Ramon Ugalde: "Asko gara pentsatzen dugunok Arrasateko Udalean dauden alderdiek ez gaituztela ordezkatzen"

Eneko Azurmendi 2019ko mai. 5a, 07:00

Ramon Ugalde, Monterron parkean.

Ramon Ugalde Gorostiza (1958, Arrasate) Arrasate Aurrera! plataformako alkategaia da. Erretiratuta dago, baina 38 urtez Geografia eta Historiako irakaslea izan da EAEko hainbat institututan: Gasteizen, Ordizian eta azkeneko 25ak Arrasateko Institutuan. Politika instituzionalean inoiz ez da aritu, baina "betidanik" izan ditu "kezka politikoak". Bi seme-alaba ditu.

Zeinek eta zela konbentzitu zintuen zerrendan joateko? Asko kosta zitzaizun erabakia hartzea?

Udal hauteskundeetarako zerrenda independente bat egitea eta aurkezteko erabakia lagun gutxi batzuena izan da eta, egia esan, gehiegi pentsatu gabe egin dugu. Baina Arrasateko Udalaren urteetako politika ikusi ondoren, konturatu ginen jende askok bat egiten zuela guk egiten genuen diagnostikoarekin. Eta azkenean, aurrera egitea erabaki genuen. Zergatik ez eraman udalera jende guzti horren kezkak eta ikuspuntuak? Eta proiektu hau gauzatzen hasi ginenean berehala konturatu ginen jendea ilusionatzen hasi zela ekimen honekin, gutxien espero genuen esparruetatik, gainera. Batek izen bat proposatzen zuen, beste batek beste bat, honek ideia bat, urliak beste bat … Horrela erabaki genuen hautagaitzari Arrasate Aurrera! deitzea. Asko gara pentsatzen dugunok Arrasateko Udalean dauden alderdiek ez gaituztela ordezkatzen eta halaber ikusten dugu herria gainbehera prozesu batean erortzeko arriskuan dagoela. Ideia berriekin funtzionatzeko proposamen berriekin gatoz, gure helburua ekarpen positiboak egitea da, Arrasatek aurrera egin dezan.

Zer da zure herritik gehien gustatzen zaizuna?

Arrasatetik gehien gustatzen zaidana errebeldia grina da, oraindik zorionez bizirik dagoena, nahiz eta batzuk saiatu espiritu hori itzaltzen edo desbideratzen.

Herriko txoko gustukoena?

Asko dira Arrasaten gustuko ditudan txokoak, baina leku bat aukeratu behar banu, Etxeburutik Bedoñara doan tartea aukeratuko nuke.

Ze proiektu zehatz egin nahiko zenuke zure herrian, alkate izango bazina edo erabakiak hartzeko aukerarik izango bazenu?

 Lehenik, Erguin eta Olarango (Malbinak) etxeetako lotura arazoak konpontzeko igogailu inklinatu bat, Zarugalde kaletik (Kalealdea hasieran) Larragain kaleraino. Hiru geldiunerekin: lehena Usaetxe Plazaren kotan, airezko pasabide baten bitartez, Jubilatuen tabernako espaloiarekin konektatzeko. Bigarrena, oinezkoen Gernika Pasealekuan eta hirugarrena, Larragain kalearen kotan. Bigarrenik, San Andresko Gudarien Plaza oinezkoendako egin, arkupeak edertu, eta elkarbizitza gune atsegin bat sortu bertan. Gero, Santa Barbara kirolerako eta aisialdirako egokitu eta rokodromo bat egin Parkegain Etxe azpiko aterpean (Portxe luzean). Bestalde, Santa Marina eta Obenerrekako irisgarritasuna hobetzeko, airezko pasabide etzanak eraiki oraingo gorabeherak ekiditeko –ahalik eta horizontalenak–. Horrez gain, aparkaleku arazoak konpontzeko, Biteri eta Roneoko aparkalekuetan Ferixalekuko aparkalekuan dagoen sistema ezarri eta, bide batez, aprobetxatu oinezkoendako lekuak gehitzeko. Azkenik, San Andresen edo Iturripen kiroldegi txiki bat eskubaloia eta areto futbola praktikatzeko, bide batez beste ekintza batzuetarako erabili daitekeena: eskolako ospakizunak edota ekimen desberdinak.

Alkate izango bazina egingo zenituzkeen lehen hiru gauzak?

Lehenik eta behin, nire soldata jaitsi. Bigarrenik, arau absurdoen zerrenda egin eta prozesu bat abian jarri neurri horiek kentzeko. Azkenik, bizilagunak defendatzeko figura sortu.

Zure herria hobetzeko hiru neurri.

Eraikinaren Ikuskaritza teknikoaren gaineko zerga kendu edo nabarmenki murriztu; auzolana berreskuratu eta egiten dena balioan jarri –adibidez, kirol askotako monitoreen doaneko lana– eta euren lanaren parte bat herriko komertzioetan erosteko bonuekin ordaindu, eta isunak lan komunitarioarekin ordaintzeko aukera eman.

Nola azalduko zenioke Arrasate kanpoko bati?

Galdera interesgarria benetan. Gure esku badago, berehala kenduko dugu Arrasateko Udaleko web orrian dagoen Arrasateko aurkezpena. Arrasate modu askotan aurkeztu daiteke, historiaren ikuspuntutik, modu geografikoan, hirigintzaren aldetik… Baina gure asmoa da idazte lehiaketa bat zabaltzea herritarren artean, oso idazle onak daude, bai euskaraz eta bai erdaraz, bertsolariak ere bai, eta proposamen guztien artean hoberena aukeratu. Bestalde gure herrian badaude beste hizkuntza batzuk menperatzen dituztenak: ingelesa, frantsesa, alemana, errusiera, bulgariera, japoniera, arabiera, urduera … eta hizkuntza horietara itzuli. Horrek Arrasate mapa globalean kokatzen lagunduko luke. Ziur gaude proposamen interesgarriekin aurkezten garela herritarren aurrean, eta Arrasateko herriak jakingo duela baloratzen gure ahalegina. Arrasate denona da eta ziur gaude mondragoetarrek daukaten onena emateko gai izango direla. Imajinatu Arrasate hobe bat, politagoa, ederragoa, funtzionalagoa, batuagoa eta hasi gaitezen lanean. Erabakia gure esku dago.

Zure alderdiak non, zein alorretan, eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?

Arrasate Aurrera! ez da alderdi politiko bat, bizilagun batzuek sortutako plataforma bat baizik, eta bereziki ondoko alorretan azpimarratuko du bere jarduna: hirigintzan, irisgarritasuna, mugikortasuna elkarbizitzarako espazioak, estetika eta patrimonioaren defentsa; herritarren parte hartzea gehitzeko neurriak; herritarrekiko tratu humanoa bermatzen saiatuko gara eta tratu txar instituzionalen gaineko txosten bat egiteko asmoa daukagu; aurrekoarekin lotuta, jarrera autoritarioak eta arbitrarioak zuzentzen gure esku dagoen guztia egingo dugu; herritarrei ahalik eta informazio gehien eta modu ulergarrian ematen saiatuko gara; gastuaren kontrola, obretan gastatzen den dirua hobeto neurtu behar da, Aprendizesen egiten ari diren diru xahutzea ezin da errepikatu, oso kritikoak gara kiroldegi berriaren aurrekontu faraonikoarekin; materialen birziklatzeari dagokionez,  ondarearen defentsari garrantzi berezia eman nahi diogu. Zer pasatu da Adan de Yarza jauregiari halako nortasun berezia ematen zion burdinazko hesiarekin. Non dago Etxezarretako harrizko zubi dotorea? Elma eraikin dotorea ere balioan jarri behar dugu… Guretako mondragoetar guztiak berdinak dira.

Euskarari lehentasuna ematen diozue? Sustatuko duzue?

Euskarari garrantzia ematen diogu. Gure zerrendan aurreneko lauak elebidunak gara. Guztira 13 elebidunak gara eta zortzi erdaldunak. Gure programan Arrasateko identitatearen defentsa daukagu eta, beraz, euskara berreskuratzeko eta erabilera gehitzeko AED eta Txatxilipurdiren lana oso ondo ikusten dugu. Bestalde, askotan udalak egiten dituen euskarazko komunikazioak ez dira ulergarriak, hori hobetzeko ahalegintxo bat egin beharko dugu. BAZ bera gaizki esanda dago. Gure proposamena da siglak mantendu eta esanahia aldatzea: Biztanleen Arreta Zerbitzua barik, Bizilagunak Artatzeko Zerbitzua. Bere garaian gutun baten bitartez azaldu nuen baina ez zidaten inolako kasurik egin: arreta jartzea edo artatuta egotea ez da gauza bera. Erdaraz ere ez da gauza bera, atento eta atendido. Arrasateko euskal identitatea sendotzeko, XVIII. mendeko antzerki obra bat daukagu. Actto para la Nochebuena. Antzerki lan hori kaleko ikuskizuna bihurtzeko proposamena egingo diegu Arrasateko talde kulturalei: dantza taldeei, abesbatzei, arte martzialetako klubei, gimnasia erritmikokoei, diseinatzaileei. Azken proposamentxo bat. Zerrajerako erlojua martxan ipini eta karilloi bat egokitu, RIPen Mondra-Mondra edo Errementari Dantzaren konpasekin, ordu jakin batzuetan noski, mondragoetarrok alaituko gaituena.


Ingurumenari garrantzia ematen diozue?

Oraindik etxe askotako ur zikinak errekara doaz zuzenean, eta arazo hori konpondu egin behar da, eta ur zikin horiek saneamendu sarera bideratu. Bestalde, herriko lorategietan dauzkagun landareak eta zuhaitzak ondo zaindu behar ditugu, izurriteak eta gaixotasunak identifikatu eta sendatzeko neurriak hartu. Inausketa “zakarrak” ahal bada ekidin. Berdeguneak eta kaleak txakurren “kaka-lekuak” ez daitezen izan neurriak hartuko ditugu; erreka bazterrak maizago garbitu; edukiontzien diseinua eta kokapena aztertu eta hobetzeko neurriak hartu; plan bat egin daiteke herrian batzen diren kartoiak, fruta kaxak, inausketa hondakinak… peletak egiteko; plan bat egin beharko da udalak egingo dituen obretan sortzen diren soberakinak berrerabiltzeko.

Mugikortasuna nola landuko duzue?

Ikusten denez, mugikortasuna eta irisgarritasuna oso garrantzitsuak dira guretzat. Auzoak erdigunearekin modu egokian lotzeko proposamen interesgarriak egin ditugu. Mugikortasun murritzeko pertsonei leku gehiagoetara iristeko aukera eman behar zaie, eta hau denontzako da positiboa. Igogailuak, espaloiak, pasabideak hori bermatzeko moduan diseinatu behar dira, koska ahalik eta gutxienekin, eta ibilbide ahalik eta etzanekin. Zebrabide inteligenteak, ondo argiztaturiko zebrabideak, kotxeen abiadura murrizteko mekanismoak… Horrelako neurriekin posible da Arrasate funtzionalago eta atseginago bat lortzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak