Gaur argitaratu da Arrasaterentzat bost udaltzain postu dakartzan lan eskaintza publikoa

Xabi Gorostidi 2019ko api. 16a, 13:37

Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta EUDELek elkarlanean egindako hirugarren deialdia da, eta guztira 270 udaltzain postu finko hartzen ditu barne. Interesatuek maiatzaren 20ra arte izango dute izen ematea egiteko epea, eta aurreikusten dute ekainean probak hastea, eta azaroan, aldiz, prestakuntzak. 

Hona hemen Udal Gobernutik gaiari buruz igorritako oharra, bere osotasunean:

"Hirugarren deialdi honetan 36 udalerrik hartuko dute parte, Arrasate barne, eta guztira 270 udaltzain-postu eskaintzen dira. Orain arte egin diren hiru deialdi bateratuen artean lanpostu-eskaintza handiena egin duen deialdia da; lehenengo deialdian 12 udalerrik parte hartu zuten eta 75 postu eskaini ziren, eta bigarrenean 26 udalerrik parte hartu zuten eta 232 postu eskaini ziren.

Segurtasun Sailak EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin elkarlanean abian jarritako ekimen honetan 270 udaltzain-postu eskaintzen dira,
horietatik 45 Arabako 3 udalerritarako dira, 109 Bizkaiko 17 udalerritarako dira eta 116 Gipuzkoako 16 udalerritarako dira. Gainera, talde politiko ezberdinetako udalek hartu dute parte, esaterako Laudio, Errenteriak edo Bermeo (EH BILDU); Eibarrek, Lasarte edo Zumarraga ( PSEE-EE) eta Aretxabaleta, Arrasate edo Elgoibar ( EAJ).

Udaltzain-postuak honela banatzen dira udalerrien arabera:

Araban: 1 Amurrion, 5 Laudion, 39 Vitoria-Gasteizen.

Bizkaian: 2 Abanto-Zierbenan, 3 Amorebieta-Etxanon, 20 Barakaldon, 6 Basaurin, 11 Bermeon, 1 Derion, 21 Getxon, 1 Gorlizen, 9 Etxebarrin, 3 Lekeition, 7 Mungian, 2 Ortuellan, 4 Portugaleten, 13 Santurtzin, 2 Sestaon eta 2 Zallan.

 

Gipuzkoan: 1 Aretxabaletan, 5 Arrasaten, 2 Azkoitian, 2 Beasainen, 49 Donostian, 8 Eibarren, 4 Elgoibarren, 7 Errenterian, 13 Irunen, 4 Lasarten, 1 Ordizian, 6 Pasaian, 2 Urretxun, 3 Zarautzen, 1 Zumaian eta 8 Zumarragan.

Udaltzain-postu hauek eskuratu nahi duten eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek, bihartik aurrera eta datorren
maiatzaren 20ra arte, eman ahal izango dute izena Arkauteko akademian.

Aurreikusten da probei ekainean hasiera ematea eta prestakuntza- ikastaroa azaroan hastea. Hautespen-sistema oposizio-lehiaketa librea izango da. Test gisako proba bat egingo da, proba psikotekniko bat gaitasunak ebaluatzeko eta beste bat nortasuna ebaluatzeko. Era berean, proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonal bat egingo dira. Lehiaketaren zatian, berriz, udaltzaingoetan egindako zerbitzuak baloratuko dira. Udaltzaingorako deialdi bateratuen onuren artean aipa daitezke hautespen-profil bera aplikatzea, prozesuen ezaugarriak bateratzea,
hautespen-prozesuen kostua murriztea, hautespen-prozesuan postuak bete gabe gera daitezen saihestea eta irizpide bateratuak aplikatzea".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak