dagokion oreka ekonomikoa lortzeko behar den zenbateko gisa. 
  • Legeak eta plangintzak agintzen duenari jarraikiz hartzea nahitaez eta doan laga beharreko lurrak eta ondasuna, bai eta nahitaez eta doan laga beharreko eraikigarritasunaren %15a ere.
  • Obrak egiteko lehen erabilerarako eta dagokion jarduerarekiko dagozkion baimenak ematea. 

[Hitzarmena bere osotasunean irakurtzeko egin klik hemen]. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak