Txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan du Ointxe-Araskik

Eneko Azurmendi 2019ko api. 28a, 14:55

Merezimendu osoz irabazi du Easo Slam! Gigantes taldeak Lauko Finala (46-61), eta Euskadiko txapeldun berriak dira donostiarrak, kadete mailan. Bigarren laurdenean hiruko marratik izandako eraginkortasunaren ondorioz, alde handia zabaldu dute markagailuan, eta etxekoak ezinean ibili dira hortik aurrera.

Lehenengo laurdenean parekatuta egon da norgehiagoka, eta etxekoak bi punturen aldea lortu dute laurden honen bukaeran (15-13). Hala ere, donostiarrak hiruko jaurtiketak bata bestearen atzetik sartzen hasi dira, eta bigarren laurdenean hautsi egin dute partidua. Alex Susorenek ezin izan dute erreakzionatu, eta atsedenaldira hamar puntuko aldearekin joan da Jon Ormazabalek zuzentzen duen taldea (28-38). 

Bigarren zatian ez dira gauzak aldatu. Hirugarren laurdenean donostiarrek zonakako defentsa ezarri dute, eta Ointxe-Araskik erabat blokeatuta zirudien, defentsa horretan zirrikiturik aurkitu ezinik –esanguratsua da hirugarren laurdenean bi puntu baino ez dituela saskiratu etxeko taldeak–. Ormazabalenek saskira begira eraginkor jarraitu dute, eta apurka-apurka aldea handituz joan da. Hirugarren laurdenaren amaieran, 30-49 zioen markagailuak, eta laugarrenaren hasieran, aldea handiagoa ere izan da –32-54–. 

Bukaeran, markagailua zertxobait txukuntzea lortu dute Susorenek, baina bukaerako emaitzak argi utzi du nor nagusitu den gaurkoan Iturripen (46-61). 

Valentziara begira

Gaurkoan irabazi ez arren, taldeak egindakoaz harro azaldu da Alex Suso entrenatzailea. "Jokalariek uste dutena baino gehiago lortu du talde honek. Iturripe goraino beteta, hainbeste jende etortzea animatzera, liga osoan bostpasei partidu bakarrik galtzea, eta gaur txapeldunorde izatea harro egoteko modukoa da", dio.

Oraindik ez da denboraldia amaitu, ordea, eta Espainiako txapelketa dute hiru aste barru Valentzian –maiatzaren 18an eta 19an–. Nerea Kabue jokalaria gogotsu azaldu da hitzordu horretarako. "Orain ondo entrenatzea dagokigu, eta ea zer egiteko gai garen. Lehiatzea eta ondo pasatzea izango dira bi helburu nagusiak, eta ahalik eta emaitza txukunena lortzea", azaldu du.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak