Bost udaltzain postu bete dituzte behin behinean

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 6a, 17:17

Erretiratzeek eta bajek eraginda, Arrasateko Udaltzaingoak giza baliabide falta izan du azken aldian. Hala, behin behinean bost udaltzain postu bete ditu Udal Gobernuak "giza baliabide falta hori ahalik eta azkarren konpontzeko". "Postu horiek beteta, Arrasateko Udaleko udaltzain lanpostu guztiak beteta daude: bost udaltzaineko bost talde, sei udaltzaineko talde bat, udaltzain burua, udaltzain buru ordea eta bi administrari". 

Esan bezala plazak behin-behinean beteko dituzte, plaza horiek behin-betiko betetzeko apirilean aurkeztutako prozesua amaitu arte. Hasiera batean, momentu beharreko estaltzeko Udal lan poltsa berri bat deitzeko asmoaren berri eman zuen Gobernuak, baina Arkautek eta EUDELek duten poltsa bateratura jotzearen alde egin zuten, era horretan "postuak azkarrago" estaliko zituztelako.

Jakina da ere Iñaki Arriaga udaltzainburua aurten erretiratuko dela, baina "agintaldia amaitu arte" postuan jarraituko duela baieztatu dute Udal iturriek.

Hona hemen behin behinean betetako bost postuei buruz Udal Gobernuak bidalitako oharra, bere osotasunean:

"Azken urteotan, udaltzain lanpostuak betetzeko hainbat zailtasun izan direnez, lanpostuak zailtasun horiek ekidinez hornitzeko, 2019 urteko lehen hiru hilabetetan lan eskaintza publikoa egiteko lanpostuen zerrendako atal batzuk berrikustea egoki ikusi zuen udalak. Horiek horrela, dagoeneko beteta daude hutsik zeuden 5 lanpostuak eta postu horiek beteta, Arrasateko Udaleko udaltzain lanpostu guztiak beteta daude, 5 udaltzaineko 5 talde, 6 udaltzaineko talde bat, udaltzain burua eta udaltzain buru ordea eta bi administrari, guztira 35 pertsonak osatzen duten lan taldea.

Arrasateko Udalaren lehentasuna izan da udaltzaingoaren langileriako postuak ahalik eta azkarren betetzea, ulertuta segurtasuna garrantzizko arloa dela. Segurtasun Sailak EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin elkarlanean abian jarritako prozesu bateratuan parte hartu du Arrasateko Udalak, non 270 udaltzain- postu eskaintzen diren, horietatik 45 Arabako 3 udalerritarako dira, 109 Bizkaiko 17 udalerritarako dira eta 116 Gipuzkoako 16 udalerritarako dira.

Prozesuak abian dirau eta bitartean behin behinean bete dira hutsik geratu ziren postuak, Arkauteko Akademiarekin egindako hitzarmenaren baitan, behin betiko agenteek Arkauteko akademian egin beharreko formazioa amaitutakoan beteko dituzte bere lanpostuak behin-betikoz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak