Irailaren 16an hasiko da Ekain Zubizarretaren eta beste 46 lagunen aurkako epaiketa

Xabi Gorostidi 2019ko api. 11a, 18:21
Ekain Zubizarreta. Irudia (Twitter).

Madrilgo Audientzia Nazionalean epaituko dituzte, "presoen alde lan egitea" egotzita. Jardun hauetan aritzeagatik auzipetu zituen Eloy Velasco epaileak, 2016ko apirileko 11/2013 sumarioan: Herrira mugimenduan ibiltzegatik –talde horretan sartzen dute Zubizarreta–, Jaiki Adi eta Etxerat elkarteetakoak izateagatik, EPPK-ko Bitartekariak Taldean aritzeagatik eta euskal presoen abokatu izateagatik.

"ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, 47 lagun epaitzen hasiko dira irailaren 16an, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuek oharrean azaltzen dutenez, baliteke epaiketak hiru hilabete irautea. Fiskalak zortzi eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatzen ditu –Ekain Zubizarretaren kasuan 13,5 urte–. Guztira 601 urte izango lirateke, eta horrez gain, 117.600 euro isunetan ere eskatzen ditu.

Auzipetuek ohar bidez salatu dutenez "euren printzipio etikoei eta politikoei lotuta egoteagatik" auzipetzen dituzte. "Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea. Hau izan da gure lana, eta hau da epaitzera doazena".

Horrez gain, epaiketaren "bidegabekeria salatuko" dutela iragarri dute: "Epaiketaren bezperetan gauden honetan, aurreratu nahi dugu ez garela geldirik egongo. Epaiketa honen bidegabekeria salatuko dugu, behar den lekuan eta behar den guztietan. Bide hau beste herritarrekin batera egin nahi dugu, herritarrak garelako egoera aldatu eta justiziarako bidea egiteko bermerik eraginkorrena. Etorkizun berri batean sinesten dugu, justizian, inolako indarkeriarik gabe eta bakean bizi den Euskal Herri bat nahi dugu. Egia, enpatia eta zubigintzaren bidez, gure eskuak eta gogoak prest daude bide hori egiteko".

Zubizarreta, 2013an atxilotua

Eloy Velasco epailearen aginduz 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuten Ekain Zubizarreta, beste 18 lagunekin batera, Guardia Zibilak Herrira euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren kontra burututako operazioan. Madrilera eraman zuten Tres Cantosera, eta epailearen aurrean deklaratu ostean libre utzi zuten urriaren 3an "fiskalak ez duelako ezer eskatu beraren kontra".

Zubizarreta, 2013ko urriaren 3an, aske geratu ostean. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak