Grupo San Juan birplanteatzera

Xabi Gorostidi 2017ko aza. 2a, 17:14

'Ekoboulevard' proiektuak bidegorri sarea ezarri nahi du Etxaluze eta Zigorrola artean, eta aldaketa sakona ekarriko luke Grupo San Juanen: aparkalekuak egoiliarrentzat izango lirateke eta Alfontso X Jakintsua plazan zirkulazioa kenduko luke. Egitekotan, 2019ko hauteskundeen ostean hasiko lirateke lanak.

2018ko aurrekontu proiektuan 40.000 daude aurreikusita Ekoboulevard egitasmoa diseinatzeko; oinezkoei eta bizikletadunei lehentasuna emateko asmoz diseinatu nahi den proiekturako, alegia.

Argi utzi behar da egitasmo bat dela, oraindik puntuz puntu zehazteke eta definitzeke dagoela, eta, ziurrenik, ez dela legealdi honetan martxan jarriko. "Lanak hasi aurretik TAO sisteman indarrean egon beharko litzateke, beraz, lanak ez liratezke 2019ko hauteskundeak baino lehen hasiko" adierazi du Ibon Arrupe Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun zinegotziak.

"Aurrez egindako Etxaluze-Musakola bidegorri proiektuaren barruan txertatzen da, eta datozen hamar urteetarako Mugikortasun Planaren barruan dago sartuta", azaldu du  Arrupek.

Aldaketak Grupo San Juanen

Bidegorria eta erreka ditu ardatz proiektuak, baina aldaketa nabariak ekarriko lituzke Grupo San Juan aldean. Alfontso X Jakintsua plazan zirkulazioa ezabatzea planteatzen da, eta hango aparkalekuak kendu.

Irudia: Alfontso X Jakintsua plaza oinezkoentzat izatea proposatzen du Ekoboulevard-ek.

Horrez gain, Grupo San Juango beste bi aparkalekuak, Iparragirre plazakoak eta Jose Maria Egurengoak, auzoko egoiliarrentzat izatea aurreikusten da.

"Aparkalekuekin planteatzen den aldaketa Mugikortasun Planean aurreikusten den TAO sistemaren barnean dago sartuta. Auzoko kideek aparkatzeko zailtasunak dituzte aspalditik. Hori konpontzea eta oinezkoentzako espazioak irabaztea da lortu nahi dena".

Bidegorri sarea

Proiektu horren bidez San Andres eta Zigorrola auzoak lotuko dituen bidegorri sarea ezarriko litzateke, herria Oñatirekin, Bergararekin eta Aretxabaletarekin lotuko lukeena. "Etxaluzetik Garibairainoko zatia Kontzezino kaleko errepide albotik egingo luke bidegorriak, ziurrenik, Kontzezinoko espaloiaren eta errepidearen artean", azaldu du Arrupek.

"Garibain, bidegorria Iturbide egoitzaren aldean dagoen autobus geltokitik joango litzateke. Maalarainoko zatia, aldiz, egun autobus eta taxientzat mugatuta dagoen tokitik egingo luke, zati hori oinezkoentzako eta bizikletentzako mugatuz". Maalatik Zigorrolaraino Gipuzkoa etorbidetik jarraituko luke bidegorriak, kale horretan dagoen Udal Biltegiraino.

Garibaiko zatia oinezkoentzat

Irudia: Oinezko bat Garibaiko zebrabidea gurutzatzen, atze aldetik autobusa datorrelarik.

Gaur egun garraio publikoei mugatuta dagoen irudiko zatia oinezkoentzat eta bizikletentzat izatea planteatzen da. Horrez gain, Garibaiko zirkulazioa noranzko bakarrekoa izango litzateke. Autobusak Kontzezinotik sartu eta Biterira joango lirateke, noranzko bakarrean.

Biteriren estatuaren aldaketa

Pedro Biteri izan da Arrasatek izan duen ongile ospetsuenetakoa, eta haren omenezko estatua bat dago Grupo San Juanen, Alfontso X Jakintsua plaza erdian. Arrasate Zientzia Elkartekoen iritziz, Biteriren omenezko estatua ez dago leku aproposean, eta haren izena duen Biteri kalean kokatzeko eskaera egin dute, Zaldibarrera heltzen dagoen belardian, hain zuzen.

Irudia: Pedro Biteriren omenezko estatua Alfontso X Jakintsua plazaren erdian. AZEkoek bere izena duen kaleko belardi baten jartzea eskatu dute, Aldedi dendaren parean hain zuzen.

"Egun dagoen tokian ez da apenas ikusten. Leku irekiagoan jartzea nahiko genuke, jende guztiak ikusteko moduan. Arrasateko ongile handiena izan zen, hark finantzatu zituen Zaldibarko frontoia, Biteri Eskolak, Merkatu Plaza eta Garibai etxea bera, eta leku duinagoa merezi duela uste dugu".

Erreka alboan jendearendako lekuak

Irudia: Erreka alboko bi errepide zatiak oinezkoentzako izango lirateke.

Maalako biribilgunetik Zaldibarrerantz doan erreka zatian ere izango du eragina Ekoboulevard-ek. San Bixente Ferrer eta Mapfre ondoko errepideak oinezkoentzat izatea planteatzen du, erreka alboko pareta kenduta, jendea egoteko espazioak egokituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak