Ekain Zubizarreta: "Berriro egingo nuke egin genuen presoen aldeko lana"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko api. 19a, 07:00

Ekain Zubizarreta mondragoetarra presoen eskubideen alde lan egitearren atxilotu zuten 2013an. Irailean epaituko dute, beste 46 pertsonarekin batera. Herrira kolektiboan ziharduen lanean.

Zer leporatzen dizute?

ETAko kide izatea eta terrorismoa goratzea. 13 urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatzen du fiskalak. Bost urte erdi pasa dira atxilotu gintuztenetik. Ordutik gaude baldintzapeko askatasunean, hamabostean behin epaitegian aurkezten eta Estatutik ateratzea galarazita.

Zer egin duzue zuk zeuk eta zeu bezala epaituko dituzten besteek, zehazki?

Preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu, herrietako dinamikak bultzatu, eragile ezberdinekin harremanak izan… Hau da, herrigintzako lan normala.

Lasai zaude?

Kezka apur bat badaukat. Kartzela-zigor eskaera handia da, edozein larritzeko modukoa da. Ingurukoendako ere egoera ez da samurra. Atxilotu gintuztenetik, bakoitzak egin du bere ibilbidea… 50 seme-alabatik gora izan ditugu… Baina, bestetik, lasai nago. Egin genuen lana berriro egingo nuke, publikoa izan da…

Atxilotu zintuzteneko ze oroitzapen duzu?

Atxilotu aurreko egunak nahiko itogarriak izan ziren, jazarpen handia pairatu genuen, auto asko atzetik… Atxiloketa modu zelebrean izan zen. Etxeko hondakinak ateratzera jaitsi nintzen etxeko zapatiletan eta atxilotu egin ninduten kalean. Intxaurrondora eroan ninduten; handik Madrilera... Egoera penagarriak pasa genituen. Txanponaren beste aldean, elkartasun adierazpenak asko izan ziren.

ETAk jardun armatua behin betiko amaitu zuen, desegin ere egin zen, baina makroepaiketek jarraitu egiten dute.

Bake egoeran, bizikidetzaren aldeko hainbat urrats egiten… logika baten testuinguruan egin dugu lan. Baina ikusten dugu inboluzio edo erregresio bat eskubideei dagokienez. Gizartearen gehiengoak gura du bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna, baina gaur egun oraindik ere presoen eta iheslarien egoerak oso makurra izaten jarraitzen du: sakabanaketa, isolamendua, gaixo larriak kartzelan… Jendearen konpromisoa beharrezkoa da egoera horri aurre egiteko.

Nola egingo diozue aurre epaiketa honi?

Hiru hilabetez egon beharko dugu Madrilen; gastu handiak sortuko ditu. Laster zehaztu eta aditzera emango ditugu laguntza moduak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak