2017ko azaroan eman zuen Gobernuak aditzera Etxaluze eta Musakola bidegorriz lotuko dituen Ekoboulevard proiektuaren baitan, Grupo San Juan auzoari eragingo lioketen neurri sorta.
[Orduko albistea irakurtzeko egin klik hemen]
Gaur, ordea, neurri horiekin duten konpromisoa plazaratzeko agerraldia egin dute. "Berriz aukeratzen bagaituzte, lehentasuna emango diogu proiektu honi" azaldu du Maria Ubarretxenak.
Alfontso X Jakintsua
Lehenik eta behin, Alfontso X Jakintsua Plaza oinezkoentzat bihurtuko litzateke, eta itxita geratuko litzateke trafikoarentzat. Erdian duen berdegunea, pixka bat hondoratuta dagoena, altxatu egingo lukete egun errepidea dagoen maila berera jartzeko, eta Biteriren estatua Biteri kalera –Aldedi pareko belardira– lekualdatuko dute, Arrasate Zientzia Elkarteak eskatu bezala.
"Duela sei hamarkada ez da apenas esku hartze urbanistikorik egin Grupo San Juanen, eta bada garaia hobekuntza batzuk egiteko. Horrez gain, Alfontso X Jakintsua Plaza urbanizatuz gero, komertzialki potentzialitatea berreskuratu dezakeen gune bihurtu daiteke" azaldu du Hirigintza zinegotzi Ibon Arrupek.
Aparkalekuak eta trafikoa
Auzo horretako beste bi aparkalekuak –Ipagirre eta Jose Maria Eguren plazakoak– egoiliarrentzat izatea ere planteatzen dute. Horretarako egoiliarrentzako TAO sistema jarriko lukete, "Uribe auzoan dagoenaren modukoa".
Horrez gain, Zaldibarretik Maalako biribilgunera joatea ahalbidetzen duen errepidea –San Bixente Ferrer kalekoa eta erreka albotik doan pasabidea– itxi egin nahi dituzte trafikoarentzat, oinezkoentzako gune bihurtzeko. "Errekaren bi alboetara dauden guneak egoteko eta pasatzeko gune izatea nahi dugu, eta horietako batean, Etxe-txikien aldean, ur-txorrotadun parke bat jarri nahi dugu".
Azkenik azaldu dute, genero ikuspegitik gune ilun asko dituela Grupo San Juan auzoak, eta hori ere konponduko luketela. "Arkupetan gune ilunak sortzen dira gauez, eta bertako argiteria hobetuko genuke, adibidez". Agerraldia egin ostean, auzorako dituzten proposamenak banatu dituzte auzoko atarteetako postontzietan.