Inoizko lasterketarik bizkorrena egin dute Asier Larruzeak eta Oihana Azkorbebeitiak Arrasaten

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko api. 14a, 15:04

Asier Larruzea eta Oihana Azkorbebeitia izan dira azkarrenak Arrasate Udalatx mendi lasterketan –21 kilometro–. Gainera, biek aurretik ezarritako errekorrak hautsi dituzte. Arrasatear onenak Aritz Kortabarria eta Ane Zabala izan dira.

Eguraldiak eta ibilbidearen egonera onak lagunduta inoizko lasterketa bizkorrena egin dute gaur Asier Larruzeak eta Oihana Azkorbebeitiak. Arrasate Udalatx mendi lasterketako 21 kilometroak egiteko 1.47.37ko denbora behar izan du Larruzea gueñestarrak; eta, Abadiñoko Azkorbebeitia lasterkariak, aldiz, 2.11.06ko denbora.

Biek ala biek orain arte ezarritako errekorrak hautsi dituzte Arrasateko helmugan. Hasieratik jarri dira lasterketaren buruan bi korrikalariak; eta, ibilbide guztian zehar postu hori mantendu besterik ez dute egin.

Joseba Iglesias saria ere, poltsikora

Podiumaren gorenera igotzeaz gain, beste sari bat ere jaso dute gaurkoan Larruzeak eta Azkorbebeitiak. Joseba Iglesias saria irabazi dute, Udala eta Udalatx arteko ibilbide azkarrenaren saria. Larruzeak 22 minutu eta 25 segundo behar izan ditu, eta Azkorbebeitiak 26 minutu eta 15 segundo.

Emakumezkoen podiuma

Esan bezala, emakumezkoetan Azkorbebeitia izan da nagusi ibilbide guztian zehar: "Korrika asko egin daitekeen lasterketa da; nik nire erritmoa hartzen dut eta nirera joaten naiz", azaldu du helmuga puntuan irabazleak. Ibilbidea oso egoera onean zegoela nabarmendu du, eta aukeran, "bero" egin duela gaineratu du.

Azkorbebeitiarekin batera podiumera igo dira: bigarren tokian Ane Zabala arrasatearra –2.19.08– eta hirugarren tokian Ainara Uribarri oñatiarra –2.20.28–.

Arrasatearrak, gainera, lehenengo beteranoaren saria eta arrasatear onenaren saria irabazi ditu. "Oso pozik nago egindako lasterketarekin. Ez nuen espero bigarren egitea, baina oso ondo sentitu naiz. Gainera, jende mordoa egon da ikusten eta giroa aparta izan da", azaldu du Zabalak.

Gizonezkoen podiuma

Larruzeak lehenengo aldiz egin du Arrasateko proba, eta lehenengoan txapela poltsikoratu du: "Nire gusturako hasiera bizkorregia izan da, baina gerora nire erritmoa hartu dut eta gustura joan naiz. Pozik nago egindako lanarekin", esan du Arrasateko plazan irabazleak. Udalara Hassanekin batera iritsi dela azaldu du eta hortik gora egin duela aurrera: "Udalaitzetik behera nentorrela ez nuen inor ikusten atzean", dio. Horrez gain, gueñestarrak lasterketaren ibilbidea bera, egon den giroa eta antolakuntza nabarmendu ditu.

Bigarrena eta hirugarren batera iritsi dira helmugara: Ait Chaouk eta Letamendik 1.51.30eko denbora egin dute helmugan. Ait Chaou lehenengo aldiz izan da Arrasaten: "Oso oso polita iruditu zait lasterketa", azaldu du. Letamendik, aldiz, ezagutzen zuen ibilbidea: "Indarrak neurtu egin ditut goranzko zatian, izan ere Udalaitzetik behera korrika egiteko leku asko daude".

Gizonezko beterano onena Elorrioko Javier Irazabal izan da –2.08.20– eta arrasatear onenaren saria Aritz Kortabarriak irabazi du –1.54.40–. Laugarren egin du Kortabarriak sailkapen orokorrean: "Niretzako Anporretarainoko zatian lar agudo joan gara", azaldu du, eta gehitu du: "Urtean urtean hor egotea ez da gutxi".

Antolatzaileek, balorazio ona

Mondraitz elkarteko presidente Eneko Urrizalkik "balorazio oso ona" egin du. "Egun berezia izan arren, jende asko joan da mendira lasterketa ikustera, eta dena ondo joan da. Ibilbidea ere oso ondo zegoen, eta horren adibide da bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere errekorrak hautsi direla", azaldu du. Eskertu gura izan ditu lasterketan zehar laguntzen ibili diren boluntarioak, babesleak, laguntzaileak eta baita ikusleak ere.

Sailkapena hemen ikus daiteke.

Erlazionatuak

Arrasate Udalatx lasterketako argazkiak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019 api 14 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak