Biharko finalean izango da Ointxe-Araski

Eneko Azurmendi 2019ko api. 27a, 14:07

67-62 hartu du mendean Asador Gibajas taldea, bukatu berri den finalaurrekoan, eta Easo Slam! Gigantes izango du aurkari finalean. Izan ere, beste finalaurrekoan, donostiarrak nagusitu dira, Gernikaren aurka (61-58). 

Partidu hasiera parekatu baten ostean, abantaila polita hartu du Alex Susok zuzentzen duen taldeak, eta lehenengo laurdenaren amaieran 26-15 zioen markagailuak. Eroso zegoen Ointxe-Araski, eta partidua erraz irabaziko zuela zirudien. Hala ere, Asador Gibajasek ez du amore eman. Gogor defenditzen jarraitu dute, eta erasoan asmatzen hasi dira. Hori dela eta, markagailuan gerturatzea lortu dute kanpotarrek, eta sei puntuko aldea zegoen atsedenaldian (41-35).

Bigarren zatian kanpotarrek dinamika berean jarraitu dute, eta estu hartu dute etxeko taldea. Hirugarren laurdenean nahastuta zirudien Ointxe-Araskik, erasoan asmatu ezinik eta atzean sendotasun barik. Horren ondorioz, partidua berdintzea ere lortu du Asador Gibajas taldeak. Orduan izan da etxeko taldea suspertu den unea, eta berriz ere lehenengo laurdeneko jokoa egiten hasi da –54-50 hirugarren laurdenaren amaieran–. Laugarren eta azken laurdenean joko horri eutsi diote etxekoek, eta amaieran bost puntuko aldearekin menderatu dute talde gasteiztarra (67-62).

Protagonisten hitzak

"Talde honen kontra jokatu ditugun partidu guztiak oso borrokatuak izan dira, eta gaurkoa ere zaila izan da. Lehen laurdenean 15 puntuko abantaila lortu dugu, baina bagenekien haiek partiduan sartuko zirela berriz, eta atsedenaldian partidua parekatuta egongo zela. Bigarren zatian parekatuta egon da partidua, eta azkenengo laurdenean, ondo jokatuta, garaipena lortu dugu", adierazi du Alex Suso entrenatzaileak. Biharko finalera begira, "gaurko akatsak zuzentzen" ahaleginduko direla nabarmendu du Susok. Hirugarren laurden bukaerako susperraldia Iturriperi esker izan dela ere azpimarratu du. "Iturripe beteta egon da eta jendearen animoek asko lagundu diete jokalariei. Eskerrak eman behar dizkiegu hurbildu diren guztiei. Izan ere, guztion artean, zerbait polita egitea lortu dugu", dio.

Maren Vazquez taldeko kapitaina ere pozik azaldu da garaipenarekin, eta finalera begira jarri da dagoeneko. "Bagenekien partidu zaila izango zela, eta hala izan da. Biharko partidua ere gogorra izango da, Easo talde indartsua delako. Hala ere, saiatuko gara irabazten", azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak